GARA Euskal Herriko egunkaria

Bizkaian 227 lanpostu kolokan, euskara eskakizunak direla eta

Bizkaiko Foru Aldundiko 227 administrazio lanposturen egonkortze prozesua eten egin dute, argudiaturik euskara eskakizunak «proportzioz kanpokoak» direla. Bilboko epaitegiek jarri zuten salaketa.

Artxiboko irudian, hautaproba. (BIZKAIKO ALDUNDIA)

Bilboko epaitegiek Bizkaiko Foru Aldundiko 227 administrazio lanposturen egonkortzea eten dute, argudiaturik euskara eskakizunak «proportzioz kanpokoak» direla. Epaia irmoa ez bada ere, euskararen aurkako oldarraldi judizialaren beste adibide bat gehiago izan da atzo ezagutarazitakoa. ELA sindikatuak «epaiarekiko erabateko desadostasuna» adierazi zuen.

Aldundiko prozesuetan parte hartzen ari diren 227 langilegairi eragingo dio epai honek. ELA sindikatuak salatu zuen euskararen ezagutza «faktore diskriminatzaile» moduan hartzen dela, «beste edozein ezagutzarekin gertatzen ez den bezala».

Izan ere, egonkortze prozesuen oinarrietan euskararen B2 eta C1 ezagutza mailak eskatzen dizkiete lanpostua egonkortu nahi duten gehienei, eta lanpostu batzuetan meritutzat jotzen dute euskara jakitea.

Oinarri horien aurka helegitea jarri zutenen ustez, legez Bizkaiari dagokiona baino indize handiagoa du eskakizun horrek, eta ez da egokia hori eskatzea, Bizkaiko Aldundian euskaraz artatua izateko zerbitzua «bermatuta» dagoelako, beraien esanetan. Horrenbestez, epaileak esan zuen oinarri horiek «diskriminatzaileak» direla euskaraz ez dakitenen artean.

DEKRETUA, HANKAMOTZ

ELAk salatu zuen Lakuak onartutako Euskararen Dekretuak ez duela aldaketarik eragingo, «euskaldunen hizkuntza eskubideak zapalduak izango direlako aurreratzean ere». Eta gaineratu zuen administrazio publikoa hurrengo 15 urteetan euskalduntzeko apustua egin behar dela.

Euskalgintzaren Kontseilua ere kritiko agertu zen Dekretuarekin, eta egin beharreko urratsak ez zirela egin esan zuen Idurre Eskisabel idazkari nagusiak. Ebazpen judizialek unean-unean kaltetu dituzten arauez gain, harago doan ondorioak ere izan ditzake dekretuak Kontseiluaren ustez: «Hasieratik esan genuen kezka genuela zenbaterainoko beldurra sortuko zuen oldarraldi judizialak. Dekretu hau horren adibide da».

Bi aste ere ez dira Gipuzkoako Aldundirako 119 administrari euskaldunen izendapena ere kolokan geratu zela helegite batengatik. Bi kasuen antzekotasunak larritasuna sortu du euskalgintzan.