Asier ROBLES
BILBO

San Faustoko 11 familientzako bizitoki-alternatiba exijitu dute

Elkarretaratzea Basauriko udaletxearen aurrean egin zen.
Elkarretaratzea Basauriko udaletxearen aurrean egin zen. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Basauriko erdigunea eraberritzeko plan urbanistikoan jasotzen denez, Udalak San Fausto kaleko 5., 9., 7. eta 11. blokeak eraisteko asmoa du etxe berriak eraikitzeko. Testuinguru horretan, 11 familia beren etxeak galtzeko arriskuan daude; izan ere, etxea utzaraziko diete, eta, salatu dutenez, ez diete bizitegi-alternatiba duin bat eskaini.

Horrela jakinarazi zuten atzo kaltetuek Batu Etxebizitza Sindikatuarekin batera Basauriko udaletxean egindako mobilizazioan. Salatu zutenez, Atxalar etxejabe handiak azarotik alokairu-kontratua deuseztatu die.

Bidebik, Basauri udalerriko hirigintza-planteamendua eta kudeaketa bultzatzeaz arduratzen den sozietate publikoak, «egoera bakoitzerako proposamen pertsonalizatuak» eskaini dizkio bloke horietan bizi zen jendeari. Askok onartu egin zuten eskaini zietena, baina hamaika familia hauek salatzen dute eskaintzen dizkieten kalte-ordainak ez direla beren beharretara egokitzen «eta are gutxiago Basauriko higiezinen merkatuaren egoera kontuan hartuz, non alokairuak izugarri igo diren». Gainera, Bidebi eskaintza horiek sinatzeko «presioak» erabiltzen ari dela salatu du etxebizitza sindikatuak.

Atzoko agerraldian esan zutenez, bizilagunek bizitza osoa daramate San Fausto kalean, eta ez dute etxetik alde egin nahi Basaurin bizileku duina eskaini arte.

Elkarretaratzea amaitu ondoren, udaletxean sartu ziren Basauriko Jasangarritasun, Hiri-Garapen eta Herritarren Segurtasun Arloko zinegotziarekin eta Gobernu taldearekin bilera bat izatea eskatzeko eta konponbide adostu bat bilatzeko. «San Fausto no se vende, San Fausto se defiende», «Ez, ez, ez, kaleratzerik ez» eta «Ayuntamiento y Atxalar, dejar de especular» leloak oihukatu zituzten udaletxe barruan.

Batu Etxebizitza Sindikatuak 11 familiei Basaurin bizitoki duina eskaintzea exijitzen du.

Azkenik, Basauriko herriari dei egin diote salaketarekin bat egin dezan, eta, martxoaren 15erako, 18.30ean, Arizgoitiko plazan elkarretaratzera deitu dute.

HIRI EREDUA

Bestalde, Batu Etxebizitza Sindikatuak salatu duenez, hiri-berroneratze planean proiektatu diren 274 etxebizitza berrietatik 204 merkatu librean egongo dira, %75. «Non dago hainbeste iragartzen duten etxebizitza publikoa? San Faustoko bizilagunen etxeak ez ezik, Basaurin proiektatzen den hiri-eredua ere jokoan dago», esan du sindikatuak.