Andoni ARABAOLAZA
KIROL OSASUNA

Lehiakideen elikadura nahasmenaren inguruan jarrera aitzindaria hartu dute

Kirol Eskaladako Nazioarteko Federazioak (IFSC, ingelesezko siglekin) protokolo berriak indarrean jarri ditu arazo hori saihestu ahal izateko. Besteak beste, lehiaketetan kontrol aleatorioak egingo ditu.

Kirol Eskaladako Nazioarteko Federazioak lehiakideen osasuna bermatzeko protokoloak indarrean jarri ditu.
Kirol Eskaladako Nazioarteko Federazioak lehiakideen osasuna bermatzeko protokoloak indarrean jarri ditu. (ISCF)

Elikadura nahasmenduaren inguruan egin zen “Light” dokumentalak badirudi gai horri kirol eskaladan foku berezia eskaini diola. Urte batzuk badira dokumental horretan azaltzen diren protagonisten iritziak kaleratu zirenetik, eta baiezta dezakegu arazoa oso zabalduta dagoela mundu horretan.

Lehiei dagokienez, bederen, Kirol Eskaladako Nazioarteko Federazioak (IFSC) bere lanen artean gai hori lehen lerroan jarri du. Hots, benetako lehentasuna eman dio. Eta horrek bere isla du indarrean jarri dituen arau berrietan.

Hartutako erabakien artean aurreratu behar dugu federazio horrek elikadura nahasmenduaren eta urritasun energetikoaren sindromearen (RED-S) inguruan protokolo berriak aplikatuko dituela. Helburua, jakina, arazo horri aurre egitea da. Kirol eta lehia ezberdinen munduan, araudi aitzindari baten aurrean gaude; izan ere, eskalatzaileen osasuna bermatzeko neurriak dira. Lehietan kontrol aleatorioak egiteaz gain, federazio estatalek kirolariak monitorizatu eta ebaluatu beharko dituzte.

“Light” dokumentalak izan duen indarrak eta, batez ere, joan den udaran federazio horretan izan ziren iskanbilek egoera berri horretara eraman dute. Gogoratu behar dugu nazioarteko federazio horren osasun batzordean dimisio oso esanguratsuak izan zirela. Besteak beste, Eugen Burtscher presidentearena eta Volker Schoeffl ordezkariarena. Biek ala biek federazioaren zuzendaritzari aurpegiratu zioten arazo larri horren inguruan ez zuela ezer egiten. Lehiakide batzuk ere bat etorri ziren salaketa horrekin.

Antza denez, krisi horrek federazioa mugitzea ekarri du. Ia denborarik galdu gabe, gai horretan bere burua eguneratu du eta aipatu ditugun protokolo berriak martxan jarri ditu. Berriro diogu, lehiakideen RED-S sindromeari eta elikadura nahasmenduari aurre egiteko xedez. Bide batez, gogoratu behar dugu modu batera edo bestera IFSC behartuta zegoela jarrera ezberdin bat hartzera. Eta hori diogu heldu den abuztuan Olinpiar Jokoak izango direlako. Iaz Tokion bezala, frantziar hiriburuan ere kirol eskaladak tokia izango du. Horrekin batera, olinpiadetara sailkatzeko egin behar diren probak datozen hilabeteotan jokatuko dira.

PROTOKOLOAK

Arestian aipatu ditugun araudi berriei dagokienez, Marco Solaris presidenteak baieztatu du sistema berriak kirolarien osasunarekin erabateko ardura hartzen duela: «Arautegiak arriskuan dauden eskalatzaileak zeintzuk diren zehazteaz gain, arazo horren inguruan kontzientzia handitzen lagunduko du. Arazoa duenari lagunduko diogu, eta haien eskubideak babestuko ditugu. Arrakasta lortu nahi badugu, federazio estatalek giltza izango dute; izan ere, kirolari horien eskumena dute».

Horrek esan nahi du federazio estatal bakoitzak kirolarien monitorizazioa eta osasun egoera ebaluatu beharko dituela. Ondo bidean, eskalatzaileak RED-S osasun ziurtagiria jasoko du eta horrek eskubidea emango dio nazioarteko hitzorduetan parte hartzeko. Galdetegi bat bete eta gorputzaren masaren, bihotzaren eta odolaren inguruan osasun azterketak egin beharko dituzte.

Ondoren, azterketa horien emaitzak egokiak ez badira, beste batzuei aurre egin beharko diete. Tiroideak, kolesterola, testosterona… neurtuko dizkiete. Emaitzen arabera, arriskurik ez badago edo arina bada, kirolari horrek lehietan parte har dezake. Ertaina, altua edo oso altua bada, debekatuta izango du nazioarteko hitzorduetan egotea.

Protokolo eta araudi horiekin guztiekin amaitzeko, IFSC erakundeak aurreratu du lehiaren aurreko egunetan eskubidea izango duela kontrol aleatorioak egiteko. Besteak beste, honako arloak neurtzeko: gorputzaren masa, odola, bihotza, ortostatismoa… Kontrol horiek gainditzen ez badira, kanpoko batzorde batek aztertuko ditu lehiakide horiek. Eta hark erabaki ere, lehiaketa horretan parte hartu dezaketen ala ez.