GARA Euskal Herriko egunkaria
ZESTA

Goikoetxearen agurrerako dena prest, finaleko ordua heltzea falta

Iñaki Osa Goikoetxeak eta Lekerikak pilota biziagoak hautatu zituzten Aritz Erkiagak eta Ibarluzeak baino, igandeko Eusko Label Winter Serieseko finalerako. Zumaiako aurrelariak, emaitza baino, azken partida hori «gozatzeko» aukera lehenetsi zuen.

Goikoetxea eta Lekerika, igandeko finaleko materiala aukeratzen. Urrutira, Erkiaga eta Ibarluzea lasai, itxura batean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Igande eguerdiko Eusko Label Winter Serieseko finalera begira, pilota aukeraketa izan zuten atzo Goikoetxea eta Lekerikak, batetik, eta Erkiaga eta Ibarluzeak, bestetik, Gernikako Jai Alai pilotalekuan. Txapeldun bikote bakarra izango da, baina Iñaki Osa Goikoetxearen profesional bizitza luzeko azken partida izanik, material aukeraketa honek ere zirrara berezia eragin zuen, honen ostean beste halakorik ez baitu berriz egingo Zumaiako aurrelariak.

«Azkenean iritsi da», adierazi du aukeraketaren osteko adierazpenetan “Goiko”-k. «Neurri batean ez duzu irits dadin nahi, baina era berean, bai, nahi duzu irits dadila, behin ekainean erretiroa hartuko nuela aditzera eman eta gero. Parerik gabeko eguna izango den itxaropena daukat. Agian emaitza ere aldekoa izango da, baina garrantzitsuena egunaz gozatu ahal izatea izango da», onartu zuen.

«Nire karrerako azken norgehiagoka final bat izatea eta pilotalekua jendez lepo dela gainera, parekorik ez duen zerbait da pentsatzea bakarrik. Jende asko etorriko da eta tartean Zumaiatik bertatik ere lagun mordoa espero dut. Halakoetan gozatu egin behar da, besteren gainetik», azpimarratu zuen aurrelari gipuzkoarrak, balizko garaipen edo porrotaren gainetik.

KANTXAN LAGUNIK EZ

Hasteko eta behin, materialean alde apur bat izango da sakea zeinen eskuetan izango den. Hala, 108 gramoko hiru pilota hautatu dituzte Goikoetxea eta Lekerikak, itxura batean biziagoak, Erkiagak eta Ibarluzeak baino, 106 gramoko pilotak apartatu zituzten-eta. Finalerdietan Ispasterko aurrelariak eta bere bikotekideak lauzpabost tantotik behin pilota aldatu zuten, materiala larregi berotu eta biziegi bihur ez zedin. Aurkarien ahala aintzat hartuta, baliteke antzeko estrategia erabiltzea baina noski, horiek iganderako gorderik geratzen diren kartak dira.

Esan gabe doa Eusko Label Winter Series honetako finaleko izarrak aurreko koadroetan daudela. Ondorioz, Erkiagari pilota gainetik pasatzen ahaleginduko dira Goikoetxea eta Lekerika, eta beste hainbeste egiten saiatu beharko dute Erkiagak eta Ibarluzeak Goikoetxearekin. Izan ere, behin partida martxan jarritakoan, kantxa barruan ez dago lagunik, ezta gezurrik ere. Bakoitzak berea jokatu behar du eta garaipena da helburua, Iñaki Osa Goikoetxeak bilatzen duen gozamen berezi horretaz gain.

«Aritzek ni saihestu nahiko nau partida hasi aurretik bertatik, baina ni berari hurbilduko natzaio, ‘gerra psikologiko’ apur bat egiteko. Badakit bere ‘egoa’ nola ukitu eta saiatuko naiz agian amarru edo trikimailuren bat erabiltzen, kontzentrazioa apur bat bada ere gal dezan», aipatu zuen Goikoetxeak irribarrez.

Baina igandean, jakina, irribarreak gerorako izango dira. «Behin materiala aukeratzen den unetik, bakoitzak berean zentratu behar du, ahalik eta pilota egokienak aukeratzeko, partidan ahalik eta sendoen aritzeko. Eta, noski, partidan Aritzi pilota kendu beharko diogu. Ahalik eta gutxien sar dadila jokoan; zazpigarren koadroan pilota entregatu baino, hamarretik egin ditzala bere aztikeriak. Gure aldetik, berriz, ahalik eta pilota gutxien galdu beharko dugu», laburbildu zuen Iñaki Osa Goikoetxeak.

GOGOA LAGUN ETA ETSAI

Aurrelari zumaiarrak duela bi urteko Eusko Label Winter Serieseko finala galdu zuen eta Lekerikak, berriz, iazkoa tanto bakarraren faltan laga zuen irabazteke. Aurkarien irabazteko irrika hori baliatu nahiko lukete, bestetik, Aritz Erkiagak eta bere atzelari Ibarluzeak, nahiz eta azken honek ere akaso urduritasun puntu bat nabaritu dezakeen igandeko finalean.

«Lasai gaude une honetan. Lanak eginda daude eta, beraz, badakigu zer den finalaren bezperako egun hauetan egin behar duguna igandean behar bezalako lana egiteko», onartu zuen Ispasterkoak, finala noiz hasiko zain.