GARA
PILOTA

Ligaxkako komodina gastatu dutela argi dute igandean jokatuko duten lau pilotariek

Bilborako materiala, hasiera batean, ez da oztopo izango, Altuna-Martijak eta Jaka-Mariezkurrenak pozik eta gustura amaitu baitzuten hitzordua.

Martija, Altuna, Jaka eta Mariezkurrena, atzo, Bilboko Bizkaia pilotalekuan.
Martija, Altuna, Jaka eta Mariezkurrena, atzo, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. (ASPE PELOTA)

Binakako Txapelketa luzeegia egiten dela entzun eta idatzi izan dugu behin baino gehiagotan. Baina lehenengo fase amaigabea gaindituta, finalerdietako ligaxka motzegia geratuko dela dirudi. Bestela, galdetu Altuna III-Martija eta Jaka-Mariezkurrena II bikoteei. Aurreko asteburuan galtzetik iritsiko dira igandeko neurketa garrantzitsura.

Atzo Bilbon egindako material aukeraketan morbo pixka bat ere bazegoen. Izan ere, lehen jardunaldian galdu ondoren, Jaka-Mariezkurrena haserre agertu ziren pilotekin. Atzo, ordea, lau pilotariek pozik eta gustura amaitu zuten.

«Pilota guztiak onak ziren. Kostatu zaigu aukeratzea, denak onak zirelako», adierazi zuen Jakak. Eta bikotekidea duen Mariezkurrenak, aldiz, honakoa gehitu zuen: «Aukeratutako seiak antzekoak dira. Guk hiru bizienak hartu ditugu. Ona, lotea».

Kontra izango duten bikotea iritzi berekoa zen. Altunak baieztatu zuenez, «guri gustatu zaizkigu. Azkarrak direla iruditzen zait. Frontisetik ez dute irteera asko eta lurretik azkarrak dira. Beraienak ere, egia esan, gustatu zaizkigu. Lote ona zela iruditu zait. Nahiz eta frontoi honek pilota dezente jaten duen partida luzatzean, uste dut lote ona dela. Arazorik gabe».

Lehen jardunaldiko polemikari buruz mintzatu zen Erik Jaka: «Eman diogun garrantzia eman zaio. Azken momentuan galtzen duzunean, honelako egoera batean zaudenean, min ematen du galtzeak. Atera beharreko konklusioak atera genituen, eta igandetik Jokinen eta Martijaren aurkako partidaz pentsatzen ari gara».

«ALTUNA-MARTIJA DIRA FABORITOAK»

Mariezkurrenak onartu zuen aurkariak «faborito direla txapela janzteko». Eta Jakak argi du: «Hau galduz gero, ia-ia kanpoan egongo ginateke. Ligaxka honek ematen duen komodina gastatu dugu. Bi partida geratzen zaizkigu. Gure buruan, lehenik eta behin, asteburuan irabaztea dago; gero ondorengoaz pentsatzen jarriko ginateke. Asteburu honetakoa final bat da».

Aspeko bikotean, Martijak badaki igandean ez duela aurkaririk erosoena izango atzeko koadroetan, baina «ohituta nago honelako partidak jokatzen. Ongi nago, konfiantzarekin. Ez dugu inolako arazorik, eta ahaztuta dugu azken partida. Nik, behintzat, gogo handia dut partida jokatzeko».