GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Altunaren GPSak txapelketatik atera du Baikoren apusturik sendoena

Jon Mariezkurrenari eskuin eskua hondatu zitzaion partida hasi eta berehala. Erik Jakak eta Berriozarkoak agur esan diote txapelketari. Emaitza honekin Peio Etxeberriak eta Jose Javier Zabaletak eskuratu dute dagoeneko finalerako txartela.

Jokin Altuna eta Julen Martija, partida amaieran, elkar zorionduz. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Kirolean, denbora luzean onena izatea ez da nahikoa izaten, gauzak erabakitzen diren garaian ordura arteko bidetik irteten bada. Eta horixe gertatu zaie azken hiru hilabeteetan bikoterik onena izan den Erik Jaka eta Jon Mariezkurrenari, hein handi batean, aurreko urteetan gertatu bezala, Berriozarko atzelariari unerik desegokienean mindu baitzitzaion bere arma nagusia duen eskuineko eskua. Beste aurkariren baten kontra gabezia horiek hobeto ezkutatu ahalko zituzten, agian, baina denbora luzean jokatu zuten aurreneko kale edo baleko partida merkatuko GPS-rik zehatzena duen Jokin Altunaren aurka jokatzea egokitu zitzaien. Amezketarrak odola usaindu zuen eta, partida distiratsua baino eraginkorragoa eginez, txapelketatik atera zuen Baikoren apusturik sendoena zen bikotea, bide batez, Peio Etxeberria-Zabaleta finalerako zuzenean sailkatuz. Beste txartela igandean banatuko da Eibarko Astelenan, eta 2022ko txapeldunek Artola-Imaz izango dituzte parean, kanporaketa zuzen baten moduko partidan.

Atzo arte, batez ere ezker reko sorbaldako eta ezkerreko eskuko lesioek eraginda, bide askoz malkartsuagoa izan du Jokin Altunak aurtengo Binakakoan, baina bidean hartu beharreko atsedenak hartu eta dena hutsetik hasten zen ligaxkara puntu-puntuan heltzeko ibilbidea prestatu du. Finalerdietako ligaxkako lehen partidan, Gasteizen, agian errodaje pixka bat faltan bota zuen bikote oso sendo baten aurka, baina atzo, bera jokoz kanpo uzteko gaitasunik izan ez zuen bikote baten aurka, nahieran ibili zen, partidaren erritmoa ezarriz eta aurkariak berak deseroso sentiaraziz.

Jokoan zegoenarengatik, tentsioagatik, edo Bizkaia pilotalekuak gehiegi laguntzen ez duelako, Miribillako kantxan zegoen giroaren pareko hoztasunez hasi zen partida. Erik Jakak lehen sakean falta eginda, pilotakadarik jo behar izanik gabe aurreratu zen Aspeko bikotea, eta Martijak lehena jo zuenerako 0-4 aurreratuak ziren amezketarra eta Etxeberrikoa. Gorrientzat txarrena, ordea, ez zen hori izan, partida hasi eta berehala Jon Mariezkurrenari pilota bat sartu zitzaion eskuineko eskuan eta partida sufrikario latza bilakatu zen Berriozarkoarentzat.

Julen Martija ere, ohi baino urduriago, pilota gozatu ezinik hasi zen, Erik Jakari errematera pasatzeko aukerak eskainiz. Baina Jon Mariezkurrenak erraz dominatu ezingo zuela igarri zionean, lasaitu eta bera min egiten hasi zitzaion, pilota atzeratzen tematu beharrean, ezker paretara ondo arrimatuz.

BALIABIDE GEHIAGO

Berriozarko atzelariaren gabeziei inork etekinik atera bazion, hori Jokin Altuna izan zen. Azkenerako Erik Jakak baino bi tanto gutxiago amaitu zituen airez, baina partidaren kontrola berea izan zen erabat. Mariezkurrena sasoi betean egongo balitz baino jokoan sartzeko aukera askoz gehiagorekin, pilotakada bakoitzari zentzua emanez eta kolpe bakoitza frontoiko toki desberdin batera bidalita, lekutik atera zituen aurkariak, eta hasieran lortutako lau tantotako alde hori arazo handirik gabe kudeatu eta handitu zituzten.

Lagunaren ezinak ikusita, saiatu zen Erik Jaka ere antzeko zerbait egiten, jokoan urrutitik sartuz Aspekoak tranpan erortzea saiatzen, baina Lizartzakoak bere atzelariaren dependentzia askoz handiagoa du tantoak amaitu ahal izateko, eta ezinezkoa egin zitzaion. Kontrara, Jokin Altuna eskuinez oso fresko ikusi genuen, pilota ondo atzeratu eta 4-8koan baita errebotean jartzen ere, eta ez dira asko Bilbon halakorik egin dutenak.

Lehen aldea tanto oso motzekin eskuratu bazuten ere -47 pilotakadekin 2-7 jarri ziren aurretik-, tantoak luzatzeak ere mesede egin zien amezketarrari eta Martija oso sendo bati; honek partidako huts bakarra 12-20koan txokoan egindako dejada bat eramaterakoan «piedre» egiteagatik -bestela tantoa berea zuen- egin zuen.

Aspeko bikoteak, batez ere Altunak, txapelketa oso bihurria izan du lesioengatik, baina txapelketaren une beroetara sasoi betean iristea lortu du eta finala urrats bakarrera dute, «etxean» jokatuko duten lehia ikusgarria.