GARA Euskal Herriko egunkaria
F LIGA

Athleticek Kopako atsekabea ahaztu zuen, Reala Kopako ilusioarekin kontsolatu zen

Zuri-gorriek markagailuari buelta eman zioten, Levanteri bigarren aldiz jarraian irabazteko. Bartzelonak aise irabazi zuen Zubietan.

Guridik Realarekin debutatu zuen. (G. RUBIO | FOKU)

Kolore ezberdinekoa izan zen Kopako finalerdietako kanporaketa Realarentzat eta Athleticentzat, eta horrela gertatu da Ligako jardunaldia ere.

Zuri-gorriek Bartzelonaren kontra Kopan sufritutako atsekabea ahaztu zuten Ligan, Buñolen markagailuari buelta emanez, hirugarren garaipena jarraian lortzeko. Eta talde donostiarrak Bartzelonaren beraren bisita tramitetzat hartu zuen, asteazkenean Reale Arenan denboraldiko partidarik garrantzitsuena jokatuko duela jakinik.

Natalia Arroyok ateratako hamaikakoan ere nabaria zen non dagoen Realaren arreta. Entrenatzaileak bere esku zeunden aldaketa guztiak egin zituen, besteak beste Uranga eta Guridi debutaria zelairatuz.

Edozein kasutan, Salma Paralluelok nola jokatu zuen ikusita, ez dirudi beste izen batzuekin partida hobeto amaituko zenik. Aragoiko aurrelariak lau gol sartu zituen -sekulakoak aurreneko hirurak-, txuri-urdinek izan zezaketen edozein aukerarekin amaituz. Baten bat izan zuten, adibidez, markagailua oraindik hutsean zegoela; Vanegasek langara bidali zuen falta. Amaiurrek berea aprobetxatu zuen azken txanpan, norgehiagoka erabakita zegoenean, benetan gol ederra sartzeko.

MERITUZKO GARAIPENA

Athleticek Kopako finalerdietako itzulia jokatuko du ostegunean, baina donostiarrentzat ez bezala zuri-gorrientzat. Atsekabea ahazteko erremediorik onena aurkitu zuten, Ligan hirugarren garaipena jarraian ospatuz. Eta ez nolanahikoa: markagailuari buelta eman zioten, Levante gainditzeko. Bi partida besterik ez dituzte galdu granotek aurten, eta biak izan dira Athleticen aurka.

David Aznarrek atzeko futbolariak mantendu eta zelai erdian freskatu zuen taldea. Athleticek ondo ekin zion partidari, joko alai eta anbiziotsuarekin, puntuen behar handiagoa duen eta aste «zuria» izan duen aurkariaren kontra. Bi taldeetako batek ere ez zuen aukera garbi larregi sortu, baina Levantek berea aprobetxatu zuen, lehen zatiaren azken jokaldian, 1-0ekoa egiteko.

Athletic jarrera berarekin itzuli zen aldageletatik eta saria izan zuen. Maite Zubietak zutoinera bidali zuen falta bat eta Azkonak aldaratzea baliatu zuen berdinketaren gola buruz sartzeko.

Hamar minutu geroago, Tarazonak langaren alboan saihestu zuen Sara Ortegaren gol olinpikoa, baina Maddi adi egon zen 1-2koa sartzeko.