Iraitz MATEO
DONOSTIA
Entrevista
ANE Alava ARTUCH
Ernai gazte antolakundeko bozeramailea

«Testuingurua ez da ona, eta horrek eraman gaitu kalera, aldaketa nahira»

Krisia besterik ezagutu ez duen belaunaldikoa da Ane Alava Artuch (Antsoain, 2000), Ernaiko bozeramailea. Munduari, Euskal Herriari zein gazteen egoera psikosozialari begiratuz gero, ez da garai onena, baina ezinegon hori borrokarako tresna bilakatzean datza eraldaketa, Alavaren ustez.

(Jon URBE | FOKU)

Nola irakurtzen du Ernaik mundua? Eta Euskal Herria?

Mundua momentu honetan ez dago batere egonkor. Krisi klimatikoaren auzia orain dela pare bat urte mahai gainean ezarri zen eta hori markatzen ari da mundu mailako politika. Gerrek ere pisu handia dute, eta horrek guztiak gure herrian eragin bat du. Erronka berriak irekitzen ari zaizkigu parez pare, eta Euskal Herria prest dago horiei erantzuteko. Horren adierazle dira azken hilabeteetako mobilizazio sozialak. Palestinaren aldeko mobilizazio ikaragarriak ikusi ditugu, erronka ekologistari aurre egiteko “Jauzi” dinamika ere martxan dago. Bestelako erronka propioei ere erantzuten ari gara, izan euskararen afera, izan nazio auzia. Herri bat martxan dago, eta badago horiei guztiei erantzuteko nahia duen herri bat.

Testuinguru horretan, nola dago euskal gazteria?

Euskal gazteria aipaturiko mobilizazio guztietan paper bat jokatzen ari da; motor bat izaten ari gara. Prest gaude eta kalean gaude. Baina, egia esanda, ez gaude ongi. Ernaik hori azaldu izan du dinamika ezberdinetan. Arreta berezia jarri nahi dugu osasun mentalean, gazteriaren 2023ko “Osasuna eta ongizatea” barometroan atera diren datuak kezkagarriak direlako. 2019. urtean, esaterako, gazteriaren %80ak baino gehiagok ongi bizitzearen pertzepzioa zeukan; gaur egun, aldiz, ez da %50era iristen pertzepzio hori. Lehenengo aldiz, suizidioan noizbait pentsatu duten gazteak gehiago dira pentsatu ez dutenak baino. Datuak larritzekoak dira, eta ez soilik gazteriari begira. Gizarte osoak hartu behar luke gazte politiken ardura. Ez gaude ongi, baina kalean gaude eta gauzak aldatzeko nahiarekin.

Dinamika bat aurkeztu berri duzue osasun mentalaz.

Pandemian mahai gainean ezarri zen afera da gazteen osasun mentalaren okertzea, baina ez da zerbait koiunturala edo pandemiarekin sortutakoa. Gaixotasun psikosozialak iceberg baten punta dira, eta, beraz, bi planotan interpelazioak egiten dizkiogu Lakuari eta Nafarroako Gobernuari. Alde batetik, osasun mentalari dagozkion arreta zerbitzuak hobetzeko inbertsioa eta zerbitzu publikoak indartzeko. Eta, bestetik, arrazoiaren errora jo eta aurre egiteko politikak egin ditzaten. Gaixotasun psikosozialak lotuta daude espektatibak irudikatu ezinarekin. Ez dugu etorkizuna irudikatzerik eta horrek ezinegona sortzen digu. Ez dugu etorkizuna irudikatzen krisi klimatikoa ate joka daukagulako eta neurririk ez dagoelako. Gerrak aipatu ditugu lehen; testuinguru honetan etorkizunaz pentsatzea eta modu positibo batean pentsatzea zaila egiten zaigu. Emantzipazioari dagokionez, bizi proiektuak garatzeko eta irudikatzeko ezintasun handiak ditugu...

Kontua ez da ez ditugula bizitza duinak, ez gara bizitza duin horiek irudikatzeko gai ere. Ernaik esan izan du behin baino gehiagotan gure gurasoak baino okerrago biziko den lehen belaunaldia garela; baina jada hori irudikatzea ere zaila egiten ari zaigu, ez dakigulako krisia ez den beste testuinguru batean bizitzen.

Eta tartean, zein da Ernairen eskaintza?

Testuingurua ez da ona, eta horrek eraman gaitu kalera, badago aldaketarako nahia. Gazteria aldaketa horietan subjektu aktiboa da. Gazte eta errebelde izate hori ez da eslogan hutsa; benetan uste dugu gazteriak subjektu bezala izugarrizko potentzialitatea duela erronka eta oztopoei aurre egiteko. Ernairen eskaintza da gizartean gure egoeraren inguruko eztabaida irekitzea, bizi baldintza duinak eskuratzeko politikak egiteko, baita eraldaketa sakonagoak ere.

Bestalde, gazteria ahalduntze eta politizatze aldera, horretarako espazioak, bitartekoak eta mobilizazioa sortzen ditugu. Bide horretan, osasun mentalaren inguruan proposamen oso bat aurkeztuko dugu, analisiaz gain neurri zehatzak proposatuz. Gazteon politizaziorako eta gazteok subjektuak garela nabarmentzeko, bestetik, “Gazteon eskutik” ekimena dugu.

