Manex ALTUNA
EUSKAL SELEKZIOA

Jagoba Arrasate izango da hautatzailea Uruguairen aurka

Osasunak zehaztu zuenez, Euskadiko Federazioarekin adostutako konpromisoa martxoaren 23an San Mamesen jokatuko den norgehiagokara mugatzen da. Entrenatzaile bizkaitarrak Javier Clemente ordezkatuko du aulkian.

Jagoba Arrasatek sei denboraldi daramatza Osasunan.
Jagoba Arrasatek sei denboraldi daramatza Osasunan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Jagoba Arrasate Euskal Selekzioaren hautatzailea izango da, eta datorren martxoaren 23an zuzenduko du taldea. Hain zuzen ere, San Mamesen jokatuko den Uruguairen aurkako partidan aulkian eseriko da. Euskadiko Federazioak ez zuen zehaztasun gehiago eman horren inguruan. Hala ere, Osasunak azaldu zuenez, entrenatzaile bizkaitarraren konpromisoa hitzordu horretara mugatzen da.

Mikel De Gregorio, Euskadiko Futbol Federazioko kirol zuzendaria, oso pozik agertu zen Jagoba Arrasateren baiezkoarekin, eta hedabideetara bidalitako oharrean nabarmendu zuen gorritxoen teknikariak «gure selekzioak ordezkatu behar dituen balioak batzen» dituela.

Era berean, «eredu berriari hasiera emango dion eskarmentu handiko entrenatzaile gaztea» dela gaineratu zuen De Gregoriok.

Gogora ekarri zuen Arrasatek Elgoibarren abiatu zuela entrenatzaile ibilbidea eta ondoren Realean aritu zela. Txuri-urdinekin Txapeldunen Liga jokatzera iritsi zen. Gero Numantzia taldea zuzendu zuen Bigarren Mailan, eta azken sei denboraldietan Osasunako entrenatzailea izan da. Lehen Mailara igotzea eta maila mantentzea lortu du Iruñean, eta joan den urtean Kopako finala eta Europan jokatzeko sailkapena erdietsi zituen.

Bestalde, joan den astelehenean Alavesen kontrako derbia irabazi ostean, Arrasatek Osasunarekin berritzeko proposamena jaso duela onartu zuen. Dena den, bere erabakiaren inguruan hausnartu beharra daukala adierazi zuen hedabideen aurrean egindako adierazpenetan.

HIRU URTE JOKATU GABE

Jagoba Arrasatek Javier Clemente ordezkatuko du hautatzaile gisa. Barakaldoko teknikariak Panamaren kontra 2019an eta Costa Ricaren aurka 2020an zuzendu zuen Euskal Selekzioa. 2021eko udaberrian utzi zuen kargua, Libia entrenatzera joan baitzen.

Aldi berean, aldaketa egon zen Euskadiko Federazioaren zuzendaritzan. Javier Landeta lehendakari kargura iritsi ondoren ez da gizonezkoen selekzioaren partidarik antolatu. Izan ere, hiru urte baino gehiago igaro dira azken partida jokatu zenetik. Pandemia zela-eta, ez zen zalerik egon Ipuruako harmailetan.

Datorren martxoaren 23an zaleen babesa izango dute San Mamesen, eta dagoeneko sarrerak salgai jarri dituzte. 18 eta 29 euro arteko prezioak dauzkate.

Horrez gainera, aurkari indartsu eta erakargarria izango dute. Marcelo Bielsak zuzentzen duen taldea 11. postuan dago FIFAko zerrendetan, eta bi Munduko Kopa eta hamabost Amerika Kopa irabazita ditu.

Entrenatzaile argentinarrak Qatarren jokatutako txapelketaren ostean hartu zuen selekzioa, joan den denboraldi amaieran, eta dagoeneko garaipen garrantzitsuak lortu ditu. 2026ko Munduko Txapelketako sailkapen fasean Brasil eta Argentina menderatu ditu, eta bigarren postuan kokatu da ligaxkan. Uruguairentzat udan jokatuko den Amerikako Kopa prestatzeko partida izango da. Bielsa taldea eraberritzen ari da, eta jokalari berriak sartu ditu beteranoak apurka-apurka ordezkatzeko.