GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Pragmatismo eraldatzailea!


Mundua aldatzen ari da, ez bakarrik klima. Eta hori bere burmuineko ezbaietan kontuan hartzen ez duena alferrik ari da mundu hau irauli nahian, beste mundu batean bizi da. Zilegi zaio edonori, jakina, gaurko mundutik kanpo bizitzea, baina mundu honetatik bertatik nahi izatekotan munduaren aldaketa norabide bidezkoan ipini... orduan bai, orduan kontuan har dezala!

Bada bai, mundua aldatzen ari da. Lehengo sindikatuek oraingo «asindikatuekin» topo egin dute, «whatsasindikatuekin». Akabo bilerak eta hauteskunde sindikalak, bai, eguna zuten hauteskunde haiek akabo! Ertzaintzan edo laborantzan izan, akabo! Whatsappek hartu du agintea, baina ez dago jakiterik zein den bitartekaria! Paperean murriztua, energian gehitua! Hamaika ikusteko dira begiak gero! Uniformedunen pilotak ezagutu ez dituzten begiak sikiera!

Aldatzen ari, bai ama! Begira, kontinente zaharreko gure bazter honetako politika pertsonak gaztetzen ari den bitartean, kontinente berri hartako politikan zaharrak lehenetsi! Kolpea hau ere! Tira, kontinenteaz nagoela, gauza bat da edukitzailea eta bestea edukia, nahastu gabe, e! Harira! Funtsa baina funtsezkoagoa da gaurko eduki soziopolitikoetan etorkizuna ere indarrez sartzea, aurreikuspena atzeikuspenaren gainetik jarrita, aldaketen argibide!

Legebiltzarreko azken bileran Ajuriaeneko maizterrak honela galdekatu zion ezker subiranistako lagunari: «Berehalako iraultza ala pazientzia estrategikoa?» Bada, pragmatismo eraldatzailea! Horixe erantzun behar! Izena ez da pazientzia gabeko iraultzaile mugiezinen gustukoa, ez eta izenondoa biziarteko pazientziadun mugiezinentzat ere. Baina askok horixe dugu helbidea, aldatzen ari den mundu honetan etorkizuna orainaldiko pentsaeran iltzatuta mugituz... klima politikoaren norabidean eragin asmoz!