G.CASTAÑO- I.TELLERIA
DONOSTIA
Entrevista
IDURRE ESKISABEL
Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia

«Euskararen dekretua oldarraldi judizialak sortu duen beldurraren adibide da»

Lakuak sektore publikorako onartu berri duen Euskararen Dekretua oldarraldi judizialak eragin duen beldurraren adierazle dela uste du Kontseiluak eta pena du benetan une honetan eman beharko litzatekeen jauzia ez duelako ematen; NAIZ irratian kontatu ditu nondik norakoak Idurre Eskisabelek.

(Patxi BELTZAIZ)

Euskalduntze prozesuan eman beharreko jauziari ez dio erantzuten Lakuak onartu duen dekretuak, hots, Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretuak. Hala uste du Euskalgintzaren Kontseiluak. Bere idazkari nagusi Idurre Eskisabelek adierazi duenez, «Kontseiluaren kezka nagusia une honetan eman beharko litzatekeen, eta emateko aukera dagoen, jauzi hori ez dugula ikusten da» .

«Anbizio falta zaio» dekretuari, Eskisabelen ustez, eta NAIZ irratian gaineratu du euskararen normalizazio eta biziberritzerako jauzirako «bultzagarri garrantzitsua» dela administrazio publikoa; baina egun onartutako dekretuarekin horretarako biderik ez dela jartzen uste du.

Joan den azaroan salatu zuen Kontseiluak oldarraldi judiziala, eta ordurako sakoneko arazoak sumatzen zituzten: «Gure beldur handienetako bat hauxe zen; momentuan epaiz epai egiten ari diren kalte zehatzaz gain, beste kalte batek asko kezkatzen gintuen: zenbaterainoko beldurra sartuko ote zuen legeak egiten ari diren horiengan, eta uste dugu dekretu hau adibide bat dela». Ondorio horretara ez dira soilik dekretuari erreparatuta iritsi; Bingen Zupiria sailburuak emandako azalpenei ere usain hori hartu zieten: «Dekretua azaltzeko prentsaurrekoan adierazi zuen azken epaien ondoren doitu egin zutela, oldarraldi judizialak ekarritako horretara moldatu zutela».

ARRISKUAK

Kontseiluko idazkariak dekretua sortzeko bidean zirriborro ezberdinak egon zirela ekarri du gogora, eta batzuetan «baldintza jakin batzuetan langileen lan hizkuntza euskara» izango zela jartzen zuela argitu du. Hori ere aldatu zutela kritikatu du, lan hizkuntzetan «euskara ere» jasotzen baitu dekretuak. «Badakigu kontrako epairik jaso ez dadin egin dela, baina ondorioak handiak dira, udal legearen aurkako sententzia urratsez urrats islatzen da. Kezkatzen gaitu udalerri euskaldunetan dekretu honek atzerapausoak ekar ditzakeela, langileren batzuei otuko ote zaien ‘ere’ hori aitzakiatzat hartuta euskaraz egin ordez gazteleraz egiteko».

Balorazio gazi-gozoa egin du Kontseiluak; izan ere, dekretuaren eragin-eremua sektore publiko osora zabaltzea positibotzat jo du. Horrek ere badu isildutako alde bat, ordea, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektore publikoko hiru erakunde handi eta garrantzitsuenak, Osakidetza, Ertzaintza eta Justizia 2033 arte geratzen dira dekretutik kanpo. «Akats handia da, gure ustez, bai estrategikoki euskararen normalizaziorako eta biziberritzeari begira, eta baita eguneroko bizitzan herritarrok hizkuntz eskubideak betetze aldera ere».

AKORDIO SOZIOPOLITIKOA

Badira «normalizazioari muga» jarri nahi dioten sektoreak, administrazioarekiko harremanera mugatu nahiko luketenak. «Ezkutuan garatzen ari den eztabaida hori» dago judizializazioaren oinarrian, Eskisabelen esanetan.

Parean euskarak «normalizazioaren eta biziberritzearen aldeko akordio berri bat behar du», Kontseiluko ordezkariaren ustez, ezagutzaren unibertsalizazioa ardatz, «baina horrek esan nahi du konpromiso zibiko bat, larrialdi klimatikoari edo indarkeria matxistari aurre egiteko dugunaren parekoa».