NEREA LAUZIRIKA
BILBO

«Bihar arte soilik», harremanak gazteen ikuspegitik

Erre Produkzioak konpainiaren “Bihar arte soilik” antzezlanaren lehen emanaldia ikusteko aukera izango da asteazkenean Bilboko Arriaga antzokian. Lau gazte dira protagonistak, gazteen ikuspegitik heltzen dielako obrak harremanei, hain zuzen ere. Euskarazko bertsioa estreinatuko dute bihar, eta etzi aldiz, gaztelerazkoa; biak ordu berean emango dituzte, 19.30ean.

Arriaga antzokian aurkeztu dute antzezlana.
Arriaga antzokian aurkeztu dute antzezlana. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Erre Produkzioak konpainiaren “Bihar arte soilik” antzezlana estreinatuko dute asteazkenean, Bilboko Arriaga antzokian. Lau gazte dira protagonistak, gazteen ikuspegitik heltzen dielako antzezlanak harremanei, hain zuzen ere. Euskarazko bertsioa estreinatuko dute bihar 28an eta etzi, berriz, gaztelerazkoa.

David Caiñak idatzi du testua eta Gorka Minguezek zuzendu du antzezlana. Kepa Errasti arduratu da euskarazko egokitzapena egiteaz. Lorea Intxausti, Nerea Elizalde, Albar Cirarda eta Mikele Arizkorreta aktoreak izango dira oholtza gainean.

Egungo gazteek harremanak ikusteko duten modua hartu du oinarri Caiñak testua ontzeko, aktoreekin hartu- emanean aritu ostean. Izan ere, Arriaga antzokian atzo egindako aurkezpenean aitortu zuen ezezaguna zaiola harreman irekien gaia, are gehiago aktoreen adineko gazteen ikuspegitik.

Elizaldek azaldu zuen inertzia albo batera uzteko gonbita egiten duela antzezlanak. «Nork bere buruari galderak egiteak» duen garrantzia azpimarratzen duela gaineratu zuen Arizkorretak; hau da, segurutzat duguna ere zalantzan jartzea.

Olatz, Ilargi, Aitziber eta Ekaitz dira protagonistak, elkarrekin Karibera oporretan doazen lau lagun, haietako bati zozketa batean oparia egokitu ondoren.

Nerea Eizmendik egingo du Olatzen papera. Aitziberren bikotekidea da eta Eizmendik adierazi zuen buruan gauzak «oso argi» dauzkan neska dela, «baina gorputzak beste gauza batzuk eskatzen dizkio». Izan ere, harreman irekiak izandakoa bada ere, ezin du ekidin jeloskor sentitzea eta kontraesanak sortzen dizkio sentipen horrek.

Lorea Intxaustik interpretatuko du Aitziber. Bikotekideak ez bezala, bikote harremanak «Disneykoak bezalakoak» izan beharko liratekeela uste duela azaldu zuen aktoreak. Bidaian ikuspuntu hori aldatuz joango zaio, ordea, ezagutu berri duen Ekaitz gustuko izaten hasiko baita.

Ilargi Aitziberren eta Olatzen laguna da eta Mikele Arizkorreta aktoreak egingo du haren papera. Bikotekide zuen mutilak engainatu duela jakin du bidaia abiatu baino denbora gutxi lehenago, eta hark bete behar zuen tokia hartzeko eskatu dio Ekaitzi, txikitatik laguna baitu.

Utzi berri duen harremanarekiko dolua «ahal duen moduan» egingo du bidaian, Arizkorretak azaldu zuenez. Burua eta denbora okupatuta mantentzen saiatuko da, etengabe planak eginez eta bere buruari pentsatzeko denbora gehiegi utzi gabe. Aktorearen hitzetan, «ez du lagunen laguntza hartu nahiko» eta haiekin hitz egiteak duen garrantzia ahaztuko du.

Albar Cirarda izango da Ekaitz, azken unean gonbidatu dutena eta apur bat lekuz kanpo sentituko dena, hasieran behintzat. Lau lagunek elkarrekin, printzipioz argi zeukatenari buelta bat emango diote, ikusleak ere hausnarketara erakarriz.

“Bihar arte soilik” harreman irekiei eta sexualitatea ulertzeko modu berriei buruzko proiektua da. Ikuspegi komiko batetik heldu diete harremanak ulertzeko moduan gertatzen diren aldaketei, oro har, eta horrek gazte talde batean izan dezakeen eraginari, bereziki.

Antzezlana ikusteko sarrerak, ohi bezala, Arriaga antzokiaren webgunean (www.teatroarriaga.eus) eta txartel- degian daude eskuragarri, 18 euroan.