23 FEB. 2024 Entrevista JONE LASPIUR “Negu hurbilak” filmaren protagonista «Iheslarien nahasketa bat da Jone» Locarnoko zinema jaialdian Epaimahaiaren Aipamen Berezia eskuratu ondoren, “Negu hurbilak” karteldegira iritsiko da gaur. Jone Laspiurrek gorpuztu du filmeko protagonista. Euskal Herriko gatazkaren amaieran kokatutako ihesaldi baten erretratua egin nahi izan dute Ekain Albitek, Mikel Ibargurenek, Nicolau Mallofrek eta Adria Rocak lehen lan luzean. (Ángela RAMOS - NEGU KOLEKTIBOA) XOLE ARAMENDI DONOSTIA “Negu hurbilak” filmaren karteldegirako iritsierak proiektu berriaren filmaketan harrapatu du Jone Laspiur (Donostia, 1995). Asier Urbieta Bidasoa ibaian egiten ari da bere lehen filma: “Faisaien Irla”. «Irungo mugako migrazio problematikaz hitz egiten du, gai interesgarria», dio aktoreak. Itziar Ituño eta Josean Bengoetxea ere bertan lanean ari dira Arcadia Motion Pictures eta Tentazioak ekoitzitako pelikulan. Mugak berebiziko garrantzia du “Negu hurbilak” proiektuan ere. 2011. urtea da. Bere burua sasian gorde nahi du Jonek -«filmean ez da bere izenik agertzen, baina guk horrela deitu genion», dio-. Ipar Euskal Herrirako bidean Zubietako herriarekin topo egingo du. Eta zubietarrekin. Itxaron besterik ezin du egin han, behe-laino trinkoak erabat inguratzen duen egun eta gau luzeetan. “Ez galdetu non nagoen, leku hau ez da-eta mapetan erraz aurkitzen. Ez galdetu non nagoen, leku hau ez da-eta inongo latitude eta altitudetan agertzen”. Ekhine Eizagirreren “Non” poemaren hitzak dira (“Alde erantzira nabil”, Susa). Bertan aurkitu zuten inspirazioa zuzendariek. Baita Letek idatzi eta Laboak kantu zuen “Negu hurbilak” olerkian ere. Ihesaren esperientzia Euskal Herrian bizi izan duten hainbat pertsonari egindako elkarrizketak ditu oinarri Laspiurren pertsonaiak: «Elkarrizketak ez ziren ez grabatu ez transkribatu, errespetuagatik. Kontakizun oso gogorrak zeuden. Lau pertsonetan oinarritu ziren. Haietako batek lehenengo aldiz partekatu zuen bere esperientzia. Aurrez inorekin hitz egin ez zituen gauzak atera ziren elkarrizketa hartan». Laspiur ez zen bertan. «Ni ez ninduten sartu nahi izan, pertsona hauek ez zituzten esponitu edo deseroso sentiarazi nahi. Zuzendariek niri kontatu zidaten han esandakoa. Gorputz keinuak ere aipatu zizkidaten, zer begirada zeukan, nola mugitzen zen, nola erretzen zuen zigarroa, nola kontenitzen zen edo nola dar-dar egiten zuen... Prozesu oso gogorrak kontatu ziren; errespetu handiz egin da», esan du. Aktore bezala, solasaldietan ez egotea eskertu egin du Laspiurrek. «Askatasun gehiago ematen dizu. Behin pertsona baten mina, errealitatea eta keinuak ikusten dituzunean, hori ez zaizu burutik joaten, eta handiagoa da erantzukizuna. Nik nire Jone bat eraiki dut, askoz libreagoa, nik nahi izan dudanetik», aitortu du. «Iheslarien nahasketa bat da Jone. Frankenstein antzeko bat. Haiengandik sortua eta nik eman ahal izan diodana gehituta», gaineratu du. Ardura sentitu du. «Asko sufritu duen jendea dago, asko sufritzen jarraitzen duena, inoiz hitz egin ez duen jendea dago, eta inoiz hitz egingo ez duena. Nik bizipen horien ehuneko txiki bat jaso ahal izan dut filmean. Ez nuen infantilizatu nahi nire pertsonaia, ez nuen biktima bezala aurkeztu nahi, zaurgarritasun maila neurtu nahi nuen, pertsona sendoa erakutsi nahi nuen. Bere idealek eta bere pentsamenduek eraman dutena egoera horretara, eta ez dena damutzen, eta aldi berean publikoak berarenganako enpatia senti zezakeena. Oso emozionala izan da lan guztia», azaldu du. Apenas gidoirik gabe egindako lanean --eta horrez gain herritarrek hasieratik