A.U.L.
KOPA

«Finala balitz bezala» ekingo dio Athleticek partidari

«Bartzelonari aurre egiteko prest gaude» esan du David Aznarrek, Kataluniako taldea «munduko onena» dela onartuz baina Athletic «partida on bat egiten» bakarrik ez eta «emaitza on bat» lortzen ere saiatuko dela nabarmenduz.

Horretarako, gaur (19.00, ETB1) milaka pertsona batuko dituen San Mamesen laguntzaz eta «azken egunetan taldeak egin duen lan onaz» baliatuko da Athletic. Helburuaz baino, «erronkaz» eta «aukeraz» aritu da Aznar. «Erronka handia da guretzat onenen aurka jokatzea eta hobetzen jarraitzeko aukera paregabea», esan du. Baita ere «harro egoteko moduko ohore bat. Ereserkiak dioen moduan, talde hau herritik sortu da, tradizioak eta kultura beti defendatu duen herria. Eta hori ordezkatuko dugu munduko onenen aurrean».

Badago, hala ere, helburu bat. «Joaneko partidan zentratuko gara eta finala balitz bezala bizitzen saiatuko gara. Ahalik lehiakorrenak izan nahi dugu eta, lortzen dugun emaitzatik abiatuta, itzuleran pentsatuko dugu».

Kanporaketa Bartzelonara bizirik eramateko, zuri-gorriek «denboraldiko partidarik onena egin beharko» dute «eta horretarako prestatzen ari gara». Jokoari dagokionez, Ligako norgehiagoka erreferentziatzat hartuko dute, baina «gauza batzuk gehiago egin genitzakeela iruditu zitzaigun, eta horiek hobetzen saiatuko gara orain». Aznarrek, gainera, hasierako planteamenduan ustekaberen bat egon daitekeela aurreratu du, jokoan agintzera ohituta dagoen Bartzelonari aurre egin ahal izateko.