GARA Euskal Herriko egunkaria

«Sustraien matxinada» diskoa ikuskizun bihurtuta dator Loraldian

«Sustraien matxinada» diskoa ikuskizun bihurtuta dator. Gorka Hermosak eta Garikoitz Mendizabalek Leire Bilbao, Nerea Arrien eta Martinez Toti de Lezea izango dituzte ondoan asteartean Loraldian eskainiko duten emanaldian. Euren burua eta abentura honetan bidaide dituztenak probokatzen ahalegindu dira. «Artearen gauzarik politenetakoa» horixe baita, Hermosaren esanetan.

Garikoitz Mendizabal eta Gorka Hermosa, Bilbon. (Jo ILLERA PHOTOGRAPHY)

Maisu dira biak. Txinparta ateratzen dio eskusoinuari Gorka Hermosak (Urretxu, 1976), txistuari Garikoitz Mendizabalek (Zestoa, 1973). Bien indarrak batu, eta hori aski ez, eta Carles Benavent eta Tino di Geraldoren mailako musikariak gonbidatu dituzte proiektuan parte hartzera. Emaitza, “Sustraien matxinada”.

Joan den urrian ikusi zuen argia diskoak eta orain diziplina anitzeko ikuskizun bihurtu dute. Hiru idazle igoko dira eszenatokira: Leire Bilbao, Nerea Arrien eta Toti Martinez de Lezea. Euren testu eta poemak entzuteko aukera eskaintzen du obra berri honek. Hermosak sortutako hamaika piezei txistu doinuak josi dizkio Mendizabalek. Eta orain hiru idazleek euren gogoetak txertatu dituzte.

«Euskal musikan tradizionalak diren bi instrumentu erabiliz, euskal musikari buelta ematen saiatu gara. Pentsatu genuen oso polita litzatekeela beste musika herrikoi batekin antzeko zerbait egin zuten musikari handiak gonbidatzea gure proiektura. Carles Benavent eta Tino di Geraldori deitu genien. Paco de Lucia, Camaron... bezalako flamenkoko figura handien musikariak izandakoak dira. Esperientzia handia dute. Miles Davies, Chick Corea eta antzeko musikari handiekin arituak dira. Sekulako luxua izan da!», aitortu du Hermosak.

ARTE DIZIPLINAK

«Behin ‘Sustraien matxinada’ kontzeptua argi geneukanean arte diziplina desberdinetako jendearengana jo dugu. Tradizioari buelta ematen ari zaizkionak, ez bakarrik musikatik. Balu eskultore eta grafiteroarekin kontzertuak egin ditugu, Gorka Granado euskal dantza solteko txapelduna izandakoarekin ikuskizuna egiten ari gara, Kukairekin ere egin ditugu emanaldiak... Azken buelta da hiru emakume idazle euskaldun hartu, kontzeptua mahai gainean jarri eta beraien gogoetak entzutea», kontatu du.

Hermosak eta Mendizabalek soinu handia eta txistua joko dute eta horien doinuekin txertatuko dituzte hausnarketak hiru idazleek. «Batzuetan gure musiken artean eta besteetan gure musikarekin», zehaztu du.

«Toti, Gari eta ni oso lagunak gara. Leire eta Nerea gutxiago ezagutzen ditut. Leire Bilbaorekin proiektu batean kointziditu genuen eta Nereak egiten duena asko gustatzen zait. Oso ondo pasa dugu eta adiskidetasun polita jaio da. Oso erraza izan da beraiekin lan egitea, gozamena izan da. Leire eta Nerea umilak dira, sentsibleak». Zer eman dio literaturak proiektuari? «Musikariok erdi titiriteroak gara. Idazleek sakontasun handiagoa dute; mundu intelektualarekin harremana lortzen saiatu gara haien ikuspuntua ezagutu eta haiek ere probokatzeko», azaldu du.

