GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Zer gertatzen da Garapenerako Laguntza Ofizialarekin?


Gaur egun, sistema izugarri bidegabean bizi gara; aberatsak are aberatsago egiten ditu eta milioika pertsona uzten ditu atzean. Desberdinkerien eta pobreziaren zergatiak askotarikoak dira eta elkarri lotuta daude, eta are nabarmenago eragiten diete jende zaurgarrienei eta herrialde pobretuei, pertsonen desplazamendu handiak sortuta. Zergatien artean, besteak beste, gatazka armatuak leudeke, hala nola Gazakoa eta Ukrainakoa, elikagaien prezioen igoera, muturreko klima-aldaketak, eta bizirik iraunen badute giza laguntza behar duten pertsonen kopuruaren igoera.

Gaur egun, NBEren arabera, gora eginen du planetan muturreko elikadura-segurtasunik ezak, bai eskalan bai larritasunean. “Elikadura segurtasunaren eta nutrizioaren egoera munduan” (SOFI) txostenak dio 735 milioi pertsonak pairatzen dutela gosea; hau da, 2019an baino 122 milioi gehiagok.

Zer espero dugu 2023-2027ko azken akordio programatikotik?

Lankidetzaren azken Plan Zuzentzailean jasota dagoen bezala, Nafarroako Lankidetza bat dator erabat Agenda 2030ekin eta aldarrikapen historikoa jasoa du: «Garapenerako laguntza ofizialaren bidez, garapen bidean dauden herrialdeei laguntzeko konpromisoa txertatuz eta garapenerako laguntza hori pixkanaka gehituz, harik eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren %0,7ra iritsi arte».

Dena den, aipatu planean hitzartutakoak oraindik jarraitzen du nola Gobernua osatzen duten alderdien hala oposizioaren konpromisoaren mendean.

Eta zertan da egoera? Historia pixka bat egiten badugu, ikusten dugu lehen akordio programatikoan aurrekontuaren %0,5era iristea proposatu zela Garapenerako Laguntza Ofizialerako, legealdia bukatu aurretik (2019), eta hura ez zen bete. Bigarren akordio programatikoak proposatu zuen 2020a %0,4rekin hastea eta legealdia %0,6ra iritsita bukatzea, eta hura ere ez zen bete.

Orain 2027ra arteko azken akordio programatikoa dugu, eta esaten du %0,7ra iritsiko dela, Lankidetzaren Plan Zuzentzailean onetsitakoarekin bat (2024an bukatuko dena), baina ez du ezarri ez nola ez noiz.

Bi aldiz ez dela bete ikusirik, jakina, ez dakigu zer espero azken akordio horretatik. Akordioa 2024an hasi da, aurrekontuaren %0,4 Garapenerako Laguntza Ofizialera bideratuta (%0,5 izan beharko lukeenean). Egia da bete egiten dela zenbateko osoa (III. Plan Zuzentzailean jasotakoa), baina hori testuinguru ziurgabean sinatu zen eta ez da hori egungo egoera. Eta, beti oroitarazten dugun bezala, Lankidetzaren Plan Zuzentzaileak jasoa du, halaber, Nafarroako Gobernua sostengatzen duen Akordio Programatikoan bildua dagoen huraxe dela Nafarroako Gobernuaren aurrekontuaren gaineko garapenerako laguntza ofizialaren ehunekoa.

Nafarroa aurrekontu hedakorrak ezartzen ari den honetan eta hodei mehatxagarririk ageri gabe, ez dugu ulertzen zer arrazoi direla medio ez diren berriz ere akordioak bete. Eta akordioak ez direla bete esaten dugu; izan ere, ez da oso esperantzagarria beste legealdi bat eta beste akordio bat hastea arrazoizko igoerarik ezarri gabe, eta, are gehiago, jakinik igoerak mailaka egin behar direla sinatutako hartara iristeko.

*Sinatzaileak: Miren Jaione Lasa, Francisco Javier Abad, Diego Cayuela, Noelia Gomez, Jose Javier Esparza eta Octavio Romano.