Jon ORMAZABAL
PILOTA

Play-offaren krudeltasuna muturreraino eramanda, finalerdietan dira Artola-Imaz

Peña-Albisu 12-19 ere izan ziren aurretik, baina, alegiarrak tanto bakarra amaitu zuen arren, lanaren eta sufrimenduaren bidez, ezinezkoa zuten partida bati buelta emateko gai izan ziren, hein handi batean aurkariek pilatutako 16 hutsei etekina aterata.

Ez sinisteko moduko partida atera zuten aurrera Artolak eta Ander Imazek.
Ez sinisteko moduko partida atera zuten aurrera Artolak eta Ander Imazek. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Pilota borobila dela esan ohi dugu azalpen garbirik topatzea ezinezkoa zaigun partidetan, eta gaur ere topiko horri heldu beharko diogu Iñaki Artolak eta Ander Imazek finalerdietara sailkatzeko irauli zuten dema azaldu nahi izatera. Izan ere, alegiarrak tanto bakarra eginda -partidako lehen berdinketa jarri zuen hogeinakoa-, 12-19 galtzen zuten partida bat iraultzeko gai izan dira txintxarria eta oiartzuarra. Ziur Jon Ander Albisuk ere egunak beharko dituela horren ondo bideratua zuten partida batetik nola irten zen ulertzen saiatzeko -10 pilota galdu zituen, horietako asko garbi-garbiak eta azken aldera-, eta bere kide Jon Ander Peñak ere pena galanta izango du hurrengo egunetan, azken txanpa horretan partidaren pisu guztia amiltzen ari zen atzelariaren bizkar utzi izanagatik. 15 asteren ostean, sailkapena asteburu batean jokatzea berez krudela izan badaiteke, krudeltasun hori muturrera eramanda aurrera egitea lortu zuten Artolak eta, batez ere, Ander Imazen lehiakortasunak, aspaldi ikusi dugun amaierarik aldrebesenean.

Pilotan eta kirolean justiziaz hitz egitea naif xamarra izan badaiteke ere, orain arte egindako ibilbideagatik, Artola-Imazek aurrera egitea merezi zutela esan genezake, nahiz eta une erabakigarrian oiartzuarra bakarrik, eta bigarren erdian, gerturatu orain arte egindakora. Behetik gora nabarmen eginda, oiartzuarrak ia bakarrik eutsi zion partidari unerik zailenean, eta azken txanpako kaosean bera izan zen laukoteko onena, fisikoki akituta egon arren, eskuinez pilota bizi astinduz eta goitik behera egin zuen Albisu zigortuz. Gainontzean distira handirik gabe aritu bazen ere, erasoan azken asteetako konfiantzaren arrastorik gabe, lan horretan ere Jon Ander Peñak baino dezente gehiago lagundu zion Artolak bere bikoteari, eta hein handi batean, zailtasunak zailtasun, bien artean lortu duten konexioan egon da bikote honen arrakastaren gako nagusia.

GIRO HOTZA

Demaren garrantziagatik, halako pisua zuen garaipena jokoan egonda pilotalekuak erakusten zuen hoztasunagatik, Artolaren gaixoaldiak eta osteguneko porrotak eraginda gorriek pasa duten aste zailagatik edo ziurrenik horien guztien batuketagatik, Artola-Imaz orain arte txapelketan izan direnaren antipodetan zirela ekin zioten lehiari; hau da, lehiakortasunik gabe, ausardia faltan eta behar baino pilota gehiago galduz. Mugimenduetan ohikoa duen bizitasunik gabe eta protagonismo oso gutxirekin, Artolak ez zuen jokoaren erritmoa berak ezartzeko inolako aukerarik izan, eta atzean Jon Ander Albisu oso nagusi izan zen eskuinez pilota gozatzerik izan ez zuen Ander Imazen aurrean.

Gauzak horrela, konturatzerako, Peñaren erremate on pare batekin, urdinak 6-0 eta 9-1 aurreratu ziren, tanto piloteaturik apenas izan zelarik. Hortxe hasi zen atzelari oiartzuarra lehen aldiz eskuinez pare bat pilota gozatzen, eta alegiarrak eta Imazek lehen susperralditxo bat izan zuten, baina lehen atsedenaldirako berriz ere berreskuratu zuten Peña eta Albisuk zortzi tantoko aldea (12-8), ataundarrak atzeko koadroetako aginte makila berreskuratuta.

Gorrien ezina, fisikoa baino, burukoa zela argi xamar geratu zen aldageletatik bueltan; dena oso beltz ikusi zutenean, hortzak estutu, Albisu estutzeko partidari nola edo hala eutsi, eta partida aldatzeko gaitasuna erakutsi baitzuten ligaxka luzea laugarren postuan amaitutakoek. Lehen saiakera batean, bost tantora ere gerturatu ziren alegiarra eta oiartzuarra ataundarraren lehen ahultasunak agerian utziz (13-8). Bigarren atsedenaldirako, ordea, egoera kontrolpean zutelakoan joan ziren aldageletara, goierritarraren pare bat pilotakada oni esker lortutako zortzi tantoko aldea berreskuratuta (18-10); erabakigarria zirudien.

Hortik aurrera, ordea, oso gutxitan, baina tarteka izaten diren irauli horietako bat jazo zen partidan. Albisu azukre koxkor bat bezala disolbatzen ari zela ikusita, Artola-Imazek partida gogortzearen aldeko hautua berretsi zuten, aurkaria pilotakada bat gehiago jotzera behartuz, eta Peña-Albisu ez ziren erronka horri eusteko gai izan. Erasoan apenas arriskurik hartu zuten, eta Imazen sendotasuna eta freskotasuna gailendu ziren azkenerako; ezinezko garaipen bat eskuratu zuten.