Maider EIZMENDI
Kazetaria
JOPUNTUA

Hitzak

Ez naiz akordatzen noiz eta nola ikasi nuen irakurtzen. Etxean ere zehaztapen handirik ematen ez dakite; behin eta berriz irakurtzen nuen liburu xelebrearekin barre egiten zutela baino ez dute akorduan. Ziur nago kostatu zitzaidala, ipurdia ez nuen-eta aulkian asko zanpatzen. Prozesua bete-betean bizitzen ari gara orain etxean, letrak elkarren artean ezkontzen, hitzei eta esaldiei aurre hartzen saiatzen eta, nekosoa izanagatik ere, haien atzean ezkutatzen diren istorio txikien handitasuna aurkitzen, haurrei bideratutako ipuinen atzean helduontzat ere irakaspen asko dago-eta. Baina liburuetatik kanpo, denda eta taberna atarietako kartelak, haien izenak… Etengabeko irakurketa eta aurkikuntza ariketan gabiltza. Galderak erantzuten eta sortzen zaizkigun berriei erantzuna bilatzen. Aspaldian tarte handirik hartu gabe, liburutegira egindako bisitetako batean, buruan eta badaezpada agendan apuntatutako lan horietako bat hartu eta asteburua haren bueltan kateatuta eman dut, pertsonaien bizipenak eta gorabeheretan murgilduta, nirera ekarri eta nigandik urruntzeko ahaleginean, badirelako erakarri baino erabat sartzen zaizkizun istorioak, beldurra, poza, zalantza…

Horiek guztiak eta gehiago sentitu daitezkeela esan diet txikiei, liburua amaitu eta, hasperen sakonean, gainazaletik istorioaren mamia kontatzen diedan bitartean. Eta bizipen asko senti daitezkeela ulertzen hasiak dira, baina hizki eta hitzen bidez aurkitzen ari diren guztia ez da azaltzen erraza; etengabeko irakurketa ariketan zuhaitzetik zuhaitzera lotutako pankartak ere deszifratzen ikasten ari direlako edota albisteetako letra lodiak ulergarri egiten ari zaizkielako; aldarrikapen eta salaketa batzuen atzean gordetzen den errealitatea azaltzea ez da xamurra, eta, aukera handia izanagatik, egokiak diren hitzak bilatzea kostatu egiten da, ur handietan sartu gabe. Ezagutzen dituen pertsonak ikusi ditu inauterietan izandako gertakarien ondorioz zauritutako gaztearen kasua salatzeko agerraldiaren albistean, eta hitz eta irudiak iltzatu zaizkio; galdera sortu zaio, baina nik lasaituko duen erantzunik ezin dut topatu.