Mikel IBARGUREN
Idazlea
JOPUNTUA

Afixa Gorria

Louis Aragonek idatzitako poema oinarri hartuta eta gerora Leo Ferrek abesti bihurtuta erreskatatu zen ahanzturatik nazien aurkako partisano komunisten erresistentzia. Naziek Parisko kaleetan ezarritako afixa gorri horretan 23 partisanoren argazkiak daude, FTP-MOI (Frankotiratzaile eta Partisanoak-Immigranteen Eskulana) deituriko atzerritarren taldeko kideak denak. Missak Manouchian zen taldeko burua. «Krimenaren Armada» deitzen zuten naziek. Sabotaje ezberdinengatik ez ezik, Julius Ritter koronel nazia hiltzeaz akusatu zituzten eta, begia begi truk, Mont-Valerien gotorlekuan fusilatu, taldeko emazte bakarra izan ezik: Olga Bancic errumaniarra. Hau Alemanian exekutatu zuten burua moztuta. Parisko Continental hotelean antolatu epaiketa-parodian esan zuen Manouchianek: «Zuek frantses herritartasuna herentziaz jaso duzue; guk, aldiz, merezimenduz».

Manouchian armeniarra zen, bere emazte Melinee Assadourian bezala (honek sarekadari iskin egin zion), umezurztegi batean hazia, obreroa, komunista eta poeta zen. Fusilatu aurretik Fresnes kartzelako 3. dibisioan (bide batez esanda, belaunaldi ezberdinetako euskaldunon presondegi izandakoa) atxiki zituzten. Azken gutunean zera diotso Melinee-ri: «Zoriona, biziraungo duzuen guztioi. Alemaniar herritarrenganako herrarik gabe hilko naiz».

Aurreko astean Parisko Panteoian sartu dituzte Manouchian eta Melineeren gorpuzkiak. Haiekin batera taldeko besteen izenak ere bai. Frantzia okupatuan nazien kontra borrokatu ziren atzerritarrei omen egin nahi izan die horrela. Erresistentziaren historian De Gaulle jenerala eta Jean Moulin, Erresistentziaren Nazio Kontseiluko burua, baino ez zeudela ematen zuen. Baina afixa gorriko haiekin batera, ezezagunetan ezezagunenak, euskaldunak barne (Galo Bordeje Sestaoarra, egun batzuk geroago Mont-Valerien-en fusilatu zutena), baita emazteak ere (ugari eta aktiboak) omentzeko balio beza guzti honek, memoria poliedrikoa berreskuratzeko. Izan ere, ertz bat hautsia duen iraganarekin ezin baita etorkizuna osorik osatu.