GARA
DONOSTIA

DBH, Batxilergoa eta LH batzen dituen Orientazio Plana ondu du Lakuak

Lakuak DBH, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa batzen dituen Hezkuntza Sistemaren Orientazio Plana aurkeztu du, ikasleentzat laguntza jarraitua eta sistematikoa bermatzeko.

Ezkerretik eskuinera, Torrealday, Pedrosa eta Arevalo, aurkezpenean.
Ezkerretik eskuinera, Torrealday, Pedrosa eta Arevalo, aurkezpenean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Ikasleek beren proiektu pertsonalei eta profesionalei buruz erabakitzeko gaitasuna izan dezaten, laguntza jarraitua eta sistematikoa bermatzeko Hezkuntza Sistemaren Orientazio Plan berria ondu du Lakuako Gobernuak. Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa batzen dituen bakarra da Estatu espainolean.

Donostian aurkeztu zuten atzo Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak, Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordeak eta Lucia Torrealday Aniztasunaren eta Hezkuntza Inklusiborako zuzendariak.

Ikastetxe publikoetan eta itunpekoetan «irakasle orientatzaileen lana indartzeko, inpaktua handitzeko eta ikasle guztien garapen gorena ziurtatzeko» helburua du, azaldu zuen Lakuak ohar batean. Horretarako, ikasleen premiak, ezaugarriak eta testuinguru pertsonala kontuan hartuko dira.

Bigarren Hezkuntzako etaparako (2023-2026) planak printzipio hauek ditu oinarri: haurren eskubideak babestea, unibertsaltasuna, prebentzio integrala eta ikasle guztien ahalmenak ahalik gehien garatzea. Halaber, funtsezko hiru zutabe ditu: orientazio akademikoa eta profesionala, bizikidetza positiboaren garapena eta aniztasunari eta hezkuntza-inklusioari eman beharreko erantzuna.

Lanbide Heziketarako Orientazio planak berrikuntza, ekintzailetza, nazioartekotzea eta lanbide orientazioa bera biltzen ditu. Hiru arlotan biltzen da: orientazioa psikopedagogikoa, ikasleen ongizate emozionala bermatzea helburu duena; LHko orientazioa eta bitartekotza, bizitza osoko ikaskuntza indartzeko.

Pedrosak adierazi zuen garrantzitsua dela sistemak nahikoa tresna izatea, ikasleei beren garapen sozial, akademiko eta pertsonalean laguntzeko. Arevalo sailburuordearen ustez, LHko ikasleak eremu zehatz batera bideratuta badaude ere, «orientazioak ikasketekin jarraitzeko edo lan aukera bat argitzeko balioko du».