GARA
IRUÑEA

0-3 plataformak bi urteko gelak haur eskoletan mantentzea exijitu du

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak datorren ikasturtean bigarren zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan 2 urteko gelak sortzeko hartutako erabakiak haserre handia sortu du 0-3 Plataforman. Hala, haur-eskola gehienetako hezitzaileak biltzen dituen plataformak uste du neurriak «galera handia» dakarrela haurrentzat.

Nafarroako Parlamentuaren aurrean eginiko elkarretaratzean, plataformako bozeramaileek Nafarroako Gobernuari eskatu zioten «erabil ditzala Europako funtsak 0-3 ziklo oso, unibertsal eta doakoa bermatzeko beharrezkoak diren haur-eskola guztiak eraikitzeko, kudeaketa-eredu komun batekin eta arrazoizko ratio batzuekin».

Gainera, Carlos Gimenoren Departamentuari exijitu zioten «alde batera utz ditzala lardaskeriak eta adabakiak, horiek galera dakartelako nafar guztientzat baina, batez ere, 2 urteko haurrentzat».

Hala, Gimenori eskatu zioten «plaza berriak sortzeko, Europako funtsak iristea ez dela nahikoa hezkuntza-etapa bat hausteko. Bere gaitasun ezaren eta ohitu gaituen 0-3arekiko mespretxuaren beste adibide bat dugu hau».

Izan ere, «kalitatezko hezkuntza eskaintzea» oztopatzen duen «arazo nagusia» gehiegizko ratioak direla nabarmendu zuten. «Baina ziklo honetan konpondu beharreko arazoak gutxi ez baziren ere, Hezkuntza Departamentuak are gehiago zaildu nahi du; zikloa apurtzeko lanean ari direla jakin dugu», adierazi zuten.

«Antzeko erabakia hartzen duen edozein administrazio publikok, hezkuntza-komunitatea kontuan hartu gabe, esku artean duenari buruz duen arduragabekeria eta ezjakintasuna erakusten du», azpimarratu zuten.