EDITORIALA

Eskumen urraketa argudio susmagarria denean

Gasteizko Gobernuak atzo iragarri zuenez, Estatuko Etxebizitza Legearen aurkako konstituzio-kontrakotasun helegitea jarri du, «Estatuak horretaratuta». Lakuak mahai gainean jarri zuen akordioa baztertu omen zuen Madrilgo Gobernuak, euskal eskumenak onartzea, alegia, eta dagoeneko ez omen dago akordiorako aukerarik. Lakuako Gobernuko bazkide nagusia lege horren aurka agertzeko motiboa EAEri dagozkion eskumenen urraketa da. Argudio bertsua erabili zuen UPNk ere Espainiako Senatuan, lege beraren aurkako betoa erregistratu zuenean: Nafarroarenak diren eskumenak urratzea.

Lege hori ez da erabateko konponbidea, baina eskrupulurik gabe herritarren oinarrizko beharren kontura aberasten ari direnei mugak jartzea norabide oneko urratsa da; hori baino ez, baina hori ere bada Etxebizitza Legea, eta abian da tentsio handiko eremuak izendatzeko prozesua. EAJk ez du lege hori gustuko eta EAEk bere etxebizitza lege propioa duela dio. Hala da, baina ez dirudi hori ere jelkideen oso gustukoa denik, Gasteizko Parlamentuan onartu zenean ez baitzuen babestu, eta ondoren ez ditu baliatu ematen dituen aukerak, hala nola hutsik dauden etxebizitzak zergapetzea edo bankuenak desjabetzea eta okupatu gabekoak merkaturatzea. Bere Gobernuari aukera horiek aplikatu eta garatzeko eskatu zioten, baina ez du zirkinik ere egin. Hori dela eta, Stop Desahucios kaleratzeen aurkako plataformak esan du EAJk argudiatzen duen eskumen inbasioa aitzakia baino ez dela. Jakina, argi eta garbi espekulazioaren babesle agertzea baino, edozein argudio izan daiteke itxurosoagoa.

Etxebizitza eskubidea da, eta eskubide hori bermatzera bideratutako neurrien gainetik espekulazioa lehenestea ez da onargarria, hori erregulaziorik ezaren eta funts putreen legea da. Herritar asko, gero eta familia gehiago, beren oinarrizko eskubideen artean aukeratu beharrean daude: etxe batean lo egiteko alokairu ikaragarria ordaindu edo behar bezala jan, edo argia eta beroa bermatu. Dena batera gehiegizkoa da, nonbait, behar horien kontura negozioa egiten dutenentzat. Eta legeak ere horien zerbitzuko nahi dituztenentzat.