irauli zuten idatzitako asko- Jone Laspiur da aktore profesional bakarra. «Elkarrizketarik ez zegoen aurrez idatzita. Argi genuen kontzeptua eta eszena bakoitzean zer lortu nahi genuen, bai, baina dialogoa naturala izan da, historiak berak eman duena. Niretzat bai izan zen erronka hasieran ohitzea, delegatzea eta soltatzea. Ez tematzea ‘eszena honetan esaldia aldatu nahi nuke’... ez. Azkenean askatasuna ematen dizu, egindakoa ondo dago». Laspiurrekin batera, zubietarrak dira protagonista. Eta Zubieta. Beñardo Mutuberria, Ana Hualde, Markos Juanikorena, Ibai Juanikorena eta Bautista Santestebanek parte hartu dute kameraren aurrean. Euren izenez ageri dira. Beñardorekin duen eszena da filmaren giltza. «Itxaron beharko duzu» dio Joneri. Eta berak: «Noiz arte?». «Ohitu beharko duzu», Beñardoren erantzuna. «Ezinegona ondo islatzen du. Gu oinarritu garen iheslari erreal horietako bat, adibidez, arratsalde batean etxetik irten eta ez zen Euskal Herrira itzuli hogei urte pasa arte. Ama ikusi gabe hamabi urte eman zituen. Horrelako egoera batean zaudenean, ez dakizu denboran zenbat luzatuko den egoera. Urte erdi bat edo ia zure bizitza osoa. Uste dut lortu dugula ondo iristea ikuslearengana». AKZIORIK EZ Estresa, lasterketak... ihes betean akzioko filmak ikustera ohituta gaude. Lan honetan ez dago horrelakorik. Zain. Kasik egunari aurre nola egin asmatu ezinik. «Ezin du ezer egin, bestela bere kontra joango litzateke. Baina aldi berean ezinegona eta angustia izugarria du». Zuzendariek asmatu dutelakoan dago. «Oso ondo lortu dute muntaketa prozesuan eta eszenen aukeraketan. Denbora hainbeste diluitzen da, hainbeste zabaltzen da, ez dela ikusteko pelikula erraza. Oso motela da. Eta erritmoak ondo laguntzen du neska honen atsekabea publikoarengana iristeko orduan. Egun bat, beste egun bat... Ikusleak ez daki zein egun den eta berak ere ez daki». Denboraren armiarma sarean galduta. Ia mamu bihurtzeraino. «Zehazki guk ere ez genekien gidoian bertan zenbat denbora pasatzen duen neska honek bidean. Guretzat interesgarria zen guztiz argi ez geratzea. Ez dakigu bi aste daramatzan, sei hilabete edo urtebete. Egia esan, berdin zaigu. Hasieran genionera itzuliz, filmak badu poesia hori eta nahaste hori… eta hain interpretazio askea… Baina uste dut horrek ez duela kentzen itxarotearen edo denborarekin diluitzearen esentzia», esan du. ESAN GABEKOAK Pertsonaia kontentziotik nola osatu nahi duen jakin nahi dugu. «Pertsonaia honen oinarrietako bat horixe izan da, kontentzioa. Baina erraza izan zen, inguruak asko eman zidan. Negua zen, hotz egiten zuen eta Zubietako atmosfera gogor hura oso presente zegoen. Egoerak asko lagundu zuen». Isiluneen bidez eraikitako filma da. «Beñardorekin dagoenean, adibidez, Jonek esango liokeen guztia izugarria da. Une oro galdetu nahi dio zer gertatzen den, zer dakien, herrian ezer esan dioten. Galderak besterik ez ditu. Anitarekin dagoenean ere, emakumeak galdetzen dio ea zer moduz dagoen, eta berak ez du ezer soltatzen. Harri bat bezala dago. Eszena bakarra dago, Beñardorekin baserrian dagoenean kontatzen diona bere atsekabea. Une horretan bakarrik ikusten dugu bestearengana irekitzen». Euskal gatazka euren azalean bizi izan ez duten gazteek kontatu izana nabarmendu du Ekain Albitek. «Gatazka bizi izan dugu, baina ez justu une klabeetan. Gertaerak bizi baino kontakizuna jaso dugunok ere eraikitzen dugu Historia. Gainera, zuzenean bizi izan dutenek ere aurkitzen dute filmean zerbait erreala, eta identifikatuta senti daitezke. Badauka errealitate puntu handia, orain arte agertu ez dena», adierazi du