GARA

Landa: «Haurren espiritu kritikoa sustatzea proposatzen dut»

Mariasun Landak Berdintasunaren aldeko 2023ko Emakunde Saria jaso du. Filosofiako lizentzia lortu zuen Parisen, 1973an, eta geroago Filosofia eta Letretakoa Valentziako Unibertsitatean. Literaturaren Didaktikako irakasle titular gisa jardun du EHUn, eta horrekin batera literatura-sorkuntzan aritu da, euskarazko haur eta gazte literaturan batez ere ibilbide oparoa izan duelarik. Pentsaera eta irizpide feministak izan ditu ardatz bai irakasle lanean bai idazle gisa. Emakunde aldizkarirako elkarrizketa egin diote Landari.

«Neurri-neurriko eskularru bat jantziko banu bezala»; horrela sentitzen da Landa Emakunde Saria jaso duen honetan. Azaldu duenez, beste sari batzuk ere jaso izanak sentimendu anbiguoak pizten dizkio aitortza berriarekiko. Batetik, duda dauka ea merezi ote duen; bestetik, «itzelezko atsegina» sentitzen du.

Mezu klasistak edo berdinzaleak izatetik urruti daudenak zabaltzen dituzte haur eta gazte literaturako klasiko askok, eta horiek egokitu eta berridaztearen alde egiten ari dira hainbat sektore. Landa, ordea, joera horren aurkakoa da: «Testua ez da ez aldatu, ez egokitu behar». Adierazpen askatasuna urratzea deritzo horri eta bestelakoa da bere ikuspuntua: «Hori egin beharrean, haurren espiritu kritikoa sustatzea proposatzen dut».