GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Lau kilometro eta mundu bat, Labritetik Arenara

Etxeberria eta Artola, aurrez aurre. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Mapa baten gainean 4 kilometro eskas baino ez daude Iruñeko erdialdean kokatuta dagoen Labrit pilotalekutik Euskal Herriko hiriburuko aldirietan dagoen Navarra Arenara. Paseotxo bat bihurtuko den mundu bat oraintxe, Alde Zaharrean topo egingo duten Artola-Imaz eta Peio Etxeberria-Zabaletarentzat. Biek ala biek Binakakoaren finalerdiko lehen jardunaldian garaipen erosoak eskuratuta, gaur 22. kartoira heltzen denak hanka eta erdi izango du Aberri Egunean jokatuko den finalean. Galtzaileek Labritera itzuli beharko dute hurrengo astean, edo Eibarko katedraletik pasatu, txapelaren bila jarraitzeko.

Lortuz gero, lehen Binakako finala litzateke Iñaki Artola zein Peio Etxeberriarentzat; bi atzelariek, aldiz, azkenaldian ohitura bihurtu zaien lorpen bat eskuratuko lukete. Izan ere, Julen Martijaren baimenarekin, azken urteetako bi atzelaririk erregularrenak dira Ander Imaz eta Jose Javier Zabaleta. Aurreko bietan Unai Lasorekin txapelketako azken partidara helduta, hirugarrena litzateke jarraian oiartzuarrarentzat; Zabaletarentzat, berriz, bosgarrena azken zazpi urteetan, seigarrena orotara, tartean lau txapel ere jantzi dituelarik.

Dohain oso desberdineko atzelariak, bien arteko demak garrantzi handia izango du sasoi ederrean diren bi bikoteren arteko talkan. Agian aurten ez gara ikusten ari pilota ikusgarriki atzeratzen duen Zabaleta, baina bere frontis erdian jotako pilotakadek karga handia hartzen dute, eta atzelaririk sendoenak ere menderatzen ari da, erregulartasun handiarekin jokatzen duenean.

IMAZ, FRESKO

Horiexek lirateke, sendotasuna eta lehiakortasuna, Ander Imaz bi hitzetan definitzeko pilotazale ia gehienek aukeratuko lituzketen bi adjektiboak. Egia da oiartzuarrak partida luze eta gogorrei inolako beldurrik ez dien horietako bat dela, baina, ezkerrez eta airez asko hobetzeaz harago, azkenaldian oso fresko jokatzen ari da eta kolpez ere aurkaria erasan dezakeela erakusten ari da.

Baina aurrelarien lana ere funtsezkoa izango da pisu handiko garaipenaren bidean. Azken bietan, garaipenak pisurik handiena izan duten partidetan, eman du Peio Etxeberriak bere mailarik onena, partidaren zama guztia Zabaletaren bizkar uzteak onik egiten ez diela barneratu duenean. Gaur ere erasoan ardurak hartu beharko ditu, irabazi nahi baldin badute.

Iñaki Artolak, bere aldetik, ongi daki protagonista izan behar duela, partidaren erritmoa jarri beharko duela, aukerak izateko.