GARA Euskal Herriko egunkaria
WINTER SERIESEKO TXAPELDUNAK
Entrevista
Aritz Erkiaga eta Ion Ibarluzea
Puntistak

«Winter Series sasoi onean dago, baina zesta-punta, oro har, ez»

Aritz Erkiagak (Ispaster, 1987) eta Ion Ibarluzeak (Markina-Xemein, 1996) irabazi dute Winter Serieseko hirugarren edizioa. Ispasterkoak, iazko Jai Alai Leagueko txapeldunak, sasoiko hasi du urtea eta markinarrak, bere debutean, «ametsa bete» du. Zesta-puntaren egoeraz solastatu dira GARArekin, profesionaletatik hasi eta zestagile urrien arazoa azaltzeraino.

(Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

 

“Pantera arrosak” izan dira Winter Seriesen, isilpean baina zital. Finalean Goiko-Lekerika bikotea menderatu zuten Erkiaga eta Ibarluzeak, bigarren jokoan bikain arituta. Aritz Erkiagak beste txapel bat jantzi zuen. 2023. urtean Jai Alai Leagueko txapelduna izan zen, Gorka Sorozabal atzean lagun, eta urte berria Banakako txapela irabazita estreinatu zuen, bere hirugarrena.

Ion Ibarluzearentzat ametsetako txapelketa izan da Winter Seriesa. Duela hiru urte harmailatik ikustetik kantxan jokatzera igaro da estreinakoz, eta ezin hobeto aritu da, Erkiagarekin bikotea osatzeak sor lezakeen presio guztiak gutxika-gutxika askatzen joanda.

«Ni jokatuta nago hemen, astelehenez, eta galdetu behar izatea ea ateak ireki dituzten, harmailan 50 pertsona soilik ikusita», esan du Erkiagak. Miamin (AEB) 13 urte eman zituen; zesta-puntan benetako ikasketak izan zirela berretsi du. Orain, Euskal Herrian, olatua sortu eta hobekuntza nabari den arren, hutsune asko daudela eta hauek betetzea kostatu egingo dela diote.

Ia astebete da Winter Series irabazi zenutela. Zer moduz?

Aritz Erkiaga: Ondo. Jada txapelketa berrian pentsatzen. Durango buruan, Winter Series baino txapelketa garrantzitsuagoa da zestarentzat. Winterra badakigu ondo dagoela, baina hurrengo ediziora bitartean dauden txapelketetan maila ona eman behar dugu. %100eko konpromisoa eduki. Nahiz eta zarata gutxiagoko txapelketa izan, hor ondo egin beharko da, datorren urtean berriro ere zaletuak gogoz edukitzeko.

Sentitzen duzue, beraz, presio hori, urtean zehar ondo egin beharrekoa?

A.E.: Noski. Badakigu Winter Series sasoi onean dagoela, baina zesta-punta ez dago ondo. Denon erantzukizuna da hau aurrera ateratzea eta partida guztietan %100 ematea, nahiz eta Masters bat izan. Ikuskizuna eman, giro ona eduki frontoietan, gazteak ere berriro engantxatzeko. Uste dut hori dela gakoa, zesta-punta aurrera eramateko.

Zesta-punta ez dagoela ondo esan duzu.

A.E.: Ez dugu nahikoa zestarik. Zestagile gutxi daude, daudenak zaharrak dira, frontoietan orduak ez daude hainbeste. Esku pilotak lekua kendu dio zestari. Orain horri buelta ematea ez da erraza. Afizionatuek ere maila makal samarra daukate, ez dutelako eduki AEBetan ikasteko aukera, diruaren truke. Han ikasten zen; hemen bi ordu entseatuta, zaila da. Txapelketa gutxiago daude ere bai. Asko dago hobetzeko.

Ion, eta zure ikuspegitik, afizionatu bezala?

