GARA
ARAIA

Sareren lan ildoak: salbuespenari amaiera eman eta etxerako bidea ireki

Sarek, bere bederatzigarren batzar orokorrean, «erabaki politiko ausart eta zuzenak» eskatu zituen atzo, «indarkerien zikloa itxi eta egiazko baketzea lortzeko, elkarbizitza eta konponbidea ekar ditzan». Salbuespenei amaiera eman eta presoen etxerako bidea irekitzea dituzte urteko bi helburu nagusiak.

Araian egin zuten Sareren urteroko nazio batzarra, ikasturteko helburuak adosteko.
Araian egin zuten Sareren urteroko nazio batzarra, ikasturteko helburuak adosteko. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Sarek bederatzigarren batzar orokorra egin zuen atzo Araian. Aurtengo lan ildoak zehaztu zituzten, bide-orria markatzen duten bi helburu osagarri nagusirekin: salbuespenari amaiera eman eta euskal presoak etxera itzultzeko bidea ireki.

«Indarberrituta» iritsi ziren Sareko kideak atzoko zitara; urtarrilaren 13an Bilbon egindako mobilizazio arrakastatsuaren ostean, Bego Atxa Sareko ordezkariak baikorrak direla esan zuen. «Aldarrikapen demokratikoz bete genituen Bilboko kaleak eta euskal presoei ezarritako salbuespeneko espetxe arauei bukaera emateko milaka herritarren ilusioa eta esperantza sentitu genituen».

Euskal gizartearen «zati handi batek» elkarbizitzarako duen gogo eta konpromiso gisa ulertu zuen erantzun hura Sarek. «Indarkerien zikloa itxi nahi dugu eta egiazko baketzea lortu, elkarbizitza eta konponbidea ekar ditzan, giza eskubideen eta bakearen kultura ezar dezagun. Indarkerien zikloa ez errepikatzeko benetako bermea litzateke hori».

ERABAKI AUSARTEN BEHARRA

Eta «nahi baino mantsoago» bada ere, «aurrera» egiten ari direla iritzi du Sarek. «Euskal Herriko erakunde politiko eta judizialek diseinatu eta erraztu behar dute euskal presoak etxera itzultzeko ibilbidea. Euskal gizarteak definitu behar du hauen etxerako bidea». Horretarako, baina, «erabaki politiko ausart eta zuzenak» beharrezkoak direla nabarmendu zuten.

«Horregatik, espetxe politikan eta politika judizialean salbuespeneko arauak desagertzea exijitzen dugu. Ez dira pribilegioak. Legezkotasun arrunta aplikatzea eta askatasunik gabeko pertsonei dagozkien eskubideak errespetatzea eskatzen dugu, ez besterik», berretsi zuten.

HAINBAT DINAMIKA

Atzo egin zuten nazio batzarrean, bide horretan jarraitzeko, bi lelo nagusiak mantentzea bultzatu dute: «Salbuespenen amaiera» eta «Etxera».

Sarerentzat «osagarriak» dira bi helburuak: «Salbuespenei amaiera emanez, hainbat hamarkada espetxean daramatzaten presoentzat etxera biderako ateak irekiko ditugu».

Norabide horretan eta helburu hori sendotzeko asmoz, hainbat dinamika onartu zituzten larunbatean, 2024an zehar garatuko dituztenak, Sareren jaiotzaren hamargarren urteurrenarekin batera. «Euskal jendarteari dei egiten diogu gurekin bat egin dezan eta bere eskuetan har dezan preso, iheslari eta deportatuen afera konponbidean jartzeko giltza. Denon artean badugu nahikoa indar helburu hori lortzeko: salbuespenen amaiera, legedi arrunta aplikatuz etxera bidean aurrera egin ahal izateko. Pribilegiorik gabe, baina baita salbuespenik gabe ere».