GARA
DONOSTIA
EURITEA EUSKAL HERRIAN

Euriteak eragozpen ugari eragin ditu Euskal Herrian, kalte larririk gabe

Ezbehar larririk erregistratu ez den arren, denboraleak kalteak eragin ditu Euskal Herriaren luze-zabalean. Etenik gabe euria egin zuen eguerdira arte, eta arratsaldean baretu ziren urak, Nafarroako Erriberan izan ezik. Ibaiek gainezka egin zuten Gasteizen, Iruñean eta Gipuzkoako zenbait udalerritan, uholde txikiak eragin zituzten, eta lur-jausiak ere izan ziren.

Uholdeak, Gasteizko Mendizorrotza auzoan.
Uholdeak, Gasteizko Mendizorrotza auzoan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Errepide itxiak, etxebizitzetan kalteak, lur-jausiak, istripu arinak eta eragozpen ugari. Asteleheneko zaparradek hazitako erreken gainera euria etenik gabe erori zen atzo arratsaldera arte, eta zenbait lekutan gainezka egin zuten, Euskal Herri luze-zabalean arazoak eraginez, kalte larririk gabe. Iruñea eta Gasteiz izan ziren denboralea gehien jasan zuten hiriburuak, baina Oria, Urumea eta Urola ibaien hazierak ere kalteak eragin zituzten Gipuzkoako hainbat herritan.

Nafarroan, Arga, Ega eta Arakil ibaiek ukitzen dituzten udalerrietan izan zen arazo gehien. Goizean Argak gainezka egin zuen Iruñerriako zenbait puntutan, eta errepide batzuk itxi behar izan zituen Foruzaingoak, besteak beste, Iruñetik Burlatarako bidea, Caparrosokoa eta Landaben industriagunearen sarbidea, non auto gidari bat trabatu zen, eta hipotermiak jota eraman zuten ospitalera. Ororbian eta Aratzurin ere ur baltsetan trabatuta geratu ziren auto banatako bidaiariak erreskatatu zituen Foruzaingoak.

Arga ibaian 330 metro kubiko erregistratu zituzten goizean eta Iruñean ia hiru metroko altuera iritsi zuen, Aranzadi, Runa eta Trinitateko parkeak nahiz Arrotxapea auzoko zenbait garaje eta etxebizitza urpetuz.

Estimazioen arabera, asteleheneko 12.00etatik atzoko 12.00etara izandako euriteek 100 litro metro karratuko gainditu zituen Goizuetan (181), Beran (141), Lesakan (134), Etxalarren (116), Etxarri Aranatzen (105) eta Eltzaburun (105).

Eguerditik aurrera denboraleak baretzera egin zuen Nafarroa erdialdean eta iparraldean, baina arratsaldean Erriberara egin zuen erauntsiak.

GIPUZKOAN

Zubieta, Lasarte-Oria, Andoain, Tolosa, Hernani, Azpeitia eta Zestoan uholde txikiak eragin zituzten Oria, Urumea eta Urola ibaien hazierek, zenbait lekutan urak eraikuntzen beheko solairuetan sartzeraino.

Uholdeak bakarrik ez, lur-jausiak ere izan ziren Gipuzkoan. Horien ondorioz, N-1 errepideko errei bat itxi zuten Idiazabalen, baita Bergara eta Beasain arteko Deskarga eta Bidaniko portuak ere. Albiztur eta Elgoibar arteko G-623 errepidean ere luiziak erregistratu ziren.

Datozen egunetan itxita egongo da Zarautz eta Getaria arteko N-634 errepidea, eta errei bakarra irekiko dute Deba eta Mutriku arteko GI-638 bidean.

ARABAN

Euria erruz bota zuen goizean Gasteizen ere, eta Batan ibaiak gainezka egin zuen Mendizorrotza auzoaren inguruan, Araba eta Salbatierrabide kaleen itxiera eraginez. Urak belaunetarainoko altuera hartu zuen toki batzuetan, eta Lehendakaritzaren egoitzara iritsi zen.

Euriteak eragindako uholdeek eragotzi egin zuten Tuvisaren BEI linearen zirkulazioa, eta zerbitzuz kanpo utzi zituen Unibertsitatea eta Salbatierrabide geltokiak. Hiriaren iparraldean ere gainezka egin zuen Zadorra ibaiak, eta Foronda eta Ihurreko sarrerak itxi zituzten.

BIZKAIA ETA LAPURDI

Bizkaian, Balmasedan erregistratu zen prezipitazio gehien, 56,6 litro metro koadroko, eta gainezka egin zuen Cadagua ibaiak hiru puntutan: Magdalena auzoan, kiroldegiaren aldamenean eta herriko sarreran. Bilboko Udalak, halaber, «arreta» handia izateko deia egin zien herritarrei.

Besteak beste, Markina, Mungia eta Zallako etxebizitza batzuetan kalteak eragin zituen urak.

Euskalmet agentziak astelehenean euriarengatik aktibatu zuen alerta laranja atzo eguerdiko 12.00etan amaitu zen, eta prezipitazioak gutxitu egin ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan arratsaldetik aurrera.

Ipar Euskal Herrian arazo gutxiago eragin zituen denboraleak. Nabarmenenak Lapurdiko Senpere udalerrian izan ziren, Urdazuri ibaiak gainezka egin baitzuen.