Arteak berarekin duen probokatzeko gaitasuna interesatzen zaio Hermosari. Eta halaxe aitortu du. «Artearen gauza politenetakoa probokazioa da, nire ustez. Egoera deserosoan jartzea bai artistak bai publikoa. Norbaitek entzuten duenean txistu eta akordeoi kontzertua entzun behar duela burura datozkio euskal dantzak. Hortik abiatuta, baina oso desberdina da gurea», aipatu du.

INTERAKZIOA

Hasieran idazle bakoitza bere aldetik arituko da eta ondoren beraien arteko interakzioa ikusiko dute ikus-entzuleek. «Saiatu gara monologoak izan ez daitezen; nire intentzioa zen interakzioa egotea. Eta batak besteari gauzak probokatzea».

Sustraiak. «Gure zirkunstantzien eta gure arbasoen ondorioa gara. Oholtza gainera igotzeko sintzeritate edo egia puntua behar dut. Eta nire sustraietan aurkitzen dut hori. Nire sustraiak Extremaduratik datoz, gurasoak handik etorri ziren eta ni Urretxun jaio nintzen, Kontserbatorioan ikasi dut, punka nintzen... hori dena islatzen da nire musikan. Musikari flamenko askorekin jo dut eta beraiek badute industria gehiago honen inguruan».

Arrakastaren giltza hauxe delakoan dago soinu-jotzailea. «Hori dena ageri da, baina ez ez-dakit-nor izan nahi dudalako, ni horrelakoa naizelako baizik, horren seme-alaba naiz eta zintzoena hori da. Gure musika horregatik iristen da, eta jotzen da hainbeste. Ez dakit arrakasta duen, baina ibilbidea egiten ari gara zintzoa delako eta jendearen bihotzera iristen delako; izan ere, egia da», esan du.

Munduko orkestra onenekin ari da urretxuarra. Agertoki entzutetsuenak zapaltzen. Beti bide berriak urratuz. «Diskoan eta ikuskizunean entzun daitezkeen piezak orain gutxi Berlingo Philarmonican jotzen egon naiz, munduko 50 orkestrek jo dituzte azken bospasei urtetan nire pieza hauek...».

Matxinada. «Hitzak bakoitzarentzat bere konnotazioa du. Gurea batez ere probokazioa da, egoera deserosoan jartzea gure burua, orain idazleekin edo beste hainbat diziplinatako artistekin, kontzeptuak bakoitzari zer iradokitzen dion ikusteko».

JAZZA ETA MUSIKA KLASIKOAREN PROZESUA

Hiru hanka ditu proiektuak. Batetik, Euskal Herriko eta Iberiar penintsulako folklorearen erritmo eta melodiak, bestetik, jazzaren askatasuna eta, azkenik, musika klasikoaren prozesua harilkatu dituzte. «Sustraidun musika egiten zuen jendea autodidakta zen. Normalean ez ziren musikari oso zailduak. Musikari zailduak musika klasikoan zebiltzan. Gero jazzera dedikatzen zirenak ere hasi ziren agertzen eta inprobisazio puntua eta freskura ekarri zuten. Gu saiatzen gara folkloretik abiatuta jazzaren askatasuna eta inprobisazioa, batetik, eta, bestetik, konposizio-teknika uztartzen. Izan ere, teknika handia dugu, lehiaketa instrumental asko irabazi ditugu, ordu asko sartu ditugu instrumentuekin Garikoitzek eta biok. Gure sustraiak jazzaren askatasunarekin eta musika klasikoaren konplexutasunarekin nahastu ditugu».

Hilabeteetako lana dago ikuskizunaren atzean. Bidean aurrera jarraitzeko bokazioz jaio da. Han-hemen ikusteko aukerarik izango da, beraz. Bitartean, datorren astean -idazleen presentziarik gabe bada ere- emanaldia dute Durangon. Bartzelonan martxoaren 23an dute saioa, eta hilaren 24an, emanaldia TVEn.