Laspiurrek. Poetikotasun handiko lana da. Paisaiak zati handia du horretan. «Prozesuan mamu bihurtu nintzenez eta inguruko elementuek jan edo hartu gintuztenez, paisaia bera protagonistetako bat da. Jone pertsonaia paisaiaren parte da. Garo, zuhaitz eta lanbro artean galduta, bere txamarra erraldoi horren barruan galduta... Jone bera ere paisaia bilakatzen da. Paisaia da». FILMA ETA BIZITZA UZTARTU Herritarrekin sortutako harremana ezinbestekoa izan da emaitzan. «Filmaren zati handia filma egin aurrekoa da. Zubietara urte eta erdi lehenago joaten hasi ginen, herrira pixkanaka egokitzen. Hori guztiz klabea izan zen» Bi zatitan egin zuten filmaketa, 2022an eta 2023an. «Zuzendarien lan egiteko modua berezia da. Inguruko bizilagunak bihurtu ginen momentu batean. Zuhaitzak, baserriko harriak edo bertako animaliak izan daitezkeen bezala. Filmaketan zuzendariek giro oso berezia sortu zuten. Herria gure presentziara ohitu zen, herriko parte izan ginen. Ez ginen pelikula egiten ari, bisitariak edo lagunak ginen, ahaztu egiten ziren filmatzen ari ginela. Denbora asko egin genuen eurekin: jan, musika jo, dantzatu plazan... Oso eskertuta gaude. Pelikula eta bizitza uztartu egin ziren. Egia da ez zutela sinesten filma egingo genuenik, herrian bertan aurkeztu genuen arte». AGUR ESAN Eta agur esateko unea etorri zen. «Itzuliko zara inoiz bisitan?», galdetuko dio une batean etxekoandreak Joneri. «Bai, eszena hori ere klabea da. Gogoratze hutsarekin hunkitu egiten naiz. Malkoak benetakoak dira. Eta Jone pertsonaiari bakarrik ez, niri, Jone Laspiurri ere esaten zidan. Errealitatea diluitzen joan zen. Anita eta Markos gure aitona-amonen modukoak dira, gutaz kezkatzen dira, kontaktua izaten saiatzen gara», adierazi du. Giro goibela gainetik astintzen kostatu egin zitzaizun? «Bai. Asko kostatu zitzaidan erritmoa hartzea, eta jarraitu nuen mamu bat bezala, bizitza errealera, hirira, itzuli arte. Zubieta bezalako herri batean egotea urte asko atzera egitearen antzekoa da. Gauza asko bizi izan ditugu filmean agertzen ez direnak. Jende asko ezagutu dugu, harreman sendoak egin genituen. Prozesu oso hunkigarria izan zen». Beste aitorpen bat: «Oraindik kostatu egiten zait bertara joatea. Ariketa eta esfortzua da. Gure zati handi bat utzi genuen han, eta herriak ere zati handia eman zigun». Locarnoko zinema jaialdian eskuratutako Epaimahaiaren Aipamen Bereziaz galdetu diogu. «Ez genuen espero inondik inora. Izan ere, gradu amaierako lan bat bezala hasi zuten gazteek. Ni baino gazteagoak dira, 23 urte zituzten filmaketan. Sinesgaitza da maila horretako zuzendarien artean epaimahaiak esatea lana handia dela. Sekulako emozioa sentitu genuen. Balio handia du». Artista plastikoa, aktorea, kantaria... dena bakarra da Laspiurrentzat. «Ez ditut ulertzen arteak independenteki. Dena da bat», esan du. Interpretazioak ez bezala asetzen dute arteak eta musikak. «Zineman proiektua beste norbaitek sortzen du eta zu ez zaude hainbeste sorkuntza prozesuan. Pertsonaiari dagokionean bai, noski. Arte plastikoekin edo musikaren edo antzerkiarekin -zuk sortzen baduzu obra- alderatuz, agian motz geratzen da aktorearen bizipena. Askotan eduki dut sortzailea ez izatearen sentipena. Nakar taldearekin alde hori berreskuratzen ari naiz, eta lasaitzen nau. Ez dut galdu nahi sortzeko gaitasuna», gogoeta egin du. MINA«Behin pertsona baten mina, errealitatea eta keinuak ikusten dituzunean, hori ez zaizu burutik joaten, eta handiagoa da erantzukizuna». HISTORIA«Gatazka bizi izan dugu, baina ez justu une klabeetan. Gertaerak bizi baino kontakizuna jaso dugunok ere eraikitzen dugu Historia».