Jon ORMAZABAL
ZESTA PUNTA

Jai Alai Leaguek txapelketak ugarituta urte osoko egutegia osatu du

Bilbo indarrez sartuko da Iron Cup torneoarekin eta Gasteizek, Zumaiak, Markina-Xemeinek eta Lekeitiok ere euren lehiaketak izango dituzte.

Aritz Erkiaga izango da Jai Alai Ligako izar handienetako bat.
Aritz Erkiaga izango da Jai Alai Ligako izar handienetako bat. (Oscar MATXIN_EDESA | FOKU)

Estatu Batuek urte osoan zehar lehiatzeko aukera eskaintzen zuten eta, Miamiko azken pilotalekua itxi zenetik, horrexen falta sumatu dute gehien puntistek. Aldarrikapen horri erantzuteko asmoz, Jai Alai Leaguek bere eskaintza ugaritu du eta kirolariek jarraitutasun batekin lehiatu ahal izango dute, urtaro bakoitzean kalitatezko txapelketak izanda. Liga aurkeztu eta urtebete eskasera, lau txapelketa izatetik hamahiru izatera jauzi egin du; Bilbo, Gasteiz, Zumaia, Markina-Xemein eta Lekeitio batu dira; Iparraldeko txapelketak bikoiztu egin dira eta urte honetan bertan egoitza berriak gehitzeko aukera zabalik dago, Nafarroa izanik aukera nagusietako bat.

Bere lehen urtean, lau txapelketa nagusik eta Durangoko Final Fourrak osatu dute Jai Alai League-a. Txapelketa horiek Eusko Label Winter Seriesa, Biarritzeko Urrezko Xistera, Donibane Lohizuneko Nazioartekoak eta Paueko Kopa izan dira. Aritz Erkiagak eta Gorka Sorozabalek jantzi zuten, urrian, liga honetako lehen txapela.

Bigarren denboraldi honetan, lau txapelketatik hamahirura pasatu dira, bi mailatan banatuta. Slam mailakoetan; Donibane Lohizuneko Cesta All Star, Bilbao Iron Cup, Markina-Xemeingo Grand Slama eta Gernikako Grand Slama (udakoa) dira berritasunak. Masters kategorian; Gasteiz, Zumaia, Lekeitio, Paueko Cesta de Nadau txapelketa eta Biarritzeko Nazioarteko Opena batu dira ligara.

BILBOKO APUSTUA

Egoitza berri hauen artean, Bilbokoa da apusturik handienetako bat eta Bizkaiko hiriburuak Slam mailako txapelketa handi batekin egingo du debuta; Bilbao Iron Cup, maiatzaren 10ean hasi eta ekainaren 7ra bitartean, bost ostiral segidan hiri erdian kokatutako Deportivo pilotalekuan.

«Urrats garrantzitsua da pilotari eta zaleentzat, baita babesleentzat ere. Garrantzitsua da jendea zesta-punta urte guztian zehar ikustera ohitzea. Pilotarientzat errazagoa izango da sasoiari eustea eta pilotari gazteei ere aukerak emango dizkiegu lehiaketan euren tokia egin dezaten eta ikus dezaten onenekin jokatzeko aukerak dituztela. Azkenean txapelketa hauekin guztiekin 100dik gora izango dira jokatuko diren partidak», azaldu zuen Frederic Cadet, Biarritz, Donibane Lohizune eta Paueko frontoietako ordezkariak.