GARA Euskal Herriko egunkaria

Musikaren ospeak


Nola erantzun edozein ospe edo arrakastari? Doinu edo kantu baten arrakastaren aurrean, zer egin dezake musikari egileak? Ez duenak inoiz arrakasta bizi, nahiko luke eta desio du. Duenak ere nahi du ospearen motxila. «Gustuko aldapan nekerik ez» esaldia gezur hutsa da. Motxilak aldapa gora, nahiz eta pisu berbera duen, neke handiago sorraraziko dio eramaileari, grabitazio unibertsalaren presioaren legeari esker.

Gorka Urbizuk motxilaren inguruko esaldiaren jarraian, beste hau esan zuen: «Presioa da, baina entzulerik gabe ez dago musikarik». Musika guztiek dute entzulea. Badira entzule kopuru handi, ertain eta txikiko musikak, diskoak eta abestiak. Talde asko pozik legoke Urbizuren ehuneko bost edukita ere. Buelta emango diot Urbizuren esaldiari, ez nauelako konbentzitu. Musikarik gabe ez dago musika entzulerik. Baina denek dute presioa. Arrakasta gutxi duenak (eta hori musikari eta kultura sortzaile gehiengo bat da) ospearen presioa gogoz hartuko luke.

Jasone Osororen “Arrakasta” liburuan, besteak beste, Urbizuk ere hausnartu du arrakastaren inguruan. Eta nik diot, zer da arrakasta bere ifrentzua den porrotik gabe? Bi mutur dira, egunero elkar ukitu daitezkeenak. Arrakastaren porrota edo porrotaren arrakasta. Zeren eta noren arabera. Denak du bere perdoia. Zein baino zein unez une.