Manex ALTUNA
ATHLETIC

Gorka Guruzetak zelaian irabazi du 2028ra arteko kontratu luzapena

Denboraldiko aurrelaririk eraginkorrena da, Iñaki Williamsekin berdinduta, Liga eta Kopa artean sartu dituen hamar golei esker. Era berean, Mikel Gonzalez kirol zuzendariak nabarmendu duenez, Valverderen joko ereduarentzat ezinbestekoa bilakatu da erasoan.

Gorka Guruzetak toki bat egin du hamaikakoan, eta hamar gol sartu ditu Liga eta Kopa artean.
Gorka Guruzetak toki bat egin du hamaikakoan, eta hamar gol sartu ditu Liga eta Kopa artean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Athleticek Gorka Guruzetaren berritzearekin ospatu du Gironaren kontrako garaipenaren biharamuna. 27 urteko aurrelari donostiarrak 2028ra arte luzatu du kontratua. Zelaian egindako lan bikainari esker, berritzea irabazi du. Izan ere, Ernesto Valverderen hamaikakoetan toki bat egin du erdiko aurrelari gisa, eta hamar gol egin ditu 26 partidatan. Iaz lortutako sei golak gainditu ditu dagoeneko, eta taldeko golegile nagusia da, Iñaki Williamsekin berdinduta.

Guruzeta joan den denboraldian itzuli zen Athleticera, Bigarren Mailan Amorebietarekin egindako 13 golei esker. Hasiera batean kostatu egin zitzaion hamaikakoetan sartzea, baina aulkitik irten eta golak egiteko erakutsitako erraztasunak ateak ireki zizkion. Apurka-apurka hamaikakoetan postu bat bereganatu zuen, eta taldearen erdiko aurrelari eraginkorrena bilakatu da. Mikel Gonzalez kirol zuzendariak nabarmendu zuenez, egungo Athleticen joko eredurako aurrelaririk «onena» da.

Horrela azaldu zuen Guruzetaren lana: «Taktikoki bikaina, beti ondo aukeratzen du non kokatu. Eraginkorra da aurkariaren ate aurrean, eta asko hobetu du azken metroetako mugimenduetan. Aurrelari osoa da, balio handikoa guretzat». Guruzetak berak agerraldi batean kontatu zuen moduan, taldekideek ‘Benzema’ ezizena jarri diote, erasoan laguntzeko egiten dituen mugimenduengatik. Williams anaiek asko eskertzen dute bere lana, eta baita Sancetek ere. Golez gain, hiru gol pase eman ditu. Berenguerrek Gironaren aurka egindako bigarren gola izan zen azkena.

Jokalari donostiarra pozik agertu zen kontratu berria sinatu ondoren egindako adierazpenetan. Egindako lanaren fruituak jasotzen ari dela adierazi du, eta San Mamesen jokatu ahal izatea «amets bat» dela aipatu zuen.

Guruzeta Antiguoko taldetik iritsi zen Lezamara gazteen mailan. Basconian 16 gol lortu zituen bi denboraldietan. Bilbao Athleticen, berriz, 18 sartu zituen, eta 2018ko udan lehen taldera igo zen Berizzorekin. Entrenatzaile argentinarra kaleratu ostean, bigarren taldera jaitsi zen, nahiz eta Sevillaren kontrako Kopako partida batean bere lehen gola egin burukada batez.

Lesio larri bat izan zuen belaunean, eta 2020an Sabadellera joan zen Bigarren Mailan jokatzera. Handik Amorebietara igaro zen, Athleticera itzuli arte. Bestalde, Athleticek berritzearen inguruan gaineratu zuen, «Zuzendaritza Batzordeak ezarritako ildo beretik, soldata egitura finkoarekin eta helburuen araberako osagai aldakorrarekin» sinatu duela kontratu berria. Era berean, aurrelariak agerraldia egingo du hedabideen aurrean, Lezaman, ostegun goizean.

BESTE GOLEGILEAK

Guruzetaren berritzea sinatu ondoren, Berenguer izan daiteke hurrengoa. 28 urteko hegaleko nafarrari denboraldi honetan amaitzen zaio kontratua, eta luzapena irabazten ari da, egindako golei esker. Bi lortu zituen Gironaren aurka, eta zazpi sartu ditu dagoeneko Liga eta Kopa artean, Villalibrek bezala. Gainera, gol erabakigarriak izan dira. Esaterako, garaipenaren gola egin zuen Metropolitanon penaltiz, eta Celtaren kontra, luzapenean. Realaren aurkako garaipenean bi golak egin zituen, eta Valentziaren kontra azken unean egin zuen berdinketa.

MEDIKU TXOSTENA

Iñigo Lekuek min hartu zuen Gironaren aurka, eta aldaketa eskatu zuen lehen zatiko 30. minutuan. De Marcos zelairatu zen haren ordez. Athleticek baieztatu zuen giharretako lesioa daukala ezkerreko zangoan. Eskuin hegalekoak Betisen kontrako igandeko partida galduko du ziurrenik, min hartuta dagoen Ander Herreraren moduan. Ikusteko dago datorren asteko ostegunean, otsailaren 29an, Atleticoren aurka jokatuko den Kopako finalerdien itzulerarako bueltan egon daitezkeen.

Lekue eta Herrera jokalari garrantzitsuak dira Valverderentzat. Dena den, lesioei ondo aurre egiten ari da Athletic. Horren adibide da Gironaren aurka Nico Williams eta Sancet aulkian geratu zirela, eta Berenguerrek eta Unai Gomezek maila bikaina eman zutela.

Talde zuri-gorria sailkapeneko bosgarren tokian dago, eta ondo kokatu da datorren denboraldian Europan jokatzeko sailkatze aldera. Bederatzi puntuko koska dauka seigarren postuan dagoen Realarekiko, eta zazpigarrena den Betisek baino hamar puntu gehiago ditu.

Atletico Madrilek daukan Txapeldunen Ligako laugarren postua, berriz, bi puntutara dauka. Hirugarrena den Bartzelona bost puntutara dago, eta bigarrena den Girona, zazpira. 49 punturekin, azken 40 urteetako emaitzarik onenak lortu ditu Athleticek, Ligako 25 jardunaldi jokatu ostean.