Zertan datza Lezon antolatu duzuen ekimen hori?

Gazteon eskutik ekimena urte luzez Ernaik udaberriaren bueltan egiten duen ekimena da. Aurten martxoaren 29tik 31ra egingo da Lezon. Eskaintza zabala eta anitza izango dugu. Aisialdirako eskaintza, hitzaldiak edo kontzertuak izango dira, besteak beste. Aurtengo leloa da “Gazteon eskutik loratuko da udaberria”. Hori da egungo testuingurutik zabaldu nahi dugun mezua: Euskal Herria mobilizatzen ari da, herri bat mugimenduan dago. Gazteok protagonismoa hartu eta gazteen eskutik udaberria loratuko den eta garai hobeak etorriko diren ideia zabaldu nahi dugu.

Ondoren, EH Bilduk antolaturiko Aberri Egunera joango zarete. Nola sumatzen duzue nazio pultsua?

Estatu espainoleko azken hauteskundeen ostean, nazio auzia berriz mahai gainean ezartzeko aukera badagoela uste dugu. Horri lagunduko dion mugimendua behar dugu. Euskararen aldeko mobilizazioan, Palestinaren aldekoan, EH Bilduk egindakoan… kaleak betetzen ikusi ditugu. Hori ez da ausaz gertatzen. Greba Orokor Feminista Euskal Herrian egin dugu, horretarako aukerak hemen bakarrik daudelako da, gu bagaudelako nazio hori nolakoa izango den proiekzioa egiten gaurtik. Herri mobilizazioekin munduan nazio bezala aurkezten ari gara.

Agendan presente daude hauteskundeak. Lehia estua izango da EAJren eta EH Bilduren artean.

Lehia hori herri honen aldaketarako nahiaren adierazlea da. Azken urteek politika jakin bati erantzun diote, eta herri honek kaleak hartu ditu bestelako Euskal Herri bat marrazteko. EAEn aldaketa horiek gauzatzeko EAJren ereduak ez du balio. Alde horretatik hauteskundeak erronka potolo bezala kokatzen ditugu, eta bertan gazteek ere paper bat jokatuko dugun kontzientzia dugu.

Esaten den desatxikimendua ba al du gazteriak instituzioekiko?

Ez nuke esango gazteriak instituzioekiko desatxikimendu gehiago duenik gainerako gizarteak baino. Azken urteetako prozesuen ondorioz badago desatxikimendu bat, ez dugulako gure bizitzetan aldaketarik nabaritu. Baina orain da momentua lehen aipatutako bizi baldintza duinak egia bilakatuko dituen alderdi politikoen alde apustua egiteko. Eta gazteria prest dago horretan giltza izateko. EH Bilduren hazkundea ez da kasualitatea, eta gazteon eskutik etortzen ari da batez ere.

Zu Iruñekoa izanik, bertako Udaletxean Joseba Asironekin gauzatutako aldaketak ilusiorik pizten al du ?

Ilusioa pizten du, baina oso kontziente gara horrek suposatzen duen erronka zein den, Iruñean gertatzen denak Nafarroa osoan eragina daukalako. Berebiziko garrantzia dauka orain arte EH Bilduk eta ezkerreko aldaketak zabaldutako diskurtsoak: herriarentzako politikak egiten hasiko direla. Guk horrekin zorrotzak izan nahi dugu. Uste dugu orain badagoela aukera aldarrikatzen egon den politika horiek guztiak egin eta gure baldintzak hobetzeko. Ilusioa handia da, erronka are handiagoa, lanean jarraitzeko gogo askorekin, bai instituzioetan, baina batez ere kalean.

Zer moduz dago antolakundea osasunez?

Orain dela bi urte amaitu genuen azken kongresua inflexio puntu garrantzitsua izan zen. Orain Ernai den hori marrazteko ariketa sakona izan zen, baita formakuntzarako eta ahalduntze politikorako ere. Geroztik, hamargarren urteurrenaren harira, militante asko batu dira Ernaira. Hazkunde prozesu betean murgilduta gaude, baita apustu berriak egiten ere.

Eta gazte mugimendua nola sumatzen duzue?

Gazteria kalean egon dela eta gazteria motor bat izan dela esaten dugunean, erreferentzia egiten diogu gazte mugimendu osoari. Azken hilabeteetako herri mobilizazioen atzean egon diren gazte anitz eta konprometitu horiei. Nik esango nuke goranzko joera dagoela oraintxe. Euskal Herriko Neska* gazteetan, Euskaltzaleen Sarean zein herri eta auzoetan sortzen ari diren alternatibetan ikusi daiteke hori. Eta aipamen berezia egingo nieke neska gazteei, greba feministaren barnean antolaturiko greba komiteak ikaragarriak izan direlako; ez baitziren sortu greba bat aurrera eramateko bakarrik, baizik eta zaintza sistema publikoranzko hausnarketak, aldarrikapenak eta borrokak mahai gainean jarri eta horiei segida emateko.