Jon ORMAZABAL
PILOTA

Ander Imaz: «18 aste daramatzat Iñaki Artolarekin eta motza egin zait»

Larunbatean Labriten ariko diren bi bikoteek beren denbora hartu zuten partida horretarako pilotak aukeratzen, baina denek gustura amaitu zuten.

Ander Imazek lan zailak izango ditu Zabaletarekin.
Ander Imazek lan zailak izango ditu Zabaletarekin. (Jon URBE | FOKU)

Txapelketan muturreko egoerak bizi behar izan badituzte ere -play-offeko azken partidan hanka bat Binakakotik kanpo izatetik finala urrats bakarrera izatera pasatu dira aste baten buruan- Iñaki Artola eta Ander Imaz asko gozatzen ari dira urteko lehiaketarik luzeenean eta orain arte osatutako ibilbide polit horri jarraipena eman nahi liokete. Finalerdietako ligaxkako lehen jardunaldian lortutako emaitzaren ostean, larunbatean Labriten Peio Etxeberria-Zabaletari irabazteko gai badira, matematikoki agian ez, baina finaletik bertan egongo lirateke, eta hori da oraintxe bikote gipuzkoarrak begi artean duen erronka nagusia.

«Finalera heldu edo ez, egiten ari garen Binakakoarekin harro egon behar dugu; lehiakorrak izan gaitezkeela erakutsi dugu, oso bikote ona izan gaitezkeela, eta ilusio handia egingo lidake Iñakirekin finalera heltzeak, umetatik oso lagunak garelako eta harreman oso berezia dugulako. Gainera, niretzat hirugarren finala litzateke jarraian eta nik uste Iñakik ere merezi duela final bat jokatzea, izan duen zorte txarrarekin. 18 aste daramatzagu elkarrekin eta oso motza egin zait eta hori oso seinale ona da; gauzak ondo egiten ari garela esan nahi du».

LANA ETA LANA

Esne-mamitan dira Artola eta Imaz aurreko astean Jaka-Mariezkurrena faboritoei nagusitasunez gailenduta, baina Iñaki Artolak ez du euforiak gain hartzerik nahi. «Guk, behintzat, finala urruti ikusten dugu, mentalizatu gara beste puntu bat ez zaigula zerutik eroriko, lortzekotan lana berriz ere beltz eginda lortu beharko dugula, eta asmo horretan etorriko gara larunbatean», adierazi zuen.

Aurrelari gipuzkoarrak argi du parean oso bikote zaila izango duela, normalean Zabaletak aginduko duela, baina beharrezkoa ikusten du tarteka partidaren agintea eurek izatea. «Badakigu haiek asko joko dutela eta asko defendatu beharko dugula, baina ea guk ere intentsitatea sartzen diegun tantoei eta agintzea ere badugun, ze defentsan bakarrik ez dugu irabaziko».

Egoera antzeko samarra da Peio Etxeberria eta Zabaletarena ere, Altuna-Martijari ondo irabazita, larunbateko balizko garaipen batek parez pare irekiko lizkieke-eta finalerako ateak. Emaitzaz harago, Ogetako partidak oso sentsazio onak utzi zizkien. «Nik uste Peiok Gasteizen egin zuen partida txapelketako onena izan zela eta bide horretatik jarraitu behar dugu».