GARA
BILBO

Juan Maria Uriarte hil da, bake bidean lanean aritu zen Donostiako gotzain emeritua

Igandean iktus bat izan ondoren, Juan Maria Uriarte atzo hil zen. Donostiako gotzaina izan zen ia hamar urtez eta bakegintzan ere lanean aritu zen. Arnaldo Otegik haren ekarpena eskertu du.

Uriarte Artzai Onaren Katedralean, apezpiku zela egindako azken mezan.
Uriarte Artzai Onaren Katedralean, apezpiku zela egindako azken mezan. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Juan Maria Uriarte (Fruiz, 1933), Donostiako gotzaina izandakoa, atzo zendu zen, 90 urte zituela. Joan den igandean iktus bat izan zuen, eta harrezkero Basurtuko ospitalean egon da, hil zen arte.

Haren heriotzaren berri Fernando Prado Donostiako gaur egungo gotzainak jakinarazi zuen, eta albistea ezagutu eta segituan hedabide eta lagun askok gogora ekarri zuten, Eliza katolikoan izandako ibilbideaz harago, Uriartek herri honen bakegintzari egindako ekarpena. Besteak beste, iragan mende amaieran (1998-1999) Lizarra-Garaziko akordioa indarrean zela, abiatutako prozesuan bitartekari lanak egin zituen Gobernu espainolaren eta ETAren arteko negoziazioetan, Zurichen.

Hain zuzen, Arnaldo Otegik bere lana gogora ekarri eta goraipatu zuen sareetan egindako aipuan: «Juan Mari Uriarte gotzainak utzi gaituen honetan, herri honen bakerako eginiko lan nekaezina gogora ekarri nahi dut. Eskerrik asko, Juan Mari!». Iñigo Urkulluk eta Imanol Pradalesek ere beretzat esker hitzak izan zituzten atzo.

JOSE MARIA SETIENEN LEKUKOA

Gaztetatik Elizari lotua, Teologian eta Psikologian lizentziaduna zen Uriarte, eta gotzain izan aurretik Bilboko apezpiku laguntzailea ere izan zen 70eko hamarkadan. Denbora luzez Donostiako apezpiku izandako Jose Maria Setienen lekukoa hartu zuen 2000. urtean, eta zeregin horietan zebilela, 2006ko martxoan ETAk su-eten berria iragarri zuenean, bere burua aurkeztu zuen «bere esku zegoen guztia egiteko».

Prozesu hura ere ez zen bururaino heldu, baina Uriartek beti aldarrikatu zuen elkarrizketa konponbiderako tresna gisa. Iritzi horrek kritikak ekarri zizkion, Madril aldetik batez ere.