GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevista
Jon Pazos eta Beñat Uribe
Xuharren aita eta Xuhar herri plataformako kidea

«Erkorekaren adierazpenek mina egin digute; zer esanik ez Xuharri»

Josu Erkorekak, asteartean, Ertzaintzak larri zauritutako Xuharri biktima izaera ukatu eta istiluen erantzuleen artean kokatu zuen. Atzo, Jon Pazos (Xuharren aita) eta Beñat Uribe (Xuhar herri plataformako kidea) NAIZ Irratian izan ziren, Segurtasun sailburuaren adierazpenak baloratzen eta gaztearen egoeraren berri ematen.

(Gorka RUBIO | FOKU)

«Tamalgarria eta kezkagarria». Modu honetan definitu zuen Jon Pazosek, Ertzaintzak Tolosan larriki zauritutako Xuhar gaztearen aitak, Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak astearte honetan egin dituen adierazpenak, non, plataformako Beñat Uribek gogora ekarri zuenez, «irribarre batzuk tarteko, errudun izaera jarri zion biktima bati».

NAIZ Irratian izan ziren Pazos eta Uribe atzo. Gaztearen aitak azaldu zuen nola dagoen Xuhar: «Begian kalte oso handia dauka, oso zauri handiak dauzka». Horrela, ebakuntza «ondo» atera zela adierazi arren, nabarmendu zuen gaur egun begi horretatik ez duela ikusten.

«Itzalak, siluetak, bai. Baina aurrean jarrita ez nau ezagutzen. Psikologikoki, aita bezala, gogorra. Esaten dit ‘aita lasai, ondo nago’. Lagunek indar handia ematen diote, burua distraituta dauka. Baina gauak ez dira oso onak. 16 urte dauzka, dena kolpez moztu zaio, bere afizioak ezin ditu egin. Hori asimilatzea psikologikoki kostatzen ari da eta luzerako doa», kontatu zuen Pazosek.

Mina, baina, handituz joan da eta Segurtasun sailburuaren jarrerak areagotu egin du. «Momentuan deitu zidan Xuharrek telefonoz. Lurrera erori nintzen, blokeatuta geratu nintzen. Ahal nuenean indarrak berreskuratu nituen, galdetu nion norekin zegoen eta lagun batekin zegoen. Eskerrak. Berak atera zuen handik, anbulantzia deitu. Erkorekak esaten zuen Ertzaintzak ez zekiela Xuhar zauritu zuenik, baina bai lagundu egin zuela. Baina ez, lagunak egin zuen. Inongo ertzainek ez zion lagundu. Erkorekak esan zuen ‘socorro en auxilio’, zero», salatu zuen Pazosek.

Horregatik, Erkorekaren jarrerari «tamalgarria eta kezkagarria» deritzo. «Segurtasun sailburu den pertsona bat, arduratu beharrean nola dagoen nire semea, zer gertatu den, nire semea sartu nahi du beste istilu batzuetan. Familiari ez deitzea, ez gerturatzea, daukan karguarekin. Eta, aldiz, beste adierazpen hori egiteak min handia egin du; niri eta, zer esanik ez, Xuharri», adierazi zuen.

UMILIAZIOA

Uribek sortutako sentimenduak izan zituen hizpide, eta behin baino gehiagotan errepikatu zuen «umiliazioa». «Zaurgarri eta umiliatu sentitu gara. Parranda kontestuan zegoen, ez inolako sesioan, ezta ingurua ere. Ertzaintzak bere esku-hartzea justifikatzen du tabernako istilu batean, orain politikoki lokaztu nahi izan dutena. 16 urteko gazte batek pelotazo bat jaso du begian, hor dago zaurgarritasuna. Parrandan ateratze hutsa arrisku bat da. Segurtasuna bermatu behar duten horiek bihurtu gaituzte zaurgarri. Instituzio batek babestu behar gaitu zaurgarritasun horretatik, baina umiliatzen zaitu erasotik hogei egunera pelikula bat kontatuz», esan zuen.

Hala, Erkorekaren adierazpenak gaitzetsi zituen: «Errudun izaera jarri biktima bati, irribarre batzuk tarteko. Oso larria da. Umiliatuta sentitzen gara».

Sentimendu hori Villabonako udalbatzan errepikatu zen, non EAJko zinegotzi batek ordura arte ezezaguna zen informazioa eman zuen, gertatutakoa salatzen zuen mozio bati ezezkoa emateko. Hurrengo egunean, “Diario Vasco” egunkarian xehetasun gehiago filtratu ziren. «Segurtasun Sailak egin behar du hori», azpimarratu zuen plataformako kideak.

EZ DA KASU ISOLATUA

Tamalez, Xuharrek pairatutakoa ez da kasu isolatua izan Euskal Herrian azken asteetan. Ertzaintza Martxoaren 3ko mobilizazioan ere oldartu zen, eta atzo jakin zen pertsona bat ebakuntzaren zain dagoela, masailezurra hautsita. Donostian ere 44 urteko emakume bat ospitalean dago, foam jaurtigai batek sortutako garuneko barne hemorragia bat dela-eta.

«Azken 25 egunek argi jarri dute Poliziaren jardunbidea zein den. Kontestua dena dela ere, jokabidea berdina da: foam jaurtigaiak jaurtitzea», adierazi zuen Uribek.

Tolosako karga gertatu eta ordu gutxira Erne sindikatuak Esan eta Siperekin batera ateratako komunikatua ere izan zuen gogoan, non Ertzaintzaren jardunbidea txalotzen zen: «Horrek erakusten du Segurtasun Sailak Ertzaintzarekiko daukan kontrola. Jende horrek jartzen dizkio pilak Erkorekari eta hori oso larria da».

Xuharrek pairatutako foam pilotakada epaitegietan dago. Pazosek kontatu zuenez, abokatuaren esku dago bide judiziala eta oraingoz ez dute inolako berririk.

«Gauzak aldatzeko eta indarkeria poliziala salatzeko», martxoaren 16ko goizerako mobilizazioa deitu dute Tolosan: «Euskal jendartea osotasunean deitu nahi dugu. Denoi dagokigu erantzun bat ematea, Tolosan esatea hau ez dela gure Polizia eta lotsagarria dela gertatzen ari dena».