Jon GARMENDIA
Idazlea

Aldaera

Harrigarri zait urteekin hitz batzuen esanahia nola aldatzen den, jadanik ez dutelako zentzu bakar bat; handiago bilakatu zaizkidanak daude orain, gertuago sentitzen ditudan beste batzuk, eta badira zentzugabeko bihurtu zaizkidan bakanak.

Izango da subjektibotasuna zer den orain konprenitu dudala, nire interes eta desio berezituen intendentzia. Askatasuna, adibidez, nahi nuena egiteko gaitasunari deitzen nion orduan, indibiduo gisa anarkismoaren bidetik, beharbada.

Kolektiboki herriaren askatasunari eta munduko herri zapalduenei begiratzen nien, ameslari, baina denborarekin pragmatismoak hartu dio lekua honi, jakinik eta zein zaila den justiziaz betetako askatasuna odolik isuri gabe lortzea. Askatasuna ez da orri batean kabitzen, ez da esaten, ez da idazten: utzi aske izaten. Ez.

Egun, askatasuna lanetik liberatzea da, egun bat jai izatea aste erdian, teilapea ordaintzeko bankuaren presiorik ez sentitzea, telefonoz inork ez deitzea, edo, arratsaldea itsasori begira pasatzea.

Non eta ohartzen naizen, asko, gehiegi bizi direla zapalduta, esklabo oraino, askatasunaren aiher. Eta hor, Simone de Beauvoirrengana noa aldaerarik izango ez duen zerbaiten bila: «Ezerk ez zaitzala mugatu, ez gaitzatela defini, izan dadila askatasuna gure sustantzia propioa».

Baditut aldatu zaizkidan hitz gehiago, baina zureak entzuteko garaia da, egin gogoeta, eta bota.