Urtzi URRUTIKOETXEA

Erreferenduma 2030a baino lehen gauzatuko dela esan du Sinn Feinek

Sinn Feinek ekitaldi garrantzitsua egin du Estatu Batuetan. Alderdiko presidente Mary Lou McDonald New Yorken da, «Irlandaren Batasunaren goi-bilerako» hizlari nagusi gisa. Irlandar-amerikarren aurrean, uhartean gertatzen ari diren aldaketak azpimarratu ditu, eta batasunari buruzko erreferenduma hamarkada honetan kokatu du.

Gerry Adamsi Ameriketako Estatu Batuetan sartzeko bisa onartu eta bisita historikoa egin zuenetik 30 urte dira. Iaz itzuli zen Adams, eta aurten Sinn Feineko presidenteak hartu du «irlandar batasunaren goi-bilerako» (Irish Unity Summit) buru izateko ardura. Diasporara bereziki zuzendutako bi eguneko bidaia prestatu dute; azken urteotan iritsitako irlandarrak gogoan bereziki. Manhattanen bihotzean, Cooper Union-en egin zuen hitzaldia Mary Lou McDonaldek, jendez betetako areto nagusian, hiriko irlandar-amerikar komunitateko ordezkari garrantzitsuen aurrean. Besteak beste, New Yorkeko gobernadoreak hartu zuen hitza.

Cooper Union-en Abraham Lincoln mintzatu zela gogorarazi zuen McDonaldek, eta, leku horretan bertan 1902an James Connollyk esandakoa errepikatuz, bera ere «irlandar agitatzaile» bat zela esan zuen. Sinn Feineko buruak Rita O’Hare militante errepublikanoa izan zuen gogoan hitzaldiaren hasieran. Duela urtebete hil zen O’Hare gaurko egunez; Sinn Feinen AEBetako ordezkaria izan zen 25 urtez.

Segidan, Irlandaren eta AEBen arteko lotura estuak azpimarratu zituen, eta esker oneko agertu zen: «Estatu Batuak gabe ez genukeen bake-prozesurik izango. Brexitak Irlandako interesei eta bake-akordioari mehatxu egin zienean, AEBak, pauso bat eman, eta Irlandaren ondoan jarri ziren». Hala ere, irlandar errepublikanoek kezka bat daukatela adierazi zuen: «Gatazka izan genuen. Min eman digute eta min eman dugu. Bakera iritsi gara. Eta badago arrisku bat, jendeak pentsatzea: kito, eginda dago». Horren aurrean, Irlandak agendan jarraitzearen garrantzia azpimarratu zuen McDonaldek: «Estatu Batuak ekarri behar ditugu Irlandaren batasunaren agendara. Reset, berriz hasteko botoia, sakatzen ari gara hemen. Betiko ibilbidearen zati da, baina beste ikuspegi bat du orain. Udazkenean AEBetako presidentetzarako hauteskundeak izango dira. Irlandaren batasuna: zergatik ez dago gai hori Etxe Zurian edonor dagoela ere?».

UNE HISTORIKOA

McDonaldek gogora ekarri zuen otsailaren 3tik Michelle O’Neill dela Ipar Irlandako lehen ministro. «Lehen aldiz Ipar Irlandan, abertzaleek gidatutako Gobernua daukagu, halakorik sekula ez gertatzeko diseinatutako estatu batean, gehiengo unionistak bermatzeko diseinatutako estatuan. Hori amaitu da. Sinn Fein da Exekutiboaren eta udal-gobernuen buru. Ez diot triunfalismoz, inola ere ez. Gertatzen ari den aldaketa zeinen sakona den agertu nahi dut. Irlandaren historiako kapitulu berri bat idazten ari da».

Bake-akordioaren garrantzia nabarmendu zuen: «Eraiki dugun bakeak badu zerbait ederra, etorkizunari buruz aurkako ikuspegia izan dezakegula eta, halere, elkarrekin lan egin oraingo eta hemengo langileen eta familien alde». Gogora ekarri zuen, halaber, batasunaren erreferendumerako bide ematen zuela Ostiral Santuko akordioak: «Irlandar errepublikano gisa, Irlanda batuaren alde ari naiz. Irlandar errepublikano gisa, Erresuma Batuari lotuta jarraitu nahi duena, britainiar nortasunari eutsi nahi dion pertsona, nire pareko gisa ikusten dut. Salbuespenik gabe, denok pareko». Ildo horretan, galdeketa 2030a baino lehen egin litekeela gehitu zuen: «Asteon Ireland’s Future-k (Irlandaren etorkizuna), gizarte zibileko elkarte batek, hamarkadaren amaierarako Irlandaren batasunari buruzko erreferendum bat prestatzeko proposamenak argitaratu ditu. Egutegia hori dela uste dut, eta lortzeko modukoa dela».

McDonaldek gogora ekarri zuen Irlandako Errepublikako hauteskunde orokorrak hurbiltzen ari direla, eta horietan Sinn Feinek Gobernua osatuz gero, Irlandaren batasuna bere agendaren erdian jarriko duela gaineratu zuen.

Bi eguneko bisita egin du Sinn Feineko buruzagitzak New Yorkera. Diaspora gazteenarentzako mezua ere eraman du: «Belaunaldi berri bat ari da AEB, Kanada zein Australiako etorkizuna eraikitzen. Harro gaude horietaz, baina etxerako bidea ere badutela ziurtatu nahi dugu, Irlandan gertatzen ari den aldaketaren partaide ere izateko».

McDonald Palestinaren AEBetako enbaxadore Riyard Mansourrekin ere batzartu zen, elkartasuna adierazteko eta berehalako su-etena lortzeko ahaleginekin bat egiteko.