GARA Euskal Herriko egunkaria
REALA, IZARREN ARTEAN AMESTEN

Bere zuloak ixtea eta PSGrenak aurkitzea, ametsari eusteko giltza

Imanol Alguacilen taldea ez da kamusten den horietakoa; are gutxiago, oriotarra aulkian dagoenetik. Hori argi du Nerea Zusberro kazetari eta analista teknikoak: «Realak bere joko moldeari eutsiko dio». GARArekin batera aztertu du PSGren eta Realaren arteko Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako lehia. Gaur, 21.00etan, Parc de Princes estadioan, Parisen, jokatuko da joaneko dema.

(Andoni CANELLADA | FOKU)

Realak izarren artean amesten jarraitu nahi du eta, noski, bizirik iritsi Anoetara. Aurkari ahaltsua du aurrean: PSG ahalguztiduna, diruz eta izarrez betea. Imanol Alguacilen taldea, ordea, ez da kamusten den horietakoa, are gutxiago oriotarra aulkian dagoenetik. Realak eutsiko al dio bere joko moldeari? Nork izango du baloiaren jabetza? Galdera horien guztien erantzunak argitu ditu GARArekin Nerea Zusberro (Donostia, 1992) kazetari eta analista teknikoak.

Haren ustez, txuri-urdinek eutsiko diote beren estiloari, are gehiago Imanol ezagututa: «Hausnarketa bat egin dut. Imanolek Gironaren aurka proba bat egin zuen PSGra egokitzeko. Batez ere, ikusita, aldeak alde, talde katalanak eta frantziarrak berdin jokatzen dutela. Realak presio altua egin zion Gironari, parez pare kokatu ziren zelai-erdian. Gipuzkoako taldea oso ausart ikusi nuen. Gainera, orain Barrenetxea eta Kubo osatuta, uste dut 1-4-3-3 marrazkiari eutsiko diola Imanolek».

Zusberrok nabarmendu du txuri-urdinek iazko sasoiarekin alderatuta, jokoan bilakaera izan dutela. «Lehen asko gustatzen zitzaien baloiaren jabetza izatea, eta orain ere bai. Baina, horrez gain, badakite baloi jabetza aurkariari ematen, eta presio altu bat eginda, baloia lapurtzen aurkariaren atetik oso gertu». Gauzak horrela, donostiarrak uste du baloiaren jabetza «nahiko banatuta» egongo dela, «PSGri ere gustatzen baitzaio baloia hanketan izatea».

PSGK ATZERAKA KORRIKA, KOSTATA

Luis Enriqueren taldearen indarguneak eta ahulguneak aletu ditu, eta argi du zeintzuk diren: aldeko dute kontraerasoan jokaldi zitalak egiten dituztela, Kylian Mbappe buru; kontrara, atzeraka korrika egitea asko kostatzen zaie. Hor min egin diezaioke Realak.

«PSGko hiru aurrelariei espazioa bilatzea gustatzen zaie, zuzen jokatzen dute, eta aurrean azkarrak dira. Realeko defentsa lerroaren bizkarrera eraso egingo dute, eta kontuan izanda Realak atzeko lerroa aurreratuta izaten duela, adi jokatu beharko dute».

Luis Enriqueren taldeak 1-3-4-3 marrazkian jokatzen du; Zusberroren esanetan, erdian lau jokalari aritzen dira, eta karratu bateko erpinen gisara kokatzen dira: «Orain modan dago hegaleko jokalari bat barrutik sartzea, PSGren kasuan Achraf Hakimi izan ohi da eta batzuetan Warren Zaire-Emery ere kokatzen dute kanpotik, gero barrura sartzeko».

Eta sistema hori guztia borobiltzen duen jokalaria Mbappe da. Zusberrok dio azken hilabeteetako berritasuna dela aurrelari frantziarrak aurrelari gisa jokatzen duela, normalean ezker hegalean aritzen denean. «Postu horretan Mbappek buruz burukoan duen abilezia galtzen du, baina asko ematen dio taldeari zelai-erdira jaisten denean baloia jasotzera. Hor bizkarrez jaso eta bira egiten badu, trantsizio oso azkarrak egin ditzakete».

Hain justu, hor uste du Zusberrok egon daitekeela partidaren gakoa, eta Realak «lan handia» egin beharko duela, ez bakarrik PSGk hegaletik dituen jokalariekin, baita lerro artean aritzen direnekin ere. «Hegaleko jokalariak oso azkarrak dira. Ousmane Dembele nahiko finkatuta dago eskuin hegalean, eta gero ezkerrean zalantza dut ea Bradley Barcolak edo Randal Kolo Muanik jokatuko ote duen. Barrutik, berriz, Mbappez gain, Zaire-Emery ere gaztea izan arren, oso teknikoa da, mugikortasun handia du».

SONA ERE JOKOAN

PSGk azken urteetan hiru izar handi izan ditu taldean: Neymar, Messi eta Mbappe. Hirurak mundu mailako jokalari onenak badira ere, Zusberrori galdetuta ea hirurak taldean egoteak ez ote zuen taldearen sendotasuna nolabait hausten, erantzun du ez dela ausartzen hori baieztatzera baina aurten PSGk orekaren alde apustu egin duela.

«Luis Enrique oreka hori lortzen ari da; jokalari defentsiboagoak ditu, batez ere euskarri postuan, eta taldea zertxobait janzten dute». Hala ere, Zusberrok nabarmendu du gabeziak izaten jarraitzen dutela, eta bat aipatu du guztien gainetik: denbora luzez baloiaren atzetik korrika egiteko gaitasun falta eta eraso-defentsa trantsizioetan ez direla finak.

«PSGri gustatzen zaio baloi jabetza izatea; Frantziako ligan ohituta daude horretara, eta, baloi jabetza luzeak izaten dituen aurkari bat baldin badute, ez dute gaitasunik denbora luzez alde batetik bestera baloiaren atzetik aritzeko. Ez dute koordinaziorik, eta baloia galtzean zatitzen den taldea da». Hori probestu behar du Realak: «Espazioak agertuko dira, eta horrek baldintza dezake gehien PSGren errendimendua».

Zusberroren iritziz, berdinketa «izugarria» litzateke; «Anoetara bizirik iristea da helburua». Horrez gain, azpimarratu du sailkatzea sekulakoa litzatekeela, bai kirol arloan, bai Txapeldunen Ligan ospea irabazteko ere: «Realak hori oso argi zuen lehiaketa hasi baino lehen. Itxura ere garrantzitsua da, eta hori Europan ere lortu du. Anoetara bizirik iristea litzateke lehiatu direnaren isla».