20 FEB. 2024 AZKEN PUNTUA Han eta hor Yasmine KHRIS Itzultzailea «I don't know what you heard about me, but a bitch can't get a dollar out of me». 50 Cent raperoaren abestiak etengabe durundi egiten du ikuslearen buruan, “Anatomia de una caída” filmaren lehenbiziko segundoetatik. Pelikulan zehar leitmotiv gisa azaltzen da, Sandra Voyter protagonista -eta pantaila aurrean daudenak- zorabiatu nahian. Justine Triet zuzendariak Voyterren senarraren hiltze misteriotsuan oinarritu zuen thrillerra. Epaiketaren disekzio bilakatu da filma, heriotza ikertuz: suizidioa izan da ala Voyter erruduna da? Pelikulak izandako arrakastaren ostean, Triet mintzatu zen honek munduan zehar izandako eraginaz eta protagonistaren pertzepzioaz: «Ameriketako Estatu Batuetan gehiengoak uste du erruduna dela. Frantzian kontrakoa gertatzen da». Aski interesgarria dela ikustea zer nolako hautematea duen gizatalde bakoitzak. Erreakzio horiek Johnny Depp eta Amber Heard aktoreen arteko auzia gogorarazi didate. Interneten izan zen auzi mediatikoan Hearden kontra zegoen publikoa. Memeak eta parodiak ez ezik, irainak eta heriotza-mehatxuak ere jaso zituen. Auzia auziaren aurretik egina zela, alegia. Buelta pelikulara: ez dakit zer esan dizuten niri buruz, euskara genezake filmaren hasierako abestia, eta akaso matxismoa txertatuta dago justizia ulertzeko moduan.