GARA
DONOSTIA

«Herri bat gara, herritarron garaia da eta erabaki nahi dugu»

Herri libre bat nahi du Gure Eskuk eta horretako une egokia dela adierazi du berriki, baita datozen bi urteetara begirako plana aurkeztu ere. Xehetasunak eman zituzten NAIZ Irratian Gure Eskuko kide Josu Etxaburuk eta June Romatetek.

Josu Etxaburu eta June Romanet.
Josu Etxaburu eta June Romanet. (NAIZ Irratia)

Subiranotasunaren afera agenda politikoaren erdigunean jartzeko unea dela dio Gure Eskuk. Horretarako testuinguru egokian gaude, Josu Etxaburu bozeramaileak adierazi duenez.

Euskal Autonomia Erkidegoan kanpainaurre giroan murgilduta gaudelarik, Estatutuaren eztabaida impassean gelditu ondoren, uste dute datozen hilabeteetan, eta apirilaren 21eko hitzorduari begira, burujabetza eta estatusaren eztabaida berriz mahai gainean jarriko dela. Horretaz aritu ziren Etxaburu eta June Romatet Gure Eskuko kideak NAIZ Irratian.

Nafarroan trafiko eskumenaren transferentziaren aurkako gorenaren ebazpenaren inguruan ere mintzatu ziren Gure Eskuko kideak. Argi ikusten dute epai judizialen gainetik dagoela euskal nortasunaren afera.

Alde horretatik, Estatu espainolean lurralde eztabaida zabalduko dela aipatu izan dute alderdi politikoek, legegintzaldi berriari begira. Orain, beharbada, giroa nahasiago dago Madril aldean. Gure Eskurentzat hau hizki larriz idazteko kontua da, eta ez ahanzturan geratzekoa. Azaldu zuten ez dutela bide horretan amore emateko asmorik.

Irlandatik ere bultzada jasotzen ari da Euskal Herria, 2030a baino lehen batasunari buruzko erreferenduma gauzatuko dela ziurtzat jo baitzuen Sinn Feineko presidente Mary Lou MacDonaldek duela gutxi. Etxaburu baikor agertu zen; haren hitzetan, Irlandan posible dena, Euskal Herrian ere posible izango da, «posible egingo du euskal gizarteak» eta «hori iritsiko da».

Euskal gizarte moduan, hain zuzen ere, nahi dugun herriaren inguruan eztabaidatu eta Euskal Herria izango denaren inguruko erabakiak hartzea dagokigula uste du Etxaburuk. Horrela, Gure Eskuk, bidean arreta jarri nahi du, ez horrenbeste helmugan: «Gainontzekoa etorriko da, baina etorriko da berez».

Hala ere, Gure Eskuk sorreratik mahai gainean jarri izan duen «itsasargia» zein den ahaztu gabe egin beharreko bidea dela zehaztu zuen Etxaburuk: «Herri bat gara, herritarron garaia da eta erabaki nahi dugu»

Herri libre bat nahi du Gure Eskuk, eta datozen bi urteetan bide horretan distantzia laburtzeko asmo argia daukate. Martxoaren 2an dinamika berria aurkeztu zuten Bilboko Kafe antzokian, besteak beste, herritarrengan ilusioa piztea xede duena, Romateten hitzetan. Ohartarazi zuen Korrika eta Aberri eguna izango direla gure euskalduntasuna harrotasunez aldarrikatzeko lehen hitzorduak, baina datozen bi urteetarako ekimenez gainezka dator Gure Esku.