GARA Euskal Herriko egunkaria

Aldatzen ez, dibertsifikatzen ari da ezker subiranistaren hauteslea


Independentista izaten jarraitzen du EH Bilduren hautesleriaren gehiengoak. Zehazki, lurralde antolakuntzari buruz galdetuta, %54,9k autonomia erkidegoei estatu independente bilakatzeko aukera onartzen duen Estatuaren alde egiten du. EAJren kasuan, %19,2k baino ez du aukera hori babesten. Baina EH Bilduren alde ez dute independentistek bakarrik bozkatzen; profila aldatzen doa, edo aldatzen baino, dibertsifikatzen. Aztikerren inkestaren arabera, ezker subiranistaren hautesleen %23,1ek eskumen gehiagoko autonomia erkidegoa du helburu, eta %12,1ek, egungo eskumenak dituen autonomia erkidegoa.

Alegia, EH Bilduren hautesleen heren batek ez du independentzia jomugan, behintzat, ez oraintxe bertan.

EAEko populazio osoa aintzat hartuta, ia bi heren kokatzen da oraingo egoeraren (%28,8) eta eskumen gehiago lortzearen aukeraren (30,7%) artean. Independentziak zalantzak sortzen dituen garai batean, logikoa dirudi EH Bilduren hazkundea bi poltsa horietatik etortzea; hor dago jokoan hegemonia elektorala.

Bi aukera horietan dauzkate hautesle gehienak egungo Gobernuko kideek. EAJko %46,8k autonomia gehiagoko erkidegoa nahi du, eta %26,1 eroso dago egungo egoerarekin. PSEren kasuan, erantzunak alderantzizkoak dira: %42k ez du gaurko eskema aldatu nahi, baina %32,1ek autonomia gehiago nahi luke. Gainera, %8 batek erabakitzeko eskubidea babesten du. Beste modu batera esanda, PSEko %40k egungo egoera gainditu nahi du, izan autonomia gehiago lortzeko, izan erabakitzeko gaitasuna onartzeko.

SUMAR, ALDAKETAREN ALDE

Estatu espainoleko azken hauteskundeetan Sumar bozkatu zuten hiritarrak EAJkoak eta PSEkoak baino askoz eraldatzaileago aurkezten dute euren burua, baita lurralde antolakuntzaren aferan ere. Soilik %20k jarraitu nahi du egungo autonomiekin. %46k eskumen gehiagoko erkidego bat defendatzen du, eta laurden batek baino gehiagok (%26) babesten du erabakitzeko eskubidea bermatuko lukeen Estatu eredua. Gehiago dira aukera honen alde ezker konfederalean, EAJn baino.

Bukatzeko, bi hitz eskuin espainolisten inguruan, merezi baitu ñabardura bat gogoratzeak: PPko eta Voxeko hautesleak ez dira igualak, ez behintzat EAEn. Javier de Andresen alderdiaren babesleen ia bi herenek (%63) egungo sistema autonomikoa defendatzen dute, %22,2k eskumen gutxiagoko autonomiak nahi ditu, eta bakarrik %7,4k deuseztatuko lituzke autonomia erkidegoak.

Eskuin muturreko hautesleen artean, ordea, %28,6k bakarrik mantendu nahi du egungo egoera. Beste %28,6k eskumenak murriztuko lituzke, eta %21,4k, ezabatu.

FITXA TEKNIKOA

Modu mistoan (online eta telefono bidez) egindako 1.800 elkarrizketa egin dituzte (600, herrialdeko).

Akats tartea %2,4koa da EAE guztiarentzat, eta %4koa herrialdeka %95,5eko konfiantza mailarako eta p=q=%50. Landa lana abenduaren 7aren eta 20aren artean egin zen.