GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Inteligentzia eta zuhurtzia


Curriculuma aintzat hartzen badugu, tipo inteligentea izan behar luke Mike Gallagherrek, Estatu Batuetako Ordezkarien Ganberan Wisconsingo 8. barrutiko hautetsiak. Ia bere helduaro osoa -marine sartu zen garaitik hasi eta Washingtongo segurtasun-politikako zirkulu gorenetan eman duen azken hamarkada osoan amaituz, ikasketak barne- darama inteligentzia-gaietan murgilduta, behintzat. Euskal gaietan ere jantzia dela deritzote batzuek. Batek daki, aurrekariak gogoan izaten baditugu.

Baina inteligentzia-eskarmentu hori guztia zuhurtziaren parekoa ote den zalantzan jarrarazten du, ordea, haren azken burutazioak; bihartik aurrera, ordu batzuetan behintzat, hizpide izango denak. Hautetsi-taldetxo batekin, «Txinako Alderdi Komunistari buruzko Ordezkarien Ganberako Berariazko Komitearen» buru den Gallagherrek bisitaldia egingo baitu Taiwanera Lai Ching-te hautatu berriari laguntasuna adieraztera. Hau da, «Pelosirena» egitera: Taipein lurreratu, adierazpen batzuk egin, argazkiak atera, eta etxera itzuli.

Testuingurua kontuan izanik (Gallagherrek azaroan utziko du Ganberan duen jarlekua), iruzkingileek atera duten ondorioa da Txinaren aurkako belatzik belatzenaren agurreko aldarria izango litzatekeela. Zuhurxeagoa iruditzen zait niri alderantzizko irakurketa: Trumpen bigarren agintaldirako prestamena dela iruditzen zaidanez Gallagherren «erretiroa», curriculuma botatzen arituko litzateke hurrengo lanerako: CIA, Pentagonoa, NSA, Segurtasun Nazionaleko kontseilaria...

Korapiloa, ordea, ifrentzuan dator. «Pelosirena» egiten den bakoitzean «Lin Xingyang-ena» egiten baitu Txinak. Hau da, Ekialdeko Teatroaren (eta gehiagoren) maniobra militar erraldoiak Taiwan inguruan. Eta, antza denez, Gallagher bezalako «inteligentzia-arduradunak» ez dira erabat jabetzen zein den haien benetako xedea eta emaitza: Taiwango indar armatuen morala gero eta gehiago amatatzea; eguna iristen denean, erresistentzia alferrik izango dela konbentzimendu osoa izan dezaten.