Ion Ibarluzea: Bai, ikusten da, Winterrak edo udako txapelketak alderatuta, duela hiruzpalau urte baino askoz jende gehiago mugitzen duela, baina, bai, lan egin behar da gazteen maila hobetzeko. Jauzi handia dago afizionatuen txapelketatik profesionaletara, fisikoki eta teknikoki zer esanik ez. Trantsizio hori egitea da hobetu behar dena. Bigarren maila bat sortzea-edo polita izango litzateke, sendotzeko gazteok eta zirkuitu horretan sartzeko.

Azken urtean profesionalen zirkuituan sartzen ari zarete.

I.I.: Hor ikusten dena da orain arte lehen mailan egon diren asko erretiratzen doazela: Goiko, Diego [Beaskoetxea], Irastorza... Hutsune batzuk sortzen ari dira eta belaunaldien erreleboa gutxika-gutxika gertatzen ari dela esan daiteke. Baina urrats asko egin behar dira hori hobetzeko.

A.E.: Ez da erraza gurekin sartzea, ze guk ere ez ditugu hainbeste partida. Hegoaldean, urtean 30 partida edo jokatuko nituen; Iparraldekoekin batuta, 50 inguru. 30 partidatan gazte asko sartzen badituzu, bakoitzak ez dauka partida askorik; gutxi sartzen badituzu, esango dute beti berdinak gaudela... Entseguak egin ahalko ziren, baina zail dago. Ez gara profesionalak, bakoitzak bere lana dauka, frontoietan ez dago ordu librerik kanpotik datorrenarentzat. Ez da erraza oraindik profesionala ez den kirol batean jendea profesionalizatzea.

Eta harrobian ikusten duzu al etorkizunik?

A.E.: Momentu arin baterako ez dago askorik. Lehengo mailarik ez dago, ez da euren kulpa ere. Ez dute ikasi AEBetan. Han astean zortzi bider jokatzen genuen, egun bat jai eta bi doble, eta diruaren truke. Hemen, astean bi entsegurekin eta hainbesteko motibaziorik gabe, batzuk badaude; baina gainerakoek nahi ez badute, ez da ikasten. Ez dut ikusten gazte askorik gogor zapaltzen datorrenik.

Apur bat ezkor ikusten zaituztet. Winter Serieseko txapeldunak zarete. Nola bizi izan zenuten finala?

I.I.: Espero baino errazago irabazi genuen, emaitza ikusita. Eurek ziren faboritoak, tentsio gabe atera ginen jokatzera. Nik zalantza hori baneukan, ea urduritasunak eragin egingo ote zidan. Horrelako oihartzuna daukan txapelketa batean ez nekien ongi nola erantzungo nuen. Mentalki ere prestatu egin nintzen. Pentsatu nuen Winter Serieseko finala zela, ez nekiela berriro horrelakorik jokatzeko aukera izango dudan; beraz, disfrutatzeko asmoz atera nintzen. Pentsamendu horrek asko lagundu zidan. Lasai jokatzen hasi nintzen, gustura, Aritzek ere sekulako partida egin zuen, asko lagundu zidan. Egin beharrekoa ondo egin genuen, eta oso pozik.

Presio hori izango zen baita ere, jakinda arerioen estrategia izango zela Erkiaga jokoz kanpo uztea eta zu kargatzea, ezta?

I.I.: Txapelketa osoan errepikatu da hori. Normala da Aritz saihestu nahi izatea, partidako 18 tanto egiten ditu-eta; beraz, pentsa... Xuabe-xuabe, lasai hartu behar nuela banekien. Ahalik hutsegite gutxien egin eta, aukerako pilota neukanean, ahal nuen guztia atera, gu menderatzen hasteko eta Aritzek aurrean aukerak izan zezan.

Lehen tantoetan eurek atzean kargatu zuten. Saiatu zirela min egiten. Baina 7-9tik aurrera ez zen kolorerik egon.

A.E.: Final bat zen, urduritasunak daude. Ikusi genuen finalerdietan, bigarren seta galdu zutenean, izan zela Lekerikak errebesez jokatu zuelako. Jakin genuen errebesa topatuz gero, errazagoa izango zela irabaztea. Ezker hormara ondo botatzea izan gakoa.

