12 FEB. 2024 Tolosako Udalaren jarrera kritikatuz ospatu zuten Zaldunita eguna Tolosako inauterietako Zaldunita egunak, beste behin, jendetza bildu zuen, herrikoa zein beste toki batzuetatik etorritakoa. Karrozek eta jai giroak ez zuten hutsik egin. Hala ere, aurten Karroza Batzordeak Udalak agertutako jarrerari egindako kritikak markatu zuen eguna, bi orduko etenaldi bat egin baitzuten protesta egiteko. Tolosarren proposamen irudimentsuek, beti bezala, agerian utzi zuten mozorroak prestatzeko sormena badaukatela. Aldarrikapenek eta jaiak bat egin zuten Tolosan atzo. Askotariko mozorroek eta karrozek giro paregabea sortu zuten herrian. (Gorka RUBIO | FOKU) GARA TOLOSA Karroza Batzordeak antolatuta, 12.00etatik 14.00etara protesta egin zuten karrozek Tolosako Zaldunita egunean. Datorren urtean karrozak gordetzeko tokirik gabe geratu dira eta Udalaren jarrera salatu zuten. Gauzak horrela, plastiko txuri batek inguratuta, zigilatuta, agertu ziren karrozak. Jaiaren beste aldean, milaka lagun. Jendetza bildu zen Tolosan, ohi bezala. 12.00etatik aurrera karrozak kalean zeuden, bai, baina ikusten zen atzoko eguna desberdina zela. Protesta mezu eta arrazoiak zabaldu zituzten bozgorailuetatik. Hala ere, tolosarren irudimena ez zuen zapuztu egoerak. “La sociedad de la nieve” filma edo Asuncion Klinika ikusi ahal izan ziren. Umoretik eta kritikatik tiraka, biak ere harategi baten itxura hartuta. “Asuntzion klinika. 80 urte tolosarrak akatzen” zioen pankartak argi uzten zuen helarazi nahi zen mezua. Zaldunitak ase zituen aurreikuspenak.