Alaia SIERRA
GASTEIZ

«Organo bat emanez bizi bat salba daitekeela erakutsi nahi dugu»

Gasteizko Alde Zaharreko Vinylora disko-dendako «Txiki» eta Nagel Nalda anaiek denda itxiko dute datozen egunotan. Arrazoia biei egingo dieten ebakuntza da, anaiak Nageli bere giltzurrunetako bat emango dio eta. Osasun publikoaren garrantzia azpimarratu dute, baita ematearen keinuak asko lagun dezakeela ere.

Nagel Nalda, giltzurrunaren hartzailea, eta «Txiki» Nalda, emailea, dendaren atarian.
Nagel Nalda, giltzurrunaren hartzailea, eta «Txiki» Nalda, emailea, dendaren atarian. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Sare sozialen bitartez jakinarazi zuten Angel Txiki eta Nagel Nalda anaiek Vinylora disko-denda zer dela-eta egongo den itxita aste batzuez: giltzurrunetako arazoak dituen Nagelek organo berria jasoko du, anaiaren eskutik, gaur.

Batetik, itxierari buruz «azalpenen bat» eman behar zutelako eman zuten horren berri, kontu pertsonalak kontatzea gustuko ez badute ere. Bestetik, «jendeari organoak eman daitezkeela eta norbaiten bizitza salba daitekeela erakusteko» zabaldu zutela adierazi zion Nagel Naldak GARAri.

Nagelekin ados, Txiki-k transplante bati buruz pentsa daitekeenaren eta benetan denaren arteko desberdintasuna nabarmendu zuen. «Nire ebakuntza, adibidez, ez da oso inbaditzailea, laparoskopia bidez egiten delako», azaldu zuen. Zailena giltzurrun bakar batekin bizitzen jakitea dela gehitu zuen, nahiz eta «horrek ez duen asko eragiten, giltzurrun batekin primeran bizi daitekeelako».

Anaia hartzailearen ebakuntzak sendatze luzeagoa eskatzen du, baina familian ohikoa da eritasun hau eta transplantera heltzeko prozesua duela bost urte hasi zen. Emailea izango denak zuzenean aurkeztu zuen bere burua eta, ordutik, bateragarritasuna aztertzeko analisiak eta proba psikologikoak egin dizkiote.

Bizirik egonda organoak emateko aukeraz eta garrantziaz kontzientziatzeaz gain, osasun publikoaren garrantzia nabarmendu nahi dute. Prozesuan zailtasunik topatu ote duten galdetuta, «kontrakoa» izan dela esan du Txiki-k. Gurutzetako eta Zumarragako ospitaleetako langileei, bereziki, eskerrak ematen dizkiete.

«Gaur nire txanda da, baina beste batean edonorena izan daiteke», ohartarazi zuen Nagelek. «Hildako baten organoak aprobetxa daitezkeela badakigu, baina batzuek flipatu egiten dute ez dakitelako bizirik egonda egin daitekeela eta askoz hobea dela hartzailearentzat. Eta sakrifizioa... ostegunetik aurrera Txiki-k esango du, baina ez da hainbesterako».