GARA
DONOSTIA

Ertzaintzak istiluetarako duen protokoloa ikusi nahi du EH Bilduk

Xuhar zaurituta utzi zuen Tolosan Ertzaintzaren oldarraldia gertatu zenetik bi aste pasatu direnean, Poliziak egindako kargaren inguruko xehetasunik ez dago momentuz. Erabilitako protokoloa publiko egiteko beharra berretsi du EH Bilduko Julen Arzuagak NAIZ Irratian.

Arzuaga, Sortuko kideekin, Xuharri babesa adierazteko Tolosan egin zen ekitaldian.
Arzuaga, Sortuko kideekin, Xuharri babesa adierazteko Tolosan egin zen ekitaldian. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Villabonako Xuharrek begi bateko ikusmena neurri batean galtzea eragin zuen Ertzaintzaren kargari buruz dena dago argitzeko, Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak kritikatu zuenez. Nonbaitetik hasteko, istiluen aurkako materiala erabiltzeko protokoloak zein diren jakin nahi du koalizio abertzaleak.

EH Bildun segurtasun gaiez arduratzen da Julen Arzuaga legebiltzarkidea. NAIZ Irratian izan zen atzo, eta Tolosako karga poliziala mintzagai izan zuen. Ohartarazi zuen, Iñigo Urkulluk hauteskundeak apirilaren 21erako deitu dituenez, otsailaren 27an desegingo dela Gasteizko Legebiltzarra, eta bertan behera geratuko da Josu Erkoreka Lakuako Segurtasun sailburua hilaren 28an egitekoa zen agerraldia. Elkarrekin Podemos taldearen eskariz, Tolosako gertakariei buruz hitz egin behar zuen egun horretan. «Beste Parlamentu bat osatu arte ez da gertatutako», aditzera eman zuen EH Bilduko ordezkariak.

Antzeko gertakariekin iraganean baliatu izan duen eskema berbera betetzen ari da Lakuako Segurtasun Saila, Arzuagaren esanetan: hasieran Ertzaintzak barne ikerketa egingo zuela iragarri zuen eta gardentasunez jokatuko zuela ziurtatu zien herritarrei, baina gutxira «dena nahasten ari dira, eta gauzak lausotzen», esan zuen legebiltzarkideak. Begi-bistakoa izan zen hori Erkorekak asteazkenean eginiko adierazpenetan, zalantzan jarri baitzuen Xuharren zauria Polizia autonomikoaren agenteek eragin zutenik.

Villabonako 16 urteko gaztearen kasutik harago, Julen Arzuagaren ustez, funtsezkoa da jakitea Ertzaintzak material arriskutsuak erabiltzeko bete beharko lituzkeen irizpideen berri. «Guk eskatzen duguna da, lehenik eta behin, jakitea zer protokolo existitzen diren istiluen aurkako materiala erabiltzeko», galdegin zuen Arzuagak. Aipatu zuenez, Segurtasun Sailak argudiatzen du protokolo horiek ezagutarazteak Ertzaintzaren eraginkortasunari kalte egingo liokeela, baina horrekin ez zen ados agertu EH Bilduko legebiltzarkidea. Kataluniako Mossoek, esate baterako, euren webgunean ikusgai dute erabiltzen duten protokoloa.

Julen Arzuagaren ustez, «horrelako materiala soilik erabil daiteke, eta hala ezartzen dute nazioarteko aginduek ere, agenteen bizitza arriskuan dagoenean». Hortik tiraka, galdera argia egin zuen Arzuagak irratian: «Hori gertatu zen Tolosan?»

PILOTAK, GERRITIK BEHERA

Beste zehaztapen bat egin zuen Arzuagak. Teorian, gomazko pilotek edo foam jaurtigailuek ezin dute inor aldakatik gora jo, baina Tolosako inauterietan zauritu zituzten hiru pertsonek buruan dituzte kolpeak. Eta ondorio orokor gisa, honako hau jarri zuen mahai gainean: «Kongruentzia, eraginkortasuna eta proportzionaltasuna behar dira, baina hiru irizpide horietatik bakar bat ere ez zen bete Tolosan».

Arzuagak gaineratu zuen egun hauetan Xuharren senideekin egoteko aukera izan duela; momentu zaila pasatzen ari badira ere, publikoki instituzioetako arduradunei egin dizkieten eskaeren argitasuna txalotu zuen: «Zer gertatu den jakin nahi dute, eta zer egingo duten hau berriro ez gertatzeko», ziurtatu zuen.

Tolosan gaur astebete egindako mobilizazioan Xuharren familiak zabaldu zuen proposamenarekin bat egin zuen EH Bilduko legebiltzarkideak. «Trafiko arloan, erreskate mailan... diren ertzainek ahotsa altxatu behar dute», esan zuen; batetik, 16 urteko billabonatarrari eta gainerako zaurituei gertatu zitzaiena argitzeko eta, bestetik, Ertzaintzak daraman bilakaerari buruz beraien iritzia eman dezaten.