Bigarren jokoan segituan hartu zenuten aurrea. Gainera, Goikok ere pilota erraz batzuk galdu zituen, eta pena giro hori nagusitu zen.

A.E.: Pena esajeratua. Zesta-puntako erreferente bat erretiratu da. Partida honek ez dut uste bere ibilbidea laburtzen duenik, inola ere ez. 43 urterekin horrelako final batera iristeak nahikoa meritu badauka. Lehen set erdialdetik aurrera, markagailua ez zen asko estutu. Nik uste dut jende gehiena Goikoren agurrerako hurbildu zela, finalera baino.

Faborito txartela Goiko-Lekerikak zeukaten. Zuentzat ere hain faborito ziren?

A.E.: Nik, txapelketan zehar, Johan-Lopezek erraz irabaziko zutela pentsatzen nuen. Baina bai pentsatzen dut Lopezekin jokatzeak presio asko eragin behar izan diola Johani. Ez baduzu irabazten, Johanek galtzen du; irabazten baduzu, Lopezek egiten du... Hori dauka horrelako pilotariekin jokatzeak.

Nola ikusi duzue txapelketa?

A.E.: Ia partida guztiak erabaki dira 2-0, gure biak kenduta. Emozio askorik ez da egon, soso samarrak izan dira. Aurten joan da jendea frontoira, baina horrela jarraitzen badugu, jendea kantsatu egingo da. Oso garrantzitsua da kritikoak ere izatea, errealistak izan behar dugu.

Azken bi urteetan dominatzen ari zara. Badaukazu faboritoaren motxila hori?

A.E.: Momentuz ez, ze hor eduki ditugu Goiko eta Lopez. Horrek biak dauden artean, beraiek dira faboritoak, batez ere Lopez dagoenean. Bera ikusten dut dena irabazteko gai. Atzean parekotasun gutxiago dagoela pentsatzen dut, beste maila batean dago. Aurrean gehiago gaude: Barandika, Olharan, Johan, ni...

Ion, amets onenean ere ez zenuen amestuko horrelako txapelketarik. Zer sentitu zenuen irabazitakoan?

I.I.: Poza. Duela hiru urte harmailatik ikusi nuen txapelketa hau. Eta helburu bat bezala zen egunen batean jokatzea. Entseatzen jarraituta, lortu dut aukera bat, eta jokatu eta gainera irabaztea... Ametsa beteta, helburua kunplituta.

Goikoren azken pilotakada txapara joan zen.

A.E.: Sekulako pena hartu nuen. Ez nuen negar egin eskapu egin nuelako. Super tristea izan zen niretzat. Azken hogei urtetan erreferentzia izan da. Jendeak zesta-punta Goikorengatik ezagutzen du.

Xabi Barandikak zioen, Gernikako zesta-punta eskolan, 14-20 urte bitartean hutsune handia zegoela.

A.E.: Eta hori da belaunaldien artean dagoen hutsunea. 18 urtetik 27 urtera bitartean ez dago lehengo maila.

I.I.: Markinan ere badago 16-23 urtera bitartean hutsune handia. Egongo dira bat edo bi. Umeak, aldiz, 10 urte ingurukoak badaude pila bat.

A.E.: Duela bi urte izan nintzen Gravniko hautatzailea, Bizkaian, 22 urtez azpikoetan. Bizkaia guztian hiru-edo zeuden.

Goiko izan da ikusgarritasun handiena eduki duena. Bere erretiroak eragingo al du zerbait?

A.E.: Seguru. Oso mediatikoa izan da, jende guztiak ezagutzen du. Norbait izan beharko da irudia, komenigarria litzatekeelako umeek eredu bat edukitzea.

I.I.: Aritz ere badabil azken urteetan txapel pila bat irabazten; agian, bera ere erreferentetzat hartu ahal da [barreka].