GARA Euskal Herriko egunkaria

Donald Trump, Nikki Haleyren «etxean» irabazteko prest

AEBetako hauteskunde presidentzialetara bidean, primario errepublikanoek Hego Carolinan hitzordua daukate asteburuan. Bertakoa da Nikki Haley, baina inkestek garaipen argia iragartzen diote Donald Trumpi. Demokratek, berriz, Michigango barne bozekin dute kezka, Gazako krisiak Joe Bidenen lidergoa higatu dezakeelakoan.

Ostiraleko otoitzaren ondoren, Samraa Luqmanek panfletoak banatu zituen American Moslem Society Mosque elkartearen kanpoaldean. Dearborn Heightseko primarioetan Joe Bidenen alde ez bozkatzeko eskatu zien bertaratutakoei. (Jeff KOWALSKY | AFP)

Ez zegoen argi lortuko zuen, baina Nikki Haley iritsi da Hego Carolinako primarioetaraino. Gobernadore izan zen estatuak bihar egingo du AEBetako presidentegai errepublikanoa hautatzeko barne bozak. Orain arteko bozketa guztietan gertatu den bezala, Haleyren sorlekuko estatuan irabazteko ere Donald Trump da faborito nagusia. Inkestek ehuneko 60tik gorako datuak ematen dizkiote presidente ohiari, eta ozta-ozta 30era iristen dira haren aurkariaren kasuan. Hau da, galdeketa batean baino gehiagotan, Trumpek Haleyren botoen halako bi ditu.

Inkestak joan, inkesta etorri, joera bera errepikatzen da, Trumpek ez irabaztea pentsaezina da, baita Haley hurbil geratzea ere. Ustez Haleyren aldekoen zen estatuan, New Hampshiren, hamar puntuko koska atera zion presidente ohiak, Haleyk bertako gobernadorearen babesa izan arren. Hego Carolinan, estatuko agintari nagusiak Trumpen aurrean makurtu dira otzan-otzan, gobernadore ohiari bizkarra emanda. Tim Scott estatuko senatari eta primarioetan presidentegai izandakoa Trumpen presidenteorde izateko hautagaien artean dago, gainera.

Haleyk zenbat gehiago iraun dezakeen galdetzea ez da harritzekoa. Ez dauka lehia irabazteko aukerarik, baina egia da lasterketa uzteko motibo nagusietako bat dirua agortzea izaten dela. Alde horretatik ez du arazo handirik izan Trumpen aurkako talde kontserbadoreen finantzazioa lortzeko, ezta presidente ohiak mehatxu eginda ere: Haleyri laguntzen ziotenei argi gaztigatu zien, gero ez zuela haien babesik -ez dirurik- onartuko, era horretan aurkariaren aldeko diru-iturria agortuko zelakoan. Itxura batean, ez da halakorik gertatu. Ezta beharrik ere, horratik.

Haleyk lehian jarraitzeko sosak izanda ere, martxoan bertan lor dezake Trumpek uztaileko konbentzioan hautagai izendatzeko behar duen ordezkari kopurua. Adituek martxoaren 20 inguruan kokatu dute, ordurako estatu jendetsuetako primarioak amaituko direlako. Emaitzak oso alde izatera, 10 egun lehenago, bi aste barru alegia, egon liteke egoera horretan. Baina argi dago presidentegai izateko Haleyren estrategia ez dela primarioetako bozketak irabaztea, haietan bizirik irautea baizik, irabazlea, Trump, bidean eroriko delakoan. «Itxaron. Hiru epaiketa ditu orain. Auzitegietan emango ditu martxoa, apirila, maiatza eta ekaina, kanpainan baino gehiago. Eta zoro moduan dihardu biktima dela aldarrika», esan du. «Estatubatuarrek ez dute inolaz ere zigortutako kriminal baten alde bozkatuko. Inola ere ez», esan zuen NBCko elkarrizketa batean.

Haleyren bidea ere ez da hain argia, ordea. Batetik, Trumpen aurkako neurri judizialek ez diote presidente ohiari askorik murriztu jarraitzaile kopurua. Are gehiago, zenbait hautetsi errepublikanorengan egindako presioak handitu egin du Trumpen babesa. Baina egia da datuek agertzen dutela txikiagoa litzatekeela babes hori, auzitegiek zigortuz gero. Trumpen jarraitzaileak ez dira berehalakoan desagertuko, baina beherakada txikienak eragin nabarmena izan dezake bozetan. Kontua da, baina, oraindik hilabete falta dela gutxienez epaiketak hasteko, eta ordurako Trumpek bere esku izan ditzake konbentzioan hautagai izendatzeko behar dituen delegatu guztiak. Une horretan, Trumpek ordezkari nahikoa izan eta epaiketak hastear -baina hasi gabe - direla, Haleyren kanpainak ere zer egin erabaki beharko du. Oraingoz bizirik iritsi da primario errepublikanoetan bere estatura eta bide beretik helduko da ziurrenik super-asteartera. Gainerako hautagaiek, Trumpek salbu, ezin dute halakorik esan.

GAZAKO EGOERAK BEREBIZIKO PISUA IZANGO DU MICHIGANEN

Demokratek Michiganen daukate hitzordua asteartean. Joe Bidenek ez dauka hautagaitza kentzeko moduko balizko aurkaririk primarioetan. Baina Michiganen dei berezia egin dute presidentearen aurka bozkatzeko, Gazako egoeraren aurrean Etxe Zuriak Israelekin daukan jarrera dela-eta.

Rashida Tlaib kongresista palestinar-estatubatuarrak uncomitted (konprometitu gabe) botoa eskatu du, hau da, Bideni babesik erakutsi gabe parte hartzeko eskatu die jarraitzaileei. Detroit kanpoaldeko Dearbornek Estatu Batuetako arabiar biztanle portzentaje handiena dauka. «Aski da. Ez dugu nahi gerrak eta bonbak eta suntsipena bultzatzen dituen herrialde bat. Bizitzaren alde egin nahi dugu, Gazan hildako bizi bakoitzaren aurrean altxatuz».

Alderdi demokratako sektore ezkertiarrena oso haserre dago. «Gu guztiak ordezkatu behar gaituzu, presidente jauna, ez batzuk bakarrik. Su-etenera deitzeko unea da», esan zion Tlaibek Bideni. Horretarako, Listen to Michigan (Entzun Michigani) izeneko taldeak primarioan Biden estutzeko eskaera egin du. 2020ko hauteskundeetan %3ko aldea baino ez zuen lortu Bidenek, eta aurten ere jokaleku garrantzitsuenetakoa izango da Michigan.