GARA Euskal Herriko egunkaria

«Gorputzaren atzean», biki digitala jatorrizko gizakiaren bila

Zuzeneko dantza, antzezpena, ahotsa, musika eta aurrez grabatutako ikus-entzunezkoak. Hauexek dira “Gorputzaren atzean” ikuskizunaren osagaiak. Bideo euskarrian ondutako lanak eszenara egingo du salto bihar, Alondegian estreinakoz eskainiko den ikuskizunean. Katixa Agirre, Josu Rekalde, Patxi Azpillaga, Enrike Hurtado, Ainhoa Artetxe, Izarne Oyarzabal eta Koldo Jones dira proiektuko partaideak.

Bideoartea du oinarri «Gorputzaren atzean» proiektuak. (Josu REKALDE)

Eduki digitalak sortzeari bideratuta Loraldiak ematen duen bekari esker ondu dute proiektua Katixa Agirrek, Josu Rekaldek, Patxi Azpillagak eta Enrike Hurtado EHUko irakasleek. Ainhoa Artetxe, Izarne Oyarzabal eta Koldo Jones ere batu zaizkie.

Bideoartea du oinarri. «Plataforma digitalen batean ikusi ahal izango da. Oraindik ez dakit zehazki, uste dut Loraldiaren webgunean bertan eskainiko dela aukera. Bideo sorta da. Arte diziplinen nahasketa dira bideoak: antzerkia, dantza, musika elektronikoa eta bideoartea», dio Katixa Agirrek. Bihar da estreinaldi eszenikoa Alondegian. «Bideoen edukia uztartuko da zuzenean egindako ekitaldiarekin. Oholtza gainean dantzaria, aktorea eta sorpresak. Publikoarekin interakzioa ere bilatuko da. Esperientzia hedatua izango da, bertatik bertarako esperientzia, bideoetatik harago doana», jarraitu du.

BIKI DIGITALAK

Josu Rekalderi otu zitzaion lehen ideia. «‘Berriz zentauro’ nire nobelaren zatiren bat egokitzeko proposamena egin zidan. Niri momentu hartan ez zitzaidan askorik interesatu liburuarekin berriro lan egitea. Nahiago nuen zerbait berria sortzea. Biki digitalen gaineko narrazioa idatzi nuen».

Kontakizuna osatzeko etorkizunean jarri du burua Agirrek: 2100. urtea da. Polux (gizaki originala) eta Xulop (biki digitala) ditu protagonista. «Makinen eta eraikinen alorrean erabiltzen dira egun biki digitalak. Nik imajinatu dudana da guk ere izango dugula bat. Etorkizunean pertsona denok izango genuke gure erreplika digitala. Gure bizitzan edo gure gorputzean probatu aurretik erreplika digitalean probatzen dira. Beste hainbat gauza egiten ditu; adibidez, gure ordez lana. Bere abantaila izan dezake. Esaterako, ze botika dosi eman behar zaio pertsona honi? Biki digitalean probatzen da; izan ere, berak ditu zure datu genetiko eta biometriko guztiak. Datuen aldetik zure erreplika perfektua da», adierazi du.

Urrunago joan da idazlea. «Biki digitalak denetarik egiten du gugatik. Hainbeste egiten du gugatik gure bizitzak zentzuz hustuta geratzen direla. Jada ez dakigu bizitzen. Ondorioz, 2100. urtean gizakien matxinada dago, beraien biki digitalarekin moztu egingo dute gizakiek. Nolabait kontaktua mozten dute eta biki digitalak, isolatuta, metabertsoan geratzen dira. Zer gertatzen da? Biki digitalek nolabait garatu dutela kontzientzia bat, badutela identitate bat, badutela maitasun harreman bat beraien gizakiekiko ere. Biki digital hauetako baten istorioa kontatzen dut, bere bidaia bere gizaki originalaren bila. Bidaia horretan hausnartu egiten da. Ni banaiz ala ez naiz? Zergatik ez naiz? Ez dudalako gorputzik? Gorputzik ez izatea abantaila da ala, aldiz, desabantaila da? Digitala izanik inmortala zara. Horrek badu abantailarik ala kentzen dio zentzu guztia existentziari? Galderak. Nork bere buruari luzatu beharrekoak. Behin istorioa idatzita, kide izan dituenen esku utzi zuen, bakoitzak bere ekarpena egin zezan. Josu Rekalde (bideoartea), Patxi Azpillaga (ekoizpena), Koldo Jones (arte zuzendaritza), Enrike Hurtado (musika elektronikoa), Ainhoa Artetxe (interpretazioa) eta Izarne Oyarzabal (dantza) dira partaideak.

Gustura hartu du Agirrek taldean aritzea. «Niretzat berritasuna da talde lana. Idazleon zeregina beti da bakarkakoa eta oraingoan gustura beste pertsona batzuekin eta beste arte diziplina batzuekin kontaktuan egoteagatik. Emaitza? Ni ere zain nago zer ateratzen den ikusteko. Oholtza gainean ez dugu inoiz egin. Sorpresa izango da guretzat ere, baina edozein kasutan uste dut interesgarria izango dela», esan du.

BIZIA EMAN

Pantailatik eszenarako jauzia nola sortu den jakin nahi dugu. «Ikusten genuen beharrekoa zela, proiektuari bizia emateko. Eta osotasuna emango ziola. Gainera, Loraldiaren barruan bazegoen aukera ikuskizuna egiteko. Arduradunek ikusi dute egokia zela ez geratzea bakarrik eduki digital horiek kontenedore batean ea norbaitek ikusiko dituen, esperientzia bizia izatea baizik», azaldu du.

Zientzia fikzioa ala ez hain fikzio? «Hurbil dagoen zerbait da, baina etorkizunean kokatuta dago. Guk dakigula, gaur egun ez dago garatuta gizakion biki digitala, baina esaten da etorkizunean gerta daitekeela, ez dagoela hain urrun. Badela aplikazio posible bat. Gustukoa dut teknologiak zabaltzen dituen aukerak aztertzea, eta gure bizitzari ezartzen dizkion aldaketak eta eginarazten dizkigun galderak interesatzen zaizkit».

Loraldiaren bekak eskaintzen duen aukera txalotu du. «Kultura eta edukiak sustatuko dituen edozein bekaren alde egongo naiz beti. Gainera, euskarak behar ditu askoz eduki gehiago. Beste hizkuntzetan datozen edukien uholdeari aurre egiten diogu eta ahuldade estremoan gaude. Edozein laguntza mesedegarria izango da». Are gehiago, euskaraz eginiko kultura denean. «Berez Bilbo da termino absolutuetan euskaldun gehien duen hiria, baina egunerokoan ez da nabaritzen. Atomizatuta gaude. Euskara erdigunean jarriko duen edozein ekitaldi handi euskararen mesedetan izango da».