Martxelo DIAZ
ESPETXEAK

Gizon bat hilda topatu dute ziega barruan, Zaballako presondegian

Zaballako kartzelako ziega batean preso bat hilda aurkitu dute, Lakuako Gobernuko Justizia sailak baieztatu duenez. Goizeko zenbaketa egitera zihoazenean aurkitu zuten gorpua astearte goizean. Protokoloak ezartzen duen autopsia egin behar badiote ere, Lakuak heriotza «kausa naturalengatik» izan zela dio. Laugarren heriotza da, Lakuak espetxe eskumena hartu zuenetik.

Zaballa kartzelako sarrera artxiboko irudi batean.
Zaballa kartzelako sarrera artxiboko irudi batean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Preso zegoen gizonezko bat hilda topatu dute ziegan Zaballako kartzelan, GARAri Lakuako Gobernuko Justizia sailak baieztatu dionez.

Gorpua astearte goizean goizeko zenbaketa egitera zihoazenean aurkitu zutela adierazi du Lakuak. Justizia sailak kasu honen inguruan diskrezioa lehenetsi nahi izan zuen, intimitate eskubidea aipatuz.

Protokoloak agintzen duen autopsia egin gabe zuten atzo, baina Lakuako Gobernuak heriotza «kausa naturalengatik» izan zela aurreratu zuen.

Bestalde, “Hordago” agerkariak zabaldu zuen hildakoa bigarren graduko erregimen egoeran zeukatela Arabako espetxean.

LAUGARREN HILDAKOA

Lakuako Gobernuak duela bi urte espetxe arloko eskumena bere gain hartu zuenetik, EAEko kartzeletan jazo den laugarren heriotza da honakoa.

Aurreko heriotza ere Zaballan izan zen joan den azaroan. 47 urte zituen preso batek bere burua hil zuen. Osasun mental arazoak zituen eta tratamendua jasotzen ari zen, baina ez zitzaion suizidioen kontrako protokoloa ezarri.

Lakuako Gobernuko Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosa komunikabideen aurrean azaldu zen, aldez aurretik Salhaketak emandako datuak berresteko. Hildakoa Paraguaikoa zen jatorriz eta adimen arazoak zeuzkan; horrenbestez, botikak hartzen ziharduen.

Dena den, Melgosak ezagutzera eman zuenez, artatzen zuten adituek ez zuten egokia ikusten suizidioen kontrako protokoloa aktibatzea. Neurri hori martxan jarri izan balitz, hildakoak «preso laguntzaile bat» izango zukeen. Zaballako Osasun Mentaleko Zentroan artatzen zuten.

Salhaketak azaldu zuenez, moduluan bertan zeuden espetxekideek haren senideei esan zieten bere burua hil aurreko egunetan «animoz okerrago» zegoela. Hilabete eskas zeraman hildakoak modulu horretan.

Salhaketaren eledun Julen Guarestik EITBri adierazi zionez, «kartzelak gaixotasun mentalak pairatzeko baldintzak sortu eta areagotu egiten ditu». Horrez gain, Lakuako Gobernuak espetxe arloko eskumenak jaso zituenetik ez dela aldaketarik izan nabarmendu zuen. «Betiko ereduarekin aurrera egin dute», esan zuen. Era berean, Salhaketa Arabaren izenean Marta Aldanondok NAIZi azaldu zionez, «osasun mentaleko gaixotasun bat pairatzen duenarentzat, behar duen tratamenduaren guztiz kontrakoa da espetxea».

Hori dela eta, Melgosaren sailari zigor alternatiboen ezarpena garatzeko emandako hitza betetzea eskatu zuten, aurrerapausoak minimoak izan direlako.

Aurreko heriotza joan den urteko martxoan izan zen Martuteneko espetxean. 57 urteko preso prebentiboa zen hildakoa eta kartzelako erizaindegian zen. Goizeko zortzietan zenbaketa egitean, hilda topatu zuten.

Joan den urteko otsailean, 22 urteko gazte batek bere buruaz beste egin zuen Zaballan, Martutenekoa baino egun batzuk lehenago. Malek izena zuen. Aurreko kasuan bezala, ez zitzaioan suizidioen kontrako protokoloa ezarri. Hori dela eta, gaztearen familiak epaitegietara jo zuen, espetxeko zuzendaritza behar bezala aritu zen edo ez ikertzearren.

Familiak hildakoren jatorrira, Aljeriara, gorpua eramateko izan zituen arazo burokratikoak salatu zituen.

Horrez gain, joan den urteko otsailean, 43 urteko gizon bizkaitar bat hilik aurkitu zuten Dueñasko kartzelan, Gaztelan.