GARA
DONOSTIA

Gipuzkoako 119 administrari euskaldunen izendapena airean da, helegite batengatik

Gipuzkoako Foru Aldundiko behin-behineko langileak egonkortzeko prozesuko 119 administrari euskaldunen izendapena airean dago, berauek finkatzeko lehiaketan euskara jakitea eskatu zaielako. Foru Aldundiak bat egin du LABek eta ELAk deitutako protestarekin.

Iruñeko Auzitegiaren aurrean protestan, otsailaren 8an.
Iruñeko Auzitegiaren aurrean protestan, otsailaren 8an. (Iñigo URIZ | FOKU)

LABek atzo baieztatu zuen 119 langile euskaldunen aurkako helegitea «euskaraz bizi eta lan egitea erabaki duen euskal komunitatearen aurkako erasoa» dela. Beste kolpe bat, euskararen aurkako oldarraldian. Aste honetan sindikatu abertzaleak jakin du Gipuzkoako Foru Aldundiko behin-behineko langileak egonkortzeko eman den prozesuko 119 administrari euskaldunen izendapena airean dagoela, berauek finkatzeko eginiko merezimendu lehiaketan euskara jakitea eskatu zaielako, II. edota III. Hizkuntza Eskakizunaren mailan.

Errekurtsoa jarri duen pertsonak ez du prozesuan parte hartu, ez da Aldundiko langilea ere. LABen arabera, «politikari nafar bat izan da, Bilboko abokatu ezagun baten laguntzaz», 119 lanpostu horiek egonkortzeko onartutako oinarrien aurka jo duena, euskara postu guztietan eskatzen zela azpimarratuz.

BEHIN BETIKO ZERRENDA ARGITARATU ONDOREN

Sindikatuak azaldu zuenez, okerrena da salaketa hau 119 lanpostu horiek betetzeko prozesu amaieran izan dela, hau da, administrari gisa izendatuko diren 119 langile euskaldun horien behin betiko zerrenda argitaratu ondoren etorri da. Beraz, 119 langile euskaldunek lanpostua eskuratu behar zuten unean iritsi da beraien aurkako erasoa.

Epaileek gaur arte aritu diren ildo beretik joko balute, langile euskaldun horietako askok lanpostua eskuratu ondoren, utzi egin beharko luke herritar eta lankideen hizkuntza hautua errespetatuko ez luketen langile elebakar erdaldunei ateak zabalduz.

Foru Aldundiak ez zuen gauza bera esan: «Plaza horiek behin betiko esleitu gabe daude», baieztatu zuen Irune Berasaluze eledunak. Eta argitu zuen Foru Aldundiak indarrean dagoen legedia errespetatuz egin duela bai prozesu hau, bai enplegu publikoko deialdi guztiak, «berme juridiko guztiekin, eta herritarren hizkuntza eskubideak babesteko adostasunez onartutako hizkuntza normalkuntzako planekin bat etorriz». Hori dela eta, aurreratu zuen «funtzio publikoaren eta hizkuntza berdintasuna sustatzearen arloan dituen eskumenak defendatzen» jarraituko duela.

119 administrari euskaldunen kasuan, LABek errekurtso honen aurka demandatzaile gisa aurkeztuko dela adierazi zuen atzo, eta egonkortze prozesuan parte hartu dutenei eta kaltetuak direnei ere gauza bera egin dezaten eskatu zien.

ELKARRETARATZEA, BIHAR

Bestetik, ezinbestekotzat jo zuen sindikatuak mobilizazioetara jotzea, langile kaltetuak, erabakiaren aurkakoak diren politikariak eta euskalgintzako eragileak bateraturik.

ELArekin batera, elkarretaratzera deitu zuen biharko, 10.00etan Foru jauregiaren aurrean, Donostiako Gipuzkoa plazan. Foru erakundeak protestan parte hartuko duela iragartzeaz gain, Berasaluzek dei egin zien Aldundiko langileei, eragileei eta herritarrei deialdiarekin bat egin dezaten.