EDITORIALA

Gainbeherarekin hausteko joera nabarmena da

Oraingoz ezin da jakin Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeak noiz izango diren. Data hori jartzea Iñigo Urkullu lehendakariaren eskumena da -egia ote da bere alderdiak ez dakiela ezer?-. Edonola ere, aurreko hauteskundeek iradoki duten ziklo aldaketaren ondorioz, inkestekiko interes handia dago. GARAk gaur argitara dakarren boto eta eserlekuen estimazioaren arabera, EH Bilduk irabaz dezake datozen hauteskundeetan. Gainera, Aztikerren inkestak azaltzen duenez, gero eta jende gehiagok uste du posible dela hurrengo lehendakaria Pello Otxandiano izatea. Oro har, datu horiek bat datoz Ikerfelek Vocento Taldearentzat egindako inkestaren zenbakiekin. EH Bilduren goranzko joerari dagokionez, biak ala biak bat datoz baita EiTB Focus inkestarekin ere, nahiz eta azken honek EAJren gainbehera moteltzen duen eta Imanol Pradalesi abantaila txiki bat ematen dion.

Soziologoek beraiek inkesten mugak azpimarratzeko ohitura dute. Hasteko, une jakin bateko iritzi egoera islatzen dutela gogorarazten dute. Aldi berean, ondo egindako inkestek joerak antzematen dituztela ere adierazten dute. Joera horiek kontuan hartuta, asmatu daiteke agenda markatzen, diskurtsoak egokitzen, eztabaidak abiatzen edo saihesten, balio batzuk edo besteak nabarmentzen, eta abar. Gaur egun, gainera, zundaketek preskripzio gisa funtzionatzen dute. Gertatzen denaz bezainbeste aritzen dira gertatzea nahi dutenaz. Zentzu honetan, inkestek iritzi egoerak bultza ditzakete, emozioak ekualizatu ditzakete eta konbikzioak indartu ditzakete.

Hauteskunde garaian gauza zailenetako bat aldaketarako itxaropenak sortzea da. Hori lortu ondoren, alderdien zuzendaritzetan antsietateak eta nerbioak pizten dira. «Orain itxaropen horiek bete behar dira!», diote. Jakina, aukera berriak kudeatu egin behar dira, baina askoz okerragoa da aldaketarako ilusio hori sortzeko gai ez izatea. Gainera, egunotako inkesten bilduma aztertuta, gertatzen dena gertatzen dela, badirudi euskal politika fase berri batean sartzera doala, agindu demokratiko berriekin eta beste aliantza batzuetarako aukerarekin. Endekapenarekin haustea beti da positiboa.