GARA Euskal Herriko egunkaria
2019

Ikusi Arte Tour, hasiera baten aurreko amaiera

Ezker-eskuin, David Gonzalez, Gorka Urbizu eta Galder Izagirre, Lekunberrin emandako prentsaurrekoan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Hasiera batek beti dauka amaiera bat. Bai aurretik, bai ondoren. Bestela, nondik sortu hari muturrak? Hari bati jarraitzeak, bide bat gauzatzea dakarren bezala, jazotakoari, bizitakoari garrantzia areagotzen dio. Ez dira soilik hasierak eta bukaerak inportantzia gehien dutenak. Hil arte bizi, esaten du batek baino gehiagok. Eta bide horretan, zer? Nola?

Komunikatu bidez jakinarazi zuen bi hilabete lehenago Gorka Urbizuk, Berri Txarrak taldeko liderrak, haien etenaldi mugagabea. Ezustea eta, era berean, ezinegona sortu zituen iragarpena izan zen, punta-puntan zegoen taldeak agertokietatik jaisteko eskailerak zabaldu baitzizkion bere buruari, parez pare.

Bi hilabete beranduago, otsailaren 14an, prentsaren aurrean agertu dira Urbizu bera eta Galder Izagirre eta David Gonzalez taldekideak. Abendutik iragarria dute Iruñeko Navarra Arenan egingo dutela azken kontzertua, baina hilabete horietan aurretik geratzen zaien bidea ez da nolanahikoa izango. Jendaurrean, azalpenak ematera agertu dira.

Urbizurena izan da erabakia. «Beraien ulerkortasuna eskertu nahi nuke. Zailagoa da erabakia zerorrek hartzen ez duzunean eta emana zaizunean».

Hogeita bost urteko ibilbidean (1994-2019) lortutako arrakastaz gaindikoa da, ordea, lekunberritarrak mahai gainean jartzen dituen zioen norabidea. «Pozak eta higadurak bat egiten duten momentu batean nago pertsonalki. Denbora, gainesposizioa, ardura, autoexijentzia maila eskatzen dizu lan honek, eta horretarako hirurak ehuneko ehunean egotea beharrezkoa da».

ASTRATIK NAVARRA ARENARA

Gernikako Astran hasiko dute biharamunean Ikusi Arte Tour bira, hain zuzen, “Beude” azpi-biraren barruan programatutako kontzertu sortarekin. Agur baten hasiera da, hurrengo bederatzi hilabeteetan neurri guztietako agertokietara zabalduko dena. Formatuak desberdinak izango dira, baita bisitatuko dituzten herrialdeak ere. Amerikatik Asiara, mundua Berri Txarraken hari luze batek zeharkatuko du eta, bidean, arima urratzeko gogoz dauden milaka zaletu izango dituzte zain. 74 geldialdi denera, lokarriari egindako 74 korapilo. Tartean, uztailean Kobetamendin egingo duten makro-kontzertua. Ez dute 'berrizale' bakar bat ere haien agurretik kanpo geratzerik nahi.

Azaroaren 23an egingo dute Navarra Arena handian haien azken lotunea, agurraren azken agurra. Malkoak isurtzeko, gozatzeko, bizitzeko azken kontzertua. Ondoren, aretoa hustuta, hogeita bost urtean sortutako soka harilkatzeko unea izango baita, nork bere gogoan gordetzen dituen oroitzapenetan mantenduko dena.

BULKADA BERRI BAT

Gaurko egunez esan zuen Gorka Urbizuk: «Hemendik hamar urtera ez dakit zer eskatuko didan barrenak, edo zertan arituko diren David eta Galder. Musikaren bueltan segur aski, bai; ze formatutan, norekin, nola, ez dakigu. Argi neukan zerbait zen atsedena behar nuela eta distantzia hartu behar nuela proiektu honekiko. Transatlantiko hau aparkatu. Hortik dator. Etenaldi bat da eta mugagabea da, ez duelako itzulera datarik. Ate horrek irekita jarraituko du, bai, noski. Eta horrexegatik, onenean uzten dugu. Eta inportantea da oroitzapen on bat uztea».

Erabaki horren atzean bazen beste arrazoirik ere. Kable luzea jasotzen duen arrabolak nola, alde batetik amaiera batez hitz egin zuen, baina hari berri bat sortu zela ere iragarri zen egun horretan. Botila batean sartutako mezua itsasoratu zuen Urbizuk, hura non porturatuko zen jakin gabe. Bazeukan beste bulkada bat, «bulkada artistiko berri bat. Bestela sortzen jarraitzeko ahalegin bat. Sen hori. Eta sen horrek jarri nau ataka baten aurrean. Sortzaile bezala aurrera egiteko, nire bizitzaren ardatza izan den taldea alde batera utzi behar dudala sentitzen dut. Gogorra izanagatik, hori da barruak eskatzen didana. Ez nuen jarraitu nahi Berri-ren hutsarteak aprobetxatu eta lau bost kantuko disko txikiak egiten, albo proiektu gisa».

Eta, bide horretatik, bost urte beranduago, iritsi da hasiera berri bat. Ziur asko, haria ez delako sekula eten.



Gorka Urbizu: «Kantuak jendearen arimara itsasten dira»

Ikusi Arte Tour makro-bira itzelarekin mundua zeharkatu zuen Berri Txarrak taldeak. Kontinente desberdinak zeharkatu zituen hirukoteak, eta formatu handiko aretoetan jo zuen, bai, baina gaztetxe txikietan ere aritu zen, molde desberdinetara egokitu zen azken bira horretan.

Inflexio puntu bat ere izan zen, ordea. Zale guztiak batu ahal izateko moduko kontzertu handi bat behar zuen taldeak, agurreko bira horretan ‘‘berrizale’’ bakar bat ere zuzeneko batera joateko aukerarik gabe geratu ez zedin. Hitzordua uztailaren 14an zen, Kobetamendiko zelaietan. Aurreikuspenek argi erakusten zuten jendetza batuko zela makro-kontzertu hartan, eta guztia antolatu beharra zegoen. Lagunez inguratutakoa izango zen kontzertu hura, gonbidatu bereziekin atondua.

Egun gutxi lehenago, Gorka Urbizuk sentipen bikoitza zuela aitortu zuen, NAIZen osorik irakurgai dagoen elkarrizketan. Estresaren eta ilusioaren arteko nahasketa batek zeraman hitzordu batetik bestera. Epika, geruza desberdinez janzteko abilezia da hori. Epika, epikaren gainetik.