09 MAR. 2024 KOLABORAZIOA Bagara, eta izango gara Ane ELORDI eta Aitziber BALANTZATEGI AEK Nor gara? Gizakiok animalia sozialak gara naturalki, eta beste batzuen beharra izan ohi dugu garatzeko. Pertsonok talde edo egitura sozial konplexuak sortu izan ditugu, elkarren artean kooperatzeko zein lehiatzeko, familiatik hasi eta talde politiko, zientifiko edo ekonomikoetaraino. Elkarrekintza horrek ohitura, erritual, herri, balio, arau eta legeak sortu ditu, zeinak gure elkarbizitzaren oinarri diren. Gizakiok, halaber, komunikazio gaitasun handiak ditugu, eta hizkuntza da, zalantzarik gabe, komunikazio sistema konplexuak geureganatu eta erabiltzeko ezinbesteko tresna: gure kasuan, euskara. Hizkuntzak hitzez osatzen dira, gu guztion hitzez, eta nor bere herrira lotzen gaituzte. Guk, euskal hiztun izan edo ez izan, berezko ekosistema eraiki behar dugu euskararen bueltan: euskal komunitatea, euskara ardatz duen taldea. Hizkuntza erreminta da komunitate hori eraikitzeko, eta sendotu egiten du norberaren identitatea; Euskal Herriko ondarea eta kultura ezagutzeko aukera ere ematen du, harreman sozialetarako eta lan mundurako ateak irekitzen ditu... Hizkuntzak aberastu egiten gaitu, mundu oso bat ezagutzeko eta horren parte izateko aukera emanda. Euskara hizkuntza, besteak bezalaxe, kultura eta mundu bat da: bertoko hizkuntza da gure kultur izaera eta, munduan, Euskal Herrian, nor izateko modua. Euskarak gure beharra du. Gizakiok beste gizaki batzuen beharra dugun moduan, euskarak euskal komunitatearen beharra du. Helburu dugu euskara indartsu sartzea herritarron nortasuna eraikitzeko bidean; euskara eragile irabazlea izatea identitatea garatzeko prozesuan. Euskarak egiten gaitu denok euskaldun, gutako bakoitza, baita gure komunitate osoa ere, herria. Orain, Euskal Herriko kaleak hartuta, harro aldarrikatuko dugu asko garela eta gogotsu gaudela oso: euskaraz harro bizitzeko herri-gogoa badela, alegia. Euskarak izan behar du etorkizuna, euskarak etorkizuna izan behar du, jendeari bizitzan ziurtasun baikorra ematearren. Geroan ere, euskara ezinbestekoa izango da herriaren eta herritarren identitatea trinkotzeko. Horregatik, euskararen biziberritze prozesuak ilusioa eta baikortasuna eragin behar ditu; ez da hau mezu goibeletarako garaia, baizik eta animorako eta ilusiorako ordua, nahiz eta badakigun oraindik asko dugula egiteko. Horretarako, era estrategikoan eta komunitarioan jokatu behar dugu: herria batuta, gogoa ardatz. Euskararentzat etorkizun hobea sustatzeko konpromisoa hartu behar dugu orain; beraz, har dezagun dimentsio orotan eragiteko engaiamendua, denok bat eginda. Mugi dezagun euskararen herria, ingurua mugiarazi arte. 23. Korrika ate joka dugu; laster hasiko gara lekukoa eskuz esku eta kilometroz kilometro eramaten, Euskal Herriko jendartea astintzen, ehunka mila lagunen bihotz taupaden maitasuna eta babesa lau haizeetara zabaltzen... Kalera atera gaitezen eta harrotasunez zipriztin ditzagun Kantauri itsaso, Arabako mahats, Bardeako buztin, Pirinioetako elur eta Meatzaldeko burdina. Ikus, senti eta entzun gaitzatela, bagarelako eta izango garelako! Harro Herri, eta gora Korrika! Gora AEK! Euskal Herriko kaleak hartuta, harro aldarrikatuko dugu asko garela eta gogotsu